Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Gaitz larriak dituzten presoen egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute

Publizitatea

Politika

Gaitz larriak dituzten presoen egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute

Preso horien senideak eta Etxerat-eko ordezkariak Bruselara joango dira. Jaiki Hadik jakinarazi du 22 direla gaitz sendaezinak dituztenak
Gaitz larriak dituzten presoen senideak eta Etxerat-eko ordezkariak, atzo, Donostian.
Gaitz larriak dituzten presoen senideak eta Etxerat-eko ordezkariak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-01-10 / H. I.

Azken urteetan EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten presoen kopuruak behera egin arren, okertu egin da haien osasun egoera. Euskal presoen osasun arretaz arduratzen den Jaiki Hadi elkarteak emandako datuen arabera, 22 dira gaitz larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak —haietako hamabik jakinarazi dute beren egoera—. Hain zuzen, Europako Parlamentura eramango dute gaur egoera horren berri preso haietako batzuen senideek eta Etxerat elkarteko ordezkariek: «Berehalako irtenbidea behar du gaitz larriak dituzten presoen egoerak».

Gaur goizean da irtetekoa Etxerat elkartearen ordezkaritza Bruselara, eta bilerak egingo dituzte han europarlamentariekin, gaur eta bihar. Atzo Donostian egindako agerraldian Urtzi Errazkin bozeramaileak gogora ekarri zuenez, orain bi urte egin zuten lehen harremana haietako batzuekin, eta euskal presoen errealitatearen berri eman zieten. Iazko otsailean, Euskal Herrian izan ziren bisitan, eta txosten bat osatu zuten gero zazpi europarlamentariren artean —GUE/NGL eta ALE-Berdeak taldeetakoak ziren—. Besteak beste, honako hau jaso zuten: «Asko kezkatzen gaitu tratamendu egokia eta osasun arreta jasotzeko kartzelan duten egoerak».

Iaztik egoera hori okertu egin dela nabarmendu zuten Jaiki Hadiko kideek, atzo, Bilbon. Fernando Arburua elkarteko koordinatzailearen esanetan, adinean gora doazelako eta behar bezalako arretarik ez dutelako gertatzen da hori: «Betebeharra da jende hori kalean egotea. Lortu ez bada, soilik arrazoi politikoengatik izan da. Ezin liteke bestela ulertu; erakunde eta medikuen txostenek esaten dute pertsona horiek ezin direla kartzelan egon».

Bilboko manifestazioa

Bakartuta daudenak ere badirela oroitarazi zuen: «Tortura modu bat da». Arburuak azaldu zuen horrek gehienbat emakume presoei eragiten diela, eta salatu zuen «gizagabea, krudela eta jasanezina» dela neurria. Arantza Zulueta abokatuaren kasua jarri du adibide; 2014ko urtarrilean atxilotu zutenetik dute bakartuta.

Gero eta eragile gehiago ari dira babesten Sarek larunbaterako antolatu duen manifestazioa. Atzo, besteak beste, Kristau Elkarte Herritarrek, Herria 2000 Elizak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak egin zuten Bilborako deia, «elkarbizitzaren eta bake politiko eta sozialaren alde». Euskal Herriaren Lagunak taldeetako kideek ere iragarri zuten han izango direla hilaren 14an: «Dispertsioaren aurka, Euskal Herria ez dago bakarrik».

Ahal Dugu-k ere atera zuen oharra euskal presoei buruz. Espetxe politika «mendekura» bideratua dagoela salatu zuen, eta presoak Euskal Herrira hurbiltzea eta espetxe eskumenak Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ematea eskatu. Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautagai Pili Zabalak eta EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Albak iragarri dute Bilbon izango direla, «maila pertsonalean». EAJren EBB Euskadi Buru Batzarrak ez zuen atzo gaia tratatu bere batzarrean. Ez dira han izango.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea