Albistea entzun

Gerrarako makinaren katea

Suhiltzaile baten kontzientzia-eragozpen ekintza bati esker jakin da milaka tona lehergailu pasatu direla Bilboko portutik Saudi Arabiarako bidean. Garai oparoak dira armagintza negozioarentzat, eta azken bost urteotan izan dira salerosketa handienak Gerra Hotzaren aroa amaitu zenetik.
Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Santamaria -

2017ko apirilak 18

Ezusteko gertaera batek jarri du Bilboko Portua nazioarteko armagintza negozioaren erakusle. Joan den martxoaren 13an, suhiltzaile zerbitzuko kabo bati zama arriskutsu bat zaintzeko enkargua eman zioten. Babestu beharreko 26 edukiontzietan zer zegoen jakiteak zur eta lur utzi zuen: 4.000 tona bonba, lehergailu eta detonagailu ziren, Saudi Arabiara pasatzekoak. Gertaerak ospea hartu du suhiltzaileak uko egin ziolako agindua betetzeari, kontzientzia eragozpena argudiatuta, eta, orain, dosierra ireki dio Bizkaiko Aldundiak, lanetik behin-behinean kanporatzeko asmoz. Oharkabean igaro ohi den errealitatea azaleratzeko balio izan du, gainera. Gerraren makineriak, funtzionatzeko, beharrezkoa du azpiegitura arrunt eta zibilen erabilera.

Armen norabidea ez da harritzekoa. Munduko inportatzaile handienetan bigarrena da Saudi Arabia, SIPRI Bake Ikerketetarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak egindako azterketen arabera. Bost urteko tarteak alderatu ohi ditu erakundeak arma handien salerosketa aztertzeko. 2012tik 2016ra, erreinuak %212 handitu ditu bere erosketak. AEBak, Erresuma Batua eta Espainia ditu hornitzaile nagusi.

Besteak beste, AEBetan erositako 154 F-15 hegazkin bonba-jaurtitzaileak iristen ari dira Saudi Arabiara, eta Yemen bonbardatzeko erabiltzen ari da. Albistegietan lekurik ez duen isilpeko gerra horietako bat bihurtu da Yemengoa, dagoeneko hildako zibil asko utzi dituena. Europako Parlamentuak eta AEBetako Kongresuak eskatua dute Saudi Arabiarako arma salmentak mugatzea, baina emaria ez da eten, eta armagintza industriarentzat negozio ona da oraindik erreinua.

Argazki global ilunean puntu beltzetako bat baino ez da Saudi Arabia. SIPRIk ohartarazi du armamentu handiaren salerosketak inoiz baino handiagoak izan direla Gerra Hotza amaitu zenetik. Hots, 2012tik 2016ra armagintzak gora egin du. Joera hori baieztatu du Andrew Smithek, Erresuma Batuko CAAT armagintza merkataritzaren aurkako kanpainako eledunak. «Esportazio handiagoetarako joera badago azken urteotan. Horietatik asko ari dira joaten erregimen bortitz eta autoritarioetara, giza eskubideen arloan ibilbide negargarria dutenak», azaldu du.

Gudek, gatazkek eta ezegonkortasunak gizentzen dute armamentu salerosketa. Tentsio gune zahar eta berriak uzten ditu agerian SIPRIren txostenak. Ekialde Hurbilean %86 handitu dira arma inportazioak, eta Asia hego-ekialdeko hainbat herrialdetan gorakada oso handiak jazo dira, Txinako Itsasoan sortu diren lurralde norgehiagokak hauspotuta. Filipinen inportazioak %426 handitu dira; Vietnamgoak, %202, eta Indonesiakoak, %70. Taiwanek berak %647 igo ditu bere erosketak. Bi eremu geografiko horiek sostengatzen ari dira gaur egun armamentu salerosketa globala.

Gurpil zoro amaigabea da. Segurtasun falta areagotu den sentsazioak arma gehiago erostera daramatza gobernuak, baina armamentua handitzeko erabaki horrek berak bihurtzen du mundua arriskutsuago. «Armagintza konpainiak ikusten ditugu dirua poltsikoratzen, mundu geroz eta ezegonkorragoa sortuta», ohartarazi du Smithek.

Nor dago atzean?

Armagintza negozioak nahiko egitura egonkorra du. Funtsean, herrialde aurreratuetan ekoizten diren armak esportatzen zaizkie herrialde txiroei edo garatzeko bidean daudenei. Munduko potentzia zaharrak, AEBak eta Errusia, dira gaur egun ere saltzaile nagusiak. Bien artean, armamentu handiko esportazioen %56 egiten dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie Europako mendebaldeko herrialdeak. Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Italia eta Espainia esportazioen %21 dira. Txina inportatzaile handia da gaur egun ere, baina esportatzaile handienetan hirugarren izatera iritsi da, salmentak %74 handituta.

Erosle handiena India da oraindik, Pakistanekin duen gatazka amaigabea eta industria propio bat eraikitzeko ezintasuna direla eta. Hamar lehenen artean soilik herrialde aurreratu bat ageri da: Australia, zazpigarren. Saudi Arabiatik aparte, golkoko beste herrialde batzuek ere nabarmen handitu dituzte armamentu erosketak —Omanek %692, Qatarrek %245, Kuwaitek %175, eta Arabiar Emirerri Batuek %63—, eta armamentu konpainientzat oso erakargarri bihurtu dira. «Erresuma Batuko arma salmenten bi heren doaz Ekialde Hurbilera, horietako asko errepresiboak diren erregimenetara. Gatazkak eragin du herrialde horiek gastu militarra handitzea, baina horrek soilik gatazka areagotu du», zehaztu du CAAT kanpainako eledunak.

