Albistea entzun

Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa. Ferran Pedret. PSCren parlamentaria

«Ez gara hauteskunde plebiszitarioetara jolastuko»

PSCk berandu eta lauso erantzun zuen Kataluniako auziaren inguruan. Urrun geratu dira 2012ko bozetako promesa federalistak; orain, Kanadaren edo Erresuma Batuaren gisako irtenbidea eskatzen du.
PSC

Samara Velte -

2014ko urriak 7

Eztabaida erabat polarizatuta dago Katalunian, eta ez da egoera erosoa PSCrentzat. Alderdiko diskurtso nagusia independentziaren eta azaroaren 9ko galdeketaren aurka lerratu da; are gehiago, orain, Konstituzio Auzitegiak behin-behinean geldiarazi ondotik. Independentistentzat, Madrilen ahotsa ordezkatzen dute sozialista katalanek; hala ere, ez dute PP eta Ciutadansen bando berean agertu nahi. «Bi aldeetako traidore zerrenden buruan» daude, Ferran Pedret (Bartzelona, 1979) parlamentariaren hitzetan. «Katalunian badago oinarri demokratikoekin konpondu beharreko gatazka bat, baina ezin daiteke galdeketa bat proposatu berez erreferendum bati dagokion auzi bat ebazteko, eta, gainera, itxura egin ez dagoela legezko oztoporik».

Tenkatutako sokaren erdian zaudetela diozu.

Blokeo instituzionalera heltzen ari gara. Guztiona den erakunde batek izan behar lukeen neutraltasuna arriskuan jarri dute bi gobernuek, interes politikoengatik. Katalunian bizi den edonor ohartuko da CiU eta ERC muturrerainoko tentsioa sortzen ari direla hemengo instituzioetan, gizartearen zati baten proiektuaren mende jarriz. Espainiako Gobernuaren jarrera pasiboagoa izan da: gatazka politikoari heldu beharrean, denbora igarotzen utzi du, ea horrela zerbait konpontzen den. Baina Estatuko erakundeak ere tentsioan daude, eta hori ez da ona: instituzioek berme bat eskaini behar ligukete, haien partzialtasunaz zalantza egin gabe.

Zer egin behar litzateke tentsio hori arintzeko?

Egoera baretu behar da. Alde katalanak onartu behar du alde bakarreko ekintzak kaltegarriak direla independentzia lortu nahi badute, eta Espainiako Gobernuak onartu behar du funtsean badagoela arazo politiko bat, eta herritar asko daudela haserre. Gure ustez, haserre horren kausetako askok Estatuko beste herritarrei ere berdin eragiten diete, eta aldaketarako grina hori zabalduta egongo da ziurrenik. Nolanahi ere, argi dago egoera honek ezin duela iraun. Edozein irtenbide, elkarrizketa arrazoitu eta bare baten bidez etorriko da.

Posible dela uste duzu?

Beharrezkoa denak posible izan behar du. Ez dago alde bakarreko irtenbiderik, are gutxiago gaur egungo Europa honetan. Eraginkorragoa litzateke lehenbizi adostea nola eta zein zirkunstantziatan galdetu behar zaien katalanei euren etorkizun politikoaz; horregatik nahi dugu Kanadaren estiloko lege bat. Hori gaindituta, errazagoa izango da tentsioa arintzea. Guk ez daukagu arazorik eredu federal baten abantailen eta independentziaren desabantailen inguruan eztabaidatzeko, baina horretarako beharrezkoa da galdeketa adostuta eta legearen barruan egitea.

Demagun Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak aurrera egitea erabakitzen duela, eta gobernuak galdeketa egiten duela Konstituzio Auzitegiak debekatu arren.

Generalitateak edo Kataluniako gizarte zibilaren zati batek bultzatutako galdeketa egingo balitz, oso zaila litzateke hurrengo eguneko egoera kudeatzea, gizartearen beste zatiak ez liokeelako zilegitasunik aitortuko. Eta hori kosta ahala kosta saihestu nahi dugu. Herrialde honetan asko kostatu zaigu elkarrekin bakean bizitzea, eta ez dugu arriskuan jarri nahi.

Galdeketa sinboliko batek ez du balio?

Auzi batzuek, euren izaeragatik, berme demokratiko guztiak eskatzen dituzte. Eta hau ez da aldarrikapenerako kontsulta hutsa: galdetuz gero, ondo egin behar da, eta horretarako tresna egokiena erreferendum bat da. Egia da katalan askok nahi dutela beraiei galdetzea, eta azkenaldian inkesta horiek erabiltzen dira galdeketa justifikatzeko:«Katalanen %80 daude kontsultaren alde». Jakin nahi nuke zenbatek nahi luketen legezko bermerik eta akordio politikorik gabeko galdeketa batean parte hartu; besteak beste, UDC eta ICVren barruan.

Gerta liteke, halaber, blokeo egoera horretatik ateratzeko, Kataluniako Gobernuak hauteskundeetara deitzea. Kasu horretan, zer egingo luke PSCk?

Bere nazio aniztasuna aitortzen duen Espainiako Estatu federal baten alde egiten dugu, eta hori izango da gure proposamena lurralde auziari dagokionez. Ez zaigu ona iruditzen bi urtetik behin hauteskundeak egitea, ezta haiek helburu bakarra izatea ere; izan ere, herrialde honetan energia asko desbideratzen ari da helburu horretara, gauza garrantzitsuagoak ahaztuta. Ez dugu aurreratutako hauteskunderik desio, eta ez dugu bandoen karta jokatuko; alegia, ez gara plebiszitarioetara jolastuko. Bozak deitzen badituzte, guk gure programa eta hautagaiak aurkeztuko ditugu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.