Albistea entzun

Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa. ANALISIA

Madril-Bartzelona-Bilbo

Iñaki Petxarroman -

2014ko urriak 1

Azaroaren 9ko galdeketarako kanpaina bertan behera utzi du Kataluniako Gobernuak, behin-behinean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia dela eta, zuhurtziaz jokatzea hobetsi du Artur Masek, eta jarrera horrekin bat datorren delibero bat hartu du. Izan ere, prozesuak berme demokratiko guztiak izateko baldintza jarri dio presidenteak bere buruari, eta nabarmena da Konstituzionalaren debekuak ataka zailean jarri duela Masen gobernua baldintza horri dagokionez.

Generalitateak badaki, Katalunian ez ezik, nazioartean ere —eta bereziki Europan— jokatzen ari dela norgehiagoka hau, eta demokraziaren eta legearen errespetuan fintasun bereziarekin jardun nahi du. Izan ere, Espainiak horren gabezia egotziko dio etengabe, herenegun Mariano Rajoyk galdeketaren aurkako helegitea aurkeztu zuenean erakutsi zuen bezala. Masek ez du nahi amarru horretan harrapatuta geratu, eta prozesua amildegitik behera botatzearen erantzukizuna, norbaitek izatekotan, Madrilek izatea ziurtatu nahi du.

Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) baiezkoaren aldeko kanpainari ekin dio elkarretaratze jendetsuetan, eta gobernuak ere galdeketa egiteko asmoa berretsi du, baina Auzitegi Konstituzionalaren baliogabetzeari jarritako helegiteetan jarri du orain begirada. Ez dirudi erraza Auzitegi Konstituzionalak helegite horiei erantzutea galdeketa egin ahal izateko epeen barruan, gauza batzuetarako bakarrik aritzen baitira bizkor Espainiako auzitegiak.

Galdeketaren aldeko alderdien arteko batasunak sendoa dirudi, eta alde horretatik pitzadurarik izatea zaila da. Katalunian ondo dakite partida hau irabazteko ezinbesteko baldintza dela amaieraraino batera iristea, eta aukera hori behintzat ez dute hain erraz galtzen utziko.

Horiek hala, partidaren hurrengo zatira hurbiltzen ari da Katalunia, ANCren burujabetza prozesuaren bide orrian zehaztutako hirugarren fasera, alegia. «Bozkatzeko baldintza demokratikorik ezean», galdeketa bertan behera utziko lukete, eta hor zabalduko litzatekeen testuinguru horretan plebiszitu izaerako hauteskunde batzuetara deituko luke Generalitateak. Kataluniako Parlamenturako hauteskundeei eguna jartzea presidenteari dagokio, eta, beraz, Madrilek zaila du hori galaraztea.

Boz horiek independentzia lortzeko trikimailu bat direla ebatz lezake Madrilek, eta haien aurka egin, partida erabat baldintzatuko lukeen estrategia bat martxan jarrita: Kataluniako autonomia baliogabetzea. Muturreko erabaki horrek aurreikusi ezinezko ondorio larriak izango lituzke, eta ez bakarrik Katalunian.

Nazioartearen aurrean Espainia gehien legitimatzen duten kontuetako bat da Kataluniaren autogobernua, eta, hori gabe, zailagoa litzateke Espainiako Gobernuaren jarrera justifikatzea.

Bidenabar, autonomiaren baliogabetze horrek ondorio handiak lituzke autonomien estatu ereduarentzat ere, eta Hego Euskal Herria zipriztin lezake, esate baterako. Ildo horretan, azpimarragarria da euskal erakunde eta eragileen artean Kataluniarekin nagusitu den ikusle pasiboaren papera. Elkartasun internazionalistagatik ez ezik, interes nazionalarengatik ere modu aktiboago batean babes lezakete hango prozesu politikoa, Kataluniatik Euskal Herrira askotan eta hainbat gairengatik iritsi izan den elkartasun beroari erantzunda. Jarrera uzkur horrek begirada luzearen perspektiba galtzen lagun dezake. Madrilek badaki Katalunian jokatzen ari den norgehiagokaren jarraipena, etorkizunean, Bilbon joka daitekeela, eta Madril-Bartzelonaren emaitzak baldintzatuko duela. Hemen, oraingoz, ez dirudi hain garbi ikusten denik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Irango protestei elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat, joanden azaroan, Australiako Parlamentuaren parean, Canberran. ©LUKAS COCH, EFE

Iranek herritar bat exekutatu du, azken hilabeteetako protestekin lotuta

Gorka Berasategi Otamendi

Kondenatuari —23 urte— estatuko indarren agente bat labanaz zauritzea egotzi diote. Agintari judizial gorenaren esanetan, «aurki» gauzatuko dituzte mobilizazioen harira ezarritako beste heriotza zigor batzuk ere.

Ecowaseko ordezkariak eta Gineako junta militarrekoak elkarrekin, iazko irailean Konakryn egin zuten bilera batean. ©STR / EFE

Afrika mendebaldeko estatuek indar militar bat eratuko dute

Gorka Berasategi Otamendi

Ecowasen xedea da egonkortasuna bermatzea estatu kolpeek astindutako eskualde horretan. Maliri, Gineari eta Burkina Fasori eskatu die azkartu dezatela boterea zibilei itzultzeko prozesua

Netanyahuk gobernua eratzeko akordioa itxi du ultrekin eta muturreko ortodoxoekin

Gorka Berasategi Otamendi

Shas eta Sionismo Erlijiosoa alderdien esku geldituko dira, besteak beste, Barne eta Ogasun ministerioak. Smotrich ultranazionalistak Zisjordaniaren gaineko botere handia pilatuko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...