Negozio tentagarria da. Munduko ehun armagintza enpresa handienen salmentak aztertu ditu SIPRIk. 2015. urtean 349.000 milioi euro fakturatu zituzten zerrendako enpresek, armak eta esparru militarrari lotutako zerbitzuak salduta. 2011. urtetik aurrera fakturazioak behera egin du, krisiari lotuta, baina jaitsieraren erritmoa moteldu da. Edonola ere, 2015ean enpresa handien salmentak 2002koak baino %37 handiagoak izan ziren.

Zerrenda horrek agerian uzten du AEBen nagusitasuna. Ehun konpainia handienetatik 39 dituzte. Lehen hamarretatik sei dira, Lockheed-Martin eta Boeing erraldoiekin hasita. Salmenta globaletatik %56 egiten dituzte AEBetako 39 enpresa horiek.

Beste azterketa batek nagusitasun hori berretsi du. AEBetako Kongresuko Ikerketa Zerbitzuak, CRSk, urtero egin ohi du arma salmentari buruzko txosten propioa. Alde handia dago SIPRIrekin emaitzekiko, ezberdintasunak daudelako armamentuaren definizioan eta kontuan hartzen dituzten negozio ataletan. Hala ere, antzeko joera orokorrak islatzen dituzte bi ikerketek.

CRSren arabera, arma salmentak 2015ean 75.000 milioi eurorenak izan ziren. Gobernuen artean egindako negozioak dira ikerketaren oinarria. AEBek horien erdiak egin zituzten, eta Frantzia ageri da bigarren, salmenten ia %20 eginda. Garatzeko bidean dauden herrialdeetara bideratutako armei arreta berezia jartzen die azterketak. Tratuen %80 horrelako herrialdeei armak saltzeko egin ziren. Hiru erosle handienak Ekialde Hurbilekoak ziren: Qatar, Egipto eta Saudi Arabia. Obamaren administrazioa ezinbesteko bidelagun izan da industriarentzat. Haren agintaldian 260.000 milioi saldu dizkiete atzerriko herrialdeei AEBetako arma konpainiek. George Bushen aroan, 120.000 milioi izan ziren. Hots, erdia baino gutxiago.

Industriaren eta gobernuen arteko elkar ulertzea da negozioaren beste ezaugarri bat. BAE enpresan gobernu harremanetarako arduradun Bob Keenek garbi esan zuen Erresuma Batuko parlamentuko Defentsa batzordean, joan den azaroan egindako agerraldian: «Ez da posible defentsa akordio handi bat egitea gobernuaren funtsezko babesik gabe».

Armagintzak ahots sendoa izan du beti botere guneetan. Kontrako aldean, gobernu askok estrategikotzat jotzen dute sektorea, eta aberastasun nahiz enplegu sortzaile dela azpimarratu ohi dute. Ikuspegi hori borrokatzeko datuak eman ditu CAATek. Kanpainaren arabera, ekonomiaren parte oso txikia da arma merkataritza: enpleguaren %0,2, eta esportazioen %1,4.

Armamentu azokak

Administrazio publikoen babesa ez da hor gelditzen. Jende askok arma salerosketa lotzen du Lord of War (Gerraren jauna) pelikulan agertzen diren tratu ilun eta legez kanpokoekin, baina errealitateak itxura arruntagoa du. Nazioarteko defentsa azoka handietan itxi ohi dira salmenta gehienak. Industria eta mundu osoko gobernuak elkartzen dituzte horrelako foroek, horien artean Arabiar Emirerri Batuetako IDEX eta Londresen bi urtean behin egiten den DSEI polemikoa.

«Horrelako azokak ezin dira egin gobernuen babes eta konplizitaterik gabe, horien antolakuntzan ezinbestekoak direlako», ohartarazi du Smithek. Kanpaina saiatu da DSEIren aurka egiten. Duela bi urte egindakoan, Londresek 61 gobernu gonbidatu zituen propio. Zerrendaren parte ziren hainbat gobernu autoritario, Saudi Arabia, Bahrain, Azerbaijan eta Egipto, esaterako.

Arma ez-konbentzionalak kontrolatzeko badira nazioarteko akordioak indarrean. Ezer gutxi egin da arma konbentzionalen salerosketarekin. Europako Batasunak eta AEBek badituzte protokoloak indarrean, eta horien arabera esaten da ezin direla armak saldu giza eskubideen aurka erabiliko diren susmoa badago. Hala ere, oso akordio gutxi blokeatzen dira. Baliteke horrelako azoka batean itxi izana Bilboko Portutik igaro zen 4.000 tona lehergailuen kontratua. Suhiltzailearen antzeko gogoeta egin du Smith ekintzaileak: «Gerrari eta gatazkari begiratzen diogunean, geuk hondamendi humanitarioa ikusten dugu, baina armagintza enpresentzat beste negozio aukera bat besterik ez da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERND WUESTNECK / EFE

Ekialderako bidaia garestia

Iker Aