Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Bizitza osoa etengabeko hautuei lotuta

Publizitatea

Kultura

Bizitza osoa etengabeko hautuei lotuta

'Nola heldu naiz ni honaino' nobela argitaratu du Kattalin Minerrek, Igartza sariarekin. Emakume arrakastatsu bat du protagonista
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Maialen Unanue

Hain gustura sentitu zen eleberri proiektua idazten, ezen, lehiaketa irabazi edo ez, ariketarekin jarraitzeko hautua egin baitzuen. Eta irabazi egin zuela jakin zuenerako, nahiko aurreratua zeukan liburuaren zirriborroa. Horren guztiaren emaitza du Kattalin Minerrek (Hernani, Gipuzkoa, 1988) Nola heldu naiz ni honaino bere lehen nobela; Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Igartza sariaren bidez argitaratu du.

Erabakien inguruko hausnarketa bat izan zedin nahi zuen Minerrek hasieratik; bazekien protagonistak, Jezabelek, zenbait erabaki hartu beharko zituela. Azaldu duenez, bere belaunaldia bizi izan den testuinguruan jarri nahi izan du, nolabait: «Esan zaigu dena daukagula irabazteko, dena daukagula eskura. Beraz, gure eginbeharra bakarrik dela zer nahi dugun erabakitzea. Sinplea dirudi, lehen kolpean, baina uste dut horrek eramaten gaituela duda edo neurosi askotara».

Lan munduan arrakasta duen emakumea da Jezabel: karguz igo dute enpresan, erabakiak hartzen dakien pertsonatzat dutelako. Horrez gain, dena ondo doakio, lagunak ditu eta herentzia bat jaso du. Etxe bat erosten ikusi du bere burua, eta, bat-batean, erabaki, itxuraz, sinple batek ez aurrera ez atzera utziko du Jezabel. «Konfort egoera batean dagoen pertsonaia da, klase eta adin tarte jakin batekoa, baina ez horregatik duda gutxiago dituena, edo krisi edo neurosi gutxiago».

Gaiak azaleratzea

Erabaki beharra etengabea da, Minerren ustez, eta, nobelaren bidez, erabaki handi eta txikien dikotomiarekin hautsi nahi izan du. «Askotan, erabaki txikiek askoz gehiago aldatzen dute gure bizitza erabaki handiek baino». Jezabelen noraeza baliatu du Minerrek gizartean pil-pilean diren hainbat gai azaleratzeko; besteak beste, familia eta bikote ereduak, heteroaraua eta harremanak: «Dudak izan nituen, ez ote zen oso kaotikoa, hainbeste gauza pasatzea eta ez zentratzea erabaki bakar batean». Bide horri eutsi zion, ordea, «pertsona arrunten» bizitzak ere halakoak direlako: «Inoiz gutxitan izaten dugu erabaki bakar bat hartzeko beharra».

Lehenengo pertsonan idatzi duen arren, Miner ez da Jezabel: «Beldurra neukan niretik zenbat jarriko nion pertsonaiari, baina gero konturatu naiz sekulako distantziarekin idatzi dudala». Dena den, nabarmendu du irakurleak agian topatuko dituela idazlearekin berarekin zerikusia duten gauzak, baina horrek ez du Miner askorik kezkatzen. Izan ere, literatura ulertzeko moduak hainbat dira, haren esanetan, eta hainbat irakurketa kritiko egin ditu nobelan bertan, maiz, umorez.

Elkarrizketa gutxi ditu lanak; protagonistaren burutik pasatzen diren kontuek hartzen dute indarra. Baina ez da Jezabelek bere buruarekin duen hizketaldi bat, bere horretan: «Gogoetak bideratzen dituen ahots bat da. Badaude barru-hausnarketak, baina kanpoaldeari oso begira dago Jezabel: asko eragiten dio inguruan gertatzen denak. Orduan, gogoetak norberarenak izan arren, beti daukate harreman bat inguruan gertatzen ari denarekin».

Eszena erotiko «potente» pare bat ere sartu ditu. Bietako batek, eszena erotikoa izan arren, «beste zerbait» kontatzen du; bigarrena, berriz, nahita sartu du, bi arrazoirengatik: «Batetik, egiari zor, uste dut euskal literaturan gabezia handi bat dagoela literatura erotikoan, eta are gehiago literatura erotiko lesbikoan. Bestetik, liburuaren bakarrizketa tonuari arnasa eman nahi nion».

Minerrek, literaturazalea izan arren, ez du inoiz halako ariketa literariorik egin —prentsa idatzian aritua da, BERRIAn, besteak beste—. Aitortu duenez, ez zekien nola moldatuko zen idazketa ariketa berrira, baina «gustura eta oso modu naturalean» bizi izan du prozesua. Alde horretatik, ez du baztertu beste lanen bati ekitea, aurrerago.

Eleberri proiektua aurkeztu zuenean, Kafe beteak jarri zion izena. Behin amaituta, aldatu egin zuen —Anari Alberdiren abesti baten hitzen zati bat da—, egokiagoa zelakoan: «Liburuak ez du galderari erantzuteko premia, baizik eta galdera hori bere buruari errepikatzeko joera. Nola ikusten dugun geure burua leku batzuetan jakin gabe oso ondo nola heldu garen horraino».

Juanma Aramendik egin du liburuaren azala, eta oso eskertuta agertu da Miner; batetik, estetikagatik eta iradokitzen duenagatik, eta, bestetik, edukiarekin erabat lotuta dagoelako: «Arrain bat kikara baten barruan dago, agobio sentsazioarekin. Baina ez da agobio itogarri bat; galduta, lekuz kanpo bezala dago».

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue Maialen Unanue

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak