Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Burua nagusitu zaio bihotzari

Publizitatea

Kirola

Burua nagusitu zaio bihotzari

Michal Kwiatkowskik irabazi du Milan-Sanremo, Peter Sagan azken hamar metroetan pasatuta
Michal Kwiatkowski, erdian, Sanremoko helmugan lehenbizi sartzen. Ezkerretara du Peter Sagan, eta eskuinean Julian Alaphilippe.
Argazkia: DARIO BELINGHERI / EFE

2017-03-19 / Imanol Magro Eizmendi

2017a urte ona izango da Michal Kwiatkwoskirentzat (Sky). Hasi, behintzat, primeran hasi da, eta lasai lehiatu daiteke aurrerantzean. 2014an munduko txapeldun izan zenetik makina bat komeria igaro ditu, baina azken asteak aspaldiko gozoenak izan dira harentzat. Duela hamabost egun, Strade Bianche irabazi zuen, eta atzo Milan-Sanremo (Italia). Azti irabazi ere, Peter Saganen (Bora) erasoa baliatu baitzuen hura azken hamar metroetan pasatzeko.

Egutegiko proba luzeena da classicissima (291 km.), eta, hala ere, helmugako zuzenguneko azken gerri kolpean erabaki zen. Ohikoa denez, Poggion gora hautsi zen lasterketa, helmugatik sei kilometrora. Mundu guztia begira izan arren, Saganek jo zuen erasoa. Julien Alaphillippek (Quick) eta Kwiatkwoskik eutsi zioten bakarrik munduko txapeldunari. Ordura arte Sky taldeak jarri zuen erritmoa gorantz, poloniarra ondo zegoen seinale.

Jakina da Sagan ausarta dela, eta aurrera jarraitu zuen eskuzabal. Poggio gainean hamabost segundoren aldea zuen hirukoteak, eta tropeltxoak ia ezinezko zuen haiek harrapatzea. Kwiatkowskik gorriak ikusi zituen beherantz, eta, Alaphillipperen arrastoarengatik ez balitz, ez zatekeen Saganekin batera iritsiko.

Esloveniarra zen hirukoteko indartsuena, eta urrun hasi zuen esprinta. Nagusitasunez gailenduko zela zirudien, baina, ez zuen kalkuluan asmatu, eta Kwiatkowskik azken metroetan pasatu zuen. Burua hotz izan zuen, eta Saganen bihotza baretu zuen; hark helmuga pasatu eta berehala zoriondu zuen irabazlea; bigarren aldiz izan da bigarren Sanremon.

Bestalde, nabarmentzekoa da Julen Amezketa (South) euskal parte hartzaile bakarraren lana. Lizarrako gazteak 200dik gora kilometro egin zituen ihes eginda beste bederatzi txirrindularirekin.

Alfredo Binda saria eta Volta

UCI World Tourra ez da Italiatik aterako, gaur Alfredo Binda saria jokatuko baita, emakumezkoen UCI World Tourreko hirugarren proba (13:30). Tropeleko txirrindulari onenak ariko dira. Bihar, berriz, gizonezkoen UCI World Tourreko bederatzigarren lasterketa hasiko da, Kataluniako Volta. Chris Froome (Sky), Alberto Contador (Trek), Vincenzo Nibali (Astana) eta Alejandro Valverde (Movistar) ariko dira, besteak beste. Euskal txirrindularien artean, Mikel Landak (Sky) du nabarmentzeko aukera handiena.

Publizitatea

Sortu kontua
Imanol Magro Eizmendi Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Publizitatea