Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Erabakitzeko eskubidea. EAE eta Katalunia

Bi Kontsulta Lege, bi bide

EAEko 2008ko Kontsulta Legeak «bakea eta normalizazioa» zituen helburu, eta Katalunian estatua lortu nahi dute galdeketarekin.

Hangoak babes politiko eta sozial handiagoa du
Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe, Gasteizen, 2004ko maiatzean. Mas orduan CiUko burua zen, eta Ibarretxe, Jaurlaritzako lehendakaria.
Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe, Gasteizen, 2004ko maiatzean. Mas orduan CiUko burua zen, eta Ibarretxe, Jaurlaritzako lehendakaria. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko irailak 28

EAE eta Kataluniako Kontsulta Legeek izena baino ez dute iguala ia. Herritarrei hitza eman nahi zieten/diete, baina helburuak eta estrategiak desberdinak izanik.

HELBURUA

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Kontsulta Legea, «bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio prozesu bat irekitzeko» xedez. Kataluniako Parlamentuak joan den irailaren 19an onartu zuen; estatua sortzeko helburua dute.

GALDERAK ETA DATA

EAEko Kontsulta Legeak bi galdera zeuzkan: «1. Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea? 2. Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz akordio demokratiko bat lortzeko negoziazio prozesu bati ekitearekin, eta akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?». Kontsultarako eguna: 2008ko urriaren 25a. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 2007ko irailaren 27an iragarri zuen data. Kataluniakoak ere bi itaun ditu: «1. Nahi al duzu Katalunia estatu izatea? 2. [baiezkoan] Katalunia estatu independente izatea nahi al duzu?». Data: aurtengo azaroaren 9a. Artur Mas Generalitateko presidenteak atzo —irailak 27— sinatu zituen galdeketaren legea eta deialdia.

BETE BEHARREKOA EZ

«Herritarren oinarrizko eskubidea askatasunez» gauzatzeko bide eman nahi zuen EAEko legeak, eta galdeketari «baliozkotasun politiko eta sozial osoa» aitortu zion. «Horiengatik, eta erreferendum bidezko herri galdeketa bat ez denez, eta juridikoki bete beharrekoa ez denez, deialdia egiteko ez du beharrezko estatuaren baimena». Kataluniakoak ere esaten du ez dela bete beharrekoa erreferenduma.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia emateko, arauak erkidegoko agerkari ofizialean argitaratua behar du. EAEkoa uztailaren 15ean argitaratu zuten, onartu eta hemezortzi egunera. Kataluniakoa orduotan azaldu da, Masek atzo sinatu ostean.

ARLO TEKNIKOA

EAEko legeak artikulu bakarra zeukan: bi galderei buruzkoa. Aurretik sarrera eta adierazpena zekartzan, eta, artikuluaren ostean, xedapen gehigarria. Azken horretan zeuden arlo teknikoko kontuak; «galdeketa garatzeko eta egiteko» Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde prozesuko 1990eko legeari jarraituko zioten, «beharrezko egokitzapenak» eginda; botoak 'bai' edo 'ez' izango ziren, adibidez. Kontsulta finantzatzeko 5,1 milioi euroko aurrekontua onartu zuen Jaurlaritzak uztailaren 8ko bileran. Boza emateko adinean ez zen aldaketarik: 18 urtetik beherakoek ezin zuten bozkatu.

Kataluniako Kontsulta Legeak xehetasun gehiago dauzka. Generalitateak aurreratu zuen 16 urtetik gorako lagunek bozkatu ahal izango dutela. Eskozian izan berri den erreferendumean 16 eta 17 urtekoek ere bozkatu dute, eta haiek azaldu dira independentziaren aldekoenak —%71k baietz zioten—.

Beste desberdintasun bat: EAEko galdeketa legea bake eta normalizazio politikoaz soilik ari zen, eta Kataluniakoa ez da estatua sortzeko aukerari buruzkoa bakarrik, gaitegi aldetik ez baitu mugarik jartzen, betiere kontsultan jokoan ez badago oinarrizko eskubideen urraketarik eta gaiak ez badira zergei eta onartutako aurrekontuei dagozkienak.

PARLAMENTUKO BABESA

EAEko Kontsulta Legeak parlamentarien %45,3ko babesa jaso zuen legebiltzarreko saioko bozketan. Aldeko 34 boto izan zituen (EAJko 22, EAko zazpi, EBko hiru, EHAK-ko bat eta Aralarreko bat), eta kontrako 33 (PSE-EEko hemezortzi eta PPko hamabost). EHAK-ko beste zazpi legebiltzarkide abstenitu egin ziren, eta talde bereko beste batek ez zuen parte hartu, amatasun baimenagatik. Katalunian aurreko astean izandako bozketan, legeak parlamentarien %78,5en sostengua jaso zuen; aldeko 106 boto (CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP) eta kontrako 28 (PP eta Ciutadans).

EHAK-k bi mezu eman zituen 2008ko bozketan. Argitu nahi izan zuen aldeko boto bakar hura eman zuela «konstituzioaren topea agerian uzteko, eta Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntzaren eta egitasmo autonomikoen porrota eta alternatiba bakarra esparru demokratikoa erdiestea dela agerian uzteko». Aldiz, abstentzioa justifikatzeko, adierazi zuen «legeak EAJren hauteskunde interesei erantzuten» ziela, «eta zatiketa eta menpekotasuna iraunarazi nahi» zituela.

Katalunian, aldeko botoa eman dutenen artean, PSCk zehaztu du ez dagoela Espainiako Gobernuaren baimenik gabeko kontsultaren alde. CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPek irakurketa propioak egin dituzte, baina kontuan hartu behar da lau indar haiek adostu eta jakinarazi zituztela iazko abenduan bi galderak eta data. 2012ko abenduan, berriz, CiUk eta ERCk, Generalitatearen gobernagarritasun akordioa egitean, galdeketarako bide orria zehaztu zuten.

SOSTENGU SOZIALA

Konstituzionalak 2008ko irailaren 11n baliogabetu zuen EAEko Kontsulta Legea —Kataluniako Diada egunean—, eta urriaren 25ean ez zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan galdeketarik izan. EAJ, EA, EB eta Aralarrek deitutako sei elkarretaratze izan ziren: Gernika-Lumo, Zornotza, Durango, Urkiola, Legutio eta Gasteizen, Euskal Herria bakea bai. Erabakia bai lelopean. Antolatzaileen arabera, 20.000 lagun bildu ziren. Ezker abertzaleak egun hartan prentsaurreko jendetsu bat eman zuen Donostian, Gernikako Estatutua «agortuta» dagoela adierazteko, «esparru demokratiko berria» aldarrikatzeko eta independentistei biltzeko dei egiteko. Bi urte lehenago, Bilbon, Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna lelopean, 80.000 laguneko manifestazio bat egon zen, sei alderdik eta zazpi sindikatuk deituta (Batasuna, EA, AB, Aralar, ELA, LAB...), baina mugimendu hura itzaldua zegoen ordurako.

Bestelakoa da Kataluniako egoera. Aurtengo Diadan, ANC eta Omnium Culturalek sustatuta, 1,8 milioi lagunek elkarretaratze bat egin dute, Bartzelonan. Iaz, 1,6 milioiko giza katea. Duela bi urte, 1,5 milioiko manifestazioa, Katalunia, Europako estatu berria lelopean. Azkeneko egunetan, hango 864 udalek —udalen %91k; biztanleriaren %82 hartzen dute— azaroaren 9ko kontsultaren aldeko mozio bat onartu dute.

2008an, Espainiako debekua jaso ostean, Ibarretxek ez zuen legealdia amaitutzat jo. 2009ko maiatzean izan ziren bozak, eta, EAJk irabazi arren, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia jarri zen lehendakari, PPren babesa eta ezker abertzalearen legez kanporatzea baliatuz. Katalunian ia guztiak ari dira esaten azaroaren 9an bozketa izango dela; bestela, hor dute izaera plebiszitarioko bozen aukera.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Foro Sozialak antolatutako mahai inguruko partehartzaileak, herenegun, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Aitortzarako bide bat» zabaldu du Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak

Julen Aperribai

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak biktima horien aitortzan batzordeak egindakoa goretsi du. Lan hori trabatzeko mekanismoak martxan direla ohartarazi du.

EH Baiko kideak, uztailean, kongresuaren aurkezpenean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzale guziak biltzeko gai izan nahi du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

Bihar eginen du lehen kongresua ezkerreko abertzaleen mugimenduak, eta ondoko urteetarako bide orri politikoa bozkatuko dute. «Parte hartze handia» nabarmendu dute

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Erronkari heltzeko gogotsu gaude, eta ikasteko gogoz ere bai»

Iosu Alberdi

«Oso pozik egoteko eguna» izan zen atzokoa Usansolo Herria plataformako kideentzat. «Emozioak pil-pilean daude. Negar pila bat egin dugu, besarkada handiak egon dira», adierazi zion BERRIAri Monika Mena (Bilbo, 1980) plataformako bozeramaileak, Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo Bizkaiko 113. udalerri izendatu berritan.

Azaroaren 11rako Urruñan ezarri zuten pankarta. ©HENRI LEVRERO

«Askatasunaren defentsan» hilak?

Ekhi Erremundegi Beloki

I. mundu gerlako soldaduak «askatasunaren defentsan» hil zirela erran du Filipe Aramendi Urruñako auzapezak, eta pankarta bat jarri zutenen kontra salaketa jartzeko asmoa agertu du. Historiaren ikuspegitik okerra dela erantzun diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.