Albistea entzun

Uste ezkorra ezabatu nahian

Uhin elektromagnetikoak kaltegarriak izan daitezkeela eta, kezka bada. Erik Agirre ingeniariak ikerketa bat egin du; lorturiko emaitzen arabera, uhinak ehunak berotzera irits daitezke soilik.
Debaldeko wifi zerbitzuaren berri emateko ikur bat.
Debaldeko wifi zerbitzuaren berri emateko ikur bat. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Arkaitz Almortza Muro -

2015eko otsailak 1

Ikusezinak dira, baina haien beharra du egungo gizarte modernoak. Edonon daude, bai naturan, baita teknologia berrietan ere. Eguzkia, esaterako, uhin elektromagnetikoen iturria da. Gizakia, beste gauza askorekin egin duen bezala, naturan oinarritu da, haren mesederako diren baliabideak sortzeko; eta uhin elektromagnetikoak egiten ikasi du, hamaika alorretan erabiltzeko, besteak beste, komunikazio sistemetan: wifian, bluetoothean, sakelako telefonoetan, irratian edo telebistan. Horiek guztiek bi punturen artean informazioa partekatzeko gaitasuna dute, inolako kontaktu fisikorik izan gabe. Hori dela eta, teknologiok asko erraztu dute gizakiaren bizimodua; haatik, hainbeste uhin elektromagnetikoen artean bizitzeak kezka eragin du gizartean, osasunean izan dezaketen eraginarengatik. Galdera horiei erantzuteko helburuarekin, Erik Agirre Gallego zientzialari nafarrak ikerketa bat egin du, eta, lortu dituen emaitzen arabera, uhinak ez dira kaltegarriak izatera iristen.

Aspaldikoa da uhin elektromagnetikoek sor dezaketen eraginaren inguruko eztabaida, eta horrek bultzatuta ekin zion ikertzaile gazteak bere doktoretza tesiari. «Gaia oso erakargarria iruditu zitzaidan. Askotan entzun dira uhin elektromagnetikoekin kexu direnen ahotsak; hori dela eta, uhinek benetan pertsonengan sor dezaketen eragina aztertu nahi izan nuen. Gainera, simulazio teknika erabiliz, oso erronka polita izan zen gizakiaren gorputza irudikatzea eta ikerketak baliabide horrekin egitea», esplikatu du.

Aurrera eraman duten ikerketa eremu handi eta konplexuen azterketa dosimetrikoan oinarritu da —ehunek eta materiek erradiazio ionikoaren aurrean emandako denboran xurgatzen dituzten dosien kalkulua— , eta, horretarako, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan espresuki garatu duten simulazio tresna bat erabili dute: 3D izpien trazadura programa. Lan horiek egiteko, giza gorputzaren eredua irudikatu dute hiru dimentsiotan, bai ehunak imitatuz, bai gorputzaren morfologia; betiere simulazio kodeak dituen mugen barruan: «Tresna horri esker, neurketa dosimetrikoak egin daitezke, eta uhin elektromagnetikoen aurrean aholkatzen duten mugekin alderatu», azaldu du Agirrek.

Ikerketa laneko entseguak NUPeko laborategietan, autoetan eta hegazkinetan egin dituzte. Zehaztapena egin du ikertzaileak: «Berez, guk ez dugu egin neurketarik hegazkinen barruan, baina jakin badakigu hegazkinean antena batzuk jarrita zer-nolako eragina izan dezaketen uhinek barruan doazen bidaiariengan».

Gorputzean eragina

Uhin elektromagnetikoen alorrean, bi mota bereiz daitezke: ionizatzaileak eta ionizatzaileak ez direnak. Lehenak, X izpiak edo gamma izpiak izan daitezke, eta materia ionizatzeko gaitasuna dute; horrenbestez, osasunarentzako kaltegarria izan daiteke horien aurrean denbora luzea ematea. Ionizatzaileak ez direnak, komunikazio sistematan erabiltzen direnak dira, eta Erik Agirrek bere doktoretza tesian horiek ikertu ditu; materian beroa sortzeko gaitasuna dute, eta, horrenbestez, ehun biologikoetan ere bai; betiere, uhinen igortze potentzia nahikoa handia bada. Horiek energia garraiatzen dute puntu batetik bestera, eta, ehun biologikoarekin kontaktua dutenean, energia hori berotasun bihurtzen da. «Hauxe izan da zientziak egun frogatu ahal izan duena, hamaika ikerketa lan egin ostean: zer-nolako eragina duen pertsonengan, uhinen aurrean denbora jakin bat ematen dutenean», azaldu du. «Tesiaren helburuetako batek dio sistemak, baldintza normaletan lan eginez gero, oso urrun egonen direla kaltegarriak izaten hasten diren unera iristeko».

Ikerketa lana egin ostean, hainbat ondorio atera dituzte. Alde batetik, simulazioak egiteko beharra aldarrikatu dute: «Iristeko edo ikusteko gai ez garen eremuetan zer gerta daitekeen ikusteko aukera ematen dute; azterketak egiteko modua ere asko errazten dute». Beste alde batetik, argi du Agirrek: «Sistema ezberdinek adierazi dute, baldintza normaletan, uhin elektromagnetikoek ez dituztela gainditzen, kaltegarriak izateko mugak». Horiek horrela, Agirreren arabera, oraingoz, behintzat, ez dago zertan kezkatzerik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea. ©Euskalgintzaren Kontseilua

Betetzeko dago oraindik ere Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea

Julen Otaegi Leonet

Onartu zenetik aldaketak izan dira katalogoetan eta programazioetan, baina, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, oztopoak daude hizkuntza gutxituen presentzia biderkatzeko bidean. Plataformek «urratsak» egitea galdegin du.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

LAB, ESA, UGT, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, atzo, otsailaren 15eko greba iragartzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Hiru greba eta hamaika mobilizazio: Nafarroa, marea zuri baten atarian

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, batetik, eta SATSEk, bestetik, lanuzteak antolatu dituzte datozen asteetarako. Sindikatu Medikoa eta Nafarroako Gobernua, ados jarri ezinik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...