Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Gitarra eskuan, bizi den artean

Publizitatea

Kultura

Gitarra eskuan, bizi den artean

Heriotzaren inguruko hausnarketek inspiratu dute Alejandro Escovedo musikaria 'Burn Something Beautiful' diskoan. Asteartean, kontzertua emango du Bilbon, Kafe Antzokian.
Alejandro Escovedo, zuzenean, 2014an emandako kontzertu batean.
Alejandro Escovedo, zuzenean, 2014an emandako kontzertu batean. BERRIA

2017-03-19 / Julen Aperribai

Berriz agertoki bat zapaltzeko aukera lekutan ikusiko zuen Alejandro Escovedo musikari estatubatuarrak 2003an, urtetan bizitza baldintzatu dion C hepatitis gaitzaren eraginez Arizonan (AEB) kontzertu bat ematen ari zela konortea galdu eta gero. Arizonakoaren ondoren, hala ere, beste hamaika oholtza ere zapaldu ditu, eta, asteartean, Bilboko Kafe Antzokikoan izango da, 66 urte egin berri, Burn Something Beautiful bakarkako azken lana kaleratu eta gutxira.

I Don't Want to Play Guitar Anymore (Ez dut gitarra gehiago jo nahi). Hala dio disko berriko abesti batek. REM taldeko Peter Buckekin eta The Minus 5-ko Scott McCaugheyrekin batera idatzia du Escovedok, eta gurari hori bere buruaz nahiz heriotzaz barre egiteko modu gisa har liteke, gitarra berriz ez jotzeko erabakia, halabeharrez baino gehiago, bere borondatez hartu izan balu bezala. Errealitatea, baina, bestelakoa da: gitarra ez du alboratu; eta heriotza hain hurbil izateak eragindako beldurrak inspiratuta sortu ditu azken diskoko abestietako asko. Izan ere, adurrak beste ezusteko bat ere ekarri zion: emaztearekin Mexikon eztei bidaian zela, urakan batek astindu zuen haiek ziren ingurua, eta ozta-ozta lortu zuten handik bizirik ateratzea. Bizipen horiek guztiek eragindako beldurretik sortutako galderei erantzuna ematen ahalegindu da diskoan musikaria, eta, besteak beste, pertsonek hurrengo belaunaldiei utzitako oinordekotzaren inguruko gogoetak eraman ditu kantuetara. Buck eta McCaughey arduratu dira ekoizpenean soinua fintzeaz.

Musikalki, bere ibilbideko etapak islatzen dira hamahiru abestiz osatutako lanean. Punk erritmo errepikakorrek nahiz koruek 1970eko hamarkadako punk rockera gerturatzen dituzte Horizontal eta Luna de Miel kantuak. Arinagoak, pop ukitu gehiagokoak dira, berriz, Heartbeat Smile eta Farewell to the Good Times. Suit of Lights eta halako abestiek, berriz, agerian uzten dute Escovedok ahotsa erritmo eta doinuetara egokitzeko duen gaitasuna.

Texasera bizitzera joandako mexikar jatorriko familia batean sortua da Escovedo. Historikoki, errepublikanoa izan da AEBetako estatu hori, baina Escovedo ez, eta ez du inoiz bere posizio politikoa ezkutatu. 2005ean, esaterako, musikaria ezagun egin zen, orduan herrialdeko presidente zen George W. Bushen iPod aparatuko abesti zerrenda batean agertu baitzen haren Castanets abestia. Berehalakoa izan zen Escovedoren erreakzioa: iragarri zuen presidenteak bere zerrendatik abestia ezabatzen ez bazuen uko egingo ziola abesti hura jotzeari Bush agintean egon bitartean. Bi urte egin zituen hala, harik eta Bushen agintaldia amaitu zen arte. Donald Trumpen garaipenak ere aldarrikapenerako grina piztu dio. Hala eskaini die Burn Something Beautiful diskoa bere gurasoei eta AEBetako komunitate mexikar osoari.

Lehen urratsak, punkean

1970eko hamarkadaren hasieran ekin zion bere ibilbide musikalari Escovedok. Sistema rock musika asimilatzear zegoela begitandu zitzaion orduan musikariari. Musikak baino gehiago, orduko izarren jarrerak bota zuen atzera, egia esan, eta, kezkak uxatze aldera, izaera subertsiboagoa topatu zuen eztanda egitear zen punk rock mugimenduan. «Rock izarrek egiten zutenaren kontrakoa egin nahi genuen, eta horregatik hasi ginen punka egiten. Bai musikak eta bai zinemak galdua zuten sormenerako eta altxamendurako gaitasuna. Dena komertzializatzen ari zen». Hori zen testuingurua, musikariaren beraren arabera, Jeff Olenerrekin batera The Nuns taldea sortu zuenean. Biak elkartu eta taldea sortzeko arrazoia, baina, beste bat izan zen: zinema ikasleak ziren San Frantziskon (AEB), eta film proiektu batek eman zien bide instrumentuekin saltsan hasteko. «Film bat egin nahi genuen munduko musika talde txarrenaren inguruan. Jotzen ez genekienez, oso erraza zitzaigun pertsonaien rola geureganatzea. Nire lehen gitarra alokatu egin nuen, eta ez nuen itzuli», gogoratu zuen Escovedok handik hainbat urtera. Hastapen berezi horren ostean, Jennifer Miro abeslaria buru zuen taldeak urte mordoxka egin zuen musika egiten.

San Frantziskoko punk eszena atzean utzi, eta Texasera (AEB) itzuli zen Escovedo 1980ko hamarkada hastearekin bat. Ordura arte jorratutako punk rock gordinari hegoaldeko ukitua emanez aritu zen hainbat urtez, Rank and File eta True Believers taldeetan. Bakarkako bideari heldu zion, baina, eta Gravity (1992) eta Thirteen Years (1994) albumak argitaratu zituen. Ordutik gaur arte, hamabost lan kaleratu ditu guztira, baina mende berriaren lehen urteetan egin zen bereziki ezagun, A Man Under the Influence (2001) eta By the Hand of the Father (2002) lanekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak