Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: atarikoa

Igotzaileentzat, paradisua

Bihar hasiko da Euskal Herriko 55. Itzulia, Bilbon, eta, ibilbideari beste bihurritu bat emanda, Arrateko amaiera klasikoaz gain, gogorrak izango dira Zumarragan eta Aian amaituko diren hirurak
Tropela, luze-luze eginda, iazko Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan, Eibar eta Markina-Xemein artekoan, Muniketan gora.
Tropela, luze-luze eginda, iazko Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan, Eibar eta Markina-Xemein artekoan, Muniketan gora. ALFREDO ALDAI / EFE

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 5
Igo nahi ez duenak hobe izango du dortsalik ez jarri, aldapa motz eta gogorrak salbu, beste ezer askorik gehiago ez daukalako 55. Euskal Herriko Itzuliak. Bihar hasiko da, Bilbon, Bizkaiko hiriburuan bertan amaituko den etapa motz eta urduriarekin. Eta larunbatean amaituko da, Aian, 18,3 kilometroko erlojupeko gogorrarekin. Bost eguneko tartean, 33 mendate puntuagarri: lehen mailako sei, bigarren mailako hamabost, eta hirugarren mailako hamabi. Eta larunbateko erlojupekoko bi igoera gogorrak gehitu behar zaizkio ibilbide horri. Horixe dauka Euskal Herriak, mendate asko eta asfalto pixka bat botata txukundu daitezkeen nahi adina baserri bide.

Ikuskizuna lehenetsita, azken urteotan antolatzaileek asmatu egin dute errezeta horrekin, eta aurten beste bihurritu bat eman diote jada urduria, gogorra eta ikusgarria izan ohi den ibilbideari. Zailtasuna epaitzen hasita, galdera ikurra dauka gainean biharko etapak, ikusi egin beharko delako Gangurengo igoera bikoitzak triskantza eragingo duen edo ez. Lezamatik igoko dute lehenengo Ganguren, eta Galdakaotik gero. 13,5 kilometro daude mendiko pankartapetik helmugara, aldapa behera gehienak.

Esprinta beharko luke etzikoak, Gasteizen amaituko denak, nekez egingo dutelako minik Urduñak (1) etapa hastearekin batera, Gesaltza Añanako gainak (3), San Martin Zarrek (3), Zaldiaranek bi aldiz (3) eta Gasteizko gainak (3). Igoera etzanak dira gehienak, eta, ezuste handirik ezean, talde handi baten esprinta eskainiko du bigarren etapak. Azken hiru urteotan Orica nagusitu da Gasteizen, Daryl Impeyrekin bi aldiz eta Michael Matthewsekin iaz, eta bertan izango dira biak ala biak. Neil Stephensek, Oricako zuzendariak, aurkezpenean abisua eman zuen jada eta kontuz eurekin, aurrekoetan ez bezala aurten sailkapen nagusiari begira ere lan egingo duten arren.

Asteazkenetik larunbatera, berriz, jai izango dute garapen altuak mugitu zaleek, esprinterrek eta gainerakoek. Iragan hurbilean ikuskizun handia eskainitako ibilbideak dira denak, zaleak errepide bazterretara gerturatzen dituzten horietakoak. Gasteizen hasiko da hirugarren etapa, eta, Arabatik Nafarroarako bidean Azazeta (2), Iturrieta (1) eta Urbasa (1) igo beharko dituzte lehen erdian. Lizarrusti eta Urkillagatik (2) barrena iritsiko da tropela Lazkaora, eta Gabiria (3) igoko dute lehenengo, Ormaiztegitik gora. Sua pizteko modukoa izango da, berriz, azken 35 kilometroetako gorabehera etengabea. Helmugara iristeko 31 kilometro falta direla igoko dute, lehen aldiz, Antiguako gaina (2), 2,5 kilometro eta %9,6ko batez bestekoa daukan aldapa —%30etik gertuko zatiak ere badauzka tartean—. Zumarraga, Urretxu eta Legazpi igarota, Atagoiti hirugarren mailakoa igoko dute, eta Gabiria eta Ezkiotik barrena, Antiguako pareta izango dute, berriz ere, parez pare. Hiru kilometro eskas daude gainetik Zumarragako helmugara.

Joaquim Rodriguezek, Chris Hornerrek, Andreas Kloedenek eta Samuel Sanchezek erakutsi zuten 2011n segundoak irabazteko moduko igoera dela Antiguakoa. Eta zer esanik ez hurrengo egunekoa, etapa klasikoetako bat, Arrateko gainean amaituko dena. Amaiera motz eta gogorren aldean, igoera ohikoagoa da Arratekoa. Bost-hamar txirrindulariko taldetxo bat sailkatzen du, normalean, baina gorputzak egurtuta iritsiko dira bezperatik, eta bi etapa erabakigarriak izango dituzte zain gero, ostiral-larunbatean. Asentzio (2), Karabieta (2), Izua (1), Gontzagaigaina (3), Urregarai (3) eta Pinares (2) igo beharko dituzte Usartzako (1) azken aldapari ekin aurretik.

Eibar eta Aia lotuko ditu ostiraleko etapak. Asteasutik barrena Andazarrate igota iritsiko da tropela Aiara, eta azken 43 kilometroetan bi zirkuitu izango dituzte Aia eta Orio lotuz. Tartean, bi aldiz igoko dute Aritzmendi baserritik gora dagoen aldapa motz baina gogor-gogorra, helmugara bidean azkena. Bezperako etapako azken 18,3 kilometroen berdin-berdina izango da larunbateko erlojupekoa, Aiatik Oriora arteko hamar kilometroko jaitsierarekin hasi, eta bi igoera tenterekin amaituko dena.

Quintanari begira denak

Ibilbideak daukan aldapa festarekin, tropeleko igotzailerik finenetako bat da itzulia irabazteko faborito argia: Nairo Quintana (Movistar). Kolonbiarrak oso talde indartsua izango du inguruan, eta onartu du «gustukoa» duela Euskal Herriko Itzulia. Michal Kwiatkowski munduko txapeldunak ere (Etixx) begiz jota dauka itzulia. Alberto Contadorrek (Tinkoff) gaina hartu zion iaz, eta arantza hura ateratzeko erronka dauka aurten. Izar festaren erdian, hamahiru euskal herritar izango dira irteeran, Mikel Nieve (Sky) buru dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna