Otegi martxoaren 1ean aterako da kalera
Zigor osoa beteta irtengo da

Zigor osoa beteta baina uste baino lehentxeago irtengo da kartzelatik Arnaldo Otegi: martxoaren 1ean. Hilabete pasatxo falta da, beraz, Sortuko idazkari nagusiak Logroñoko (Espainia) espetxea atzean uzteko. Behin-behinean aske zela auzitegira sinatzera joandako egunak aintzat hartzeko eskaera egin zuen, eta onartu egin dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten azkenengoz, eta Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diezekin batera zigortu zuten Bateragune auzian. Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto aske daude iazko urritik. LABeko idazkari nagusi ohia, ordea, preso dute oraindik, eta beste hamabost bat hilabete falta zaizkio zigorra betetzeko.
Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina batean oinarritzen da Otegiren defentsak egindako eskaera, Jone Goirizelaia abokatuak BERRIAri azaldu dionez. Haren arabera, auzitegian sinatutako hamar eguneko egun batez murriztu behar da kartzelan eman beharreko denbora. 2009ko urrian atxilotu baino lehen, behin-behinean aske zela auzitegian sinatutako jakinarazpenak aurkeztu dituzte: 270etik gora. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aldeko jarrera agertu zuen, eta Espetxe Zaintzako epaileek onartu egin diote orain eskaera.
Lehenengo zenbaketan, apirilaren 8rako jarri zioten kartzelatik irteteko eguna, baina martxoaren 28ra aurreratu zioten gero, behin-behinean preso zutela auzitegian pasatutako egunengatik.
Kartzelatik irtenda ere, 2021eko otsailaren 28ra arte «kargu eta enplegu publikoetarako inhabilitazio berezia» izango du Otegik. Hala berretsi zuen Auzitegi Nazionalak joan den astean. Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziaren arabera, ordea, zigor epaian zehaztu egin behar da zein karguri eragiten dion inhabilitazioak. Bestela, ezin da debekua gauzatu. Eta dagoeneko berandu da zehaztapenak egiteko. Beraz, aurrerantzean auzi horrek egiten duen bidea egiten duela ere, Sortuko idazkari nagusiak kargu publikoak bete ahal izango ditu; esaterako, hauteskundeetara aurkeztuta.
Guztira, sei aldiz zigortua
Denera, sei aldiz zigortu dute Otegi; azkenengoz, Bateragune auziagatik. Auzitegi Nazionalaren arabera, ETAko kide zen Otegi; «sustatzaile, arduradun eta koordinatzaile», gainera. Guztira, hamalau urte inguru egin ditu espetxean Sortuko politikariak.
Bateragune auzikoek helegitea jarria dute Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Epaileek azaroan egin zuten helegetearen lehenengo azterketa, baina gaiaren mamian sartu gabe. Eskaera tramiterako onartu edo ez erabakitzeke dute oraindik.
Azken urteotan Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona eta eragile ugarik eskatu dute Otegi askatzeko, Free Otegi, Free Them All kanpainaren barruan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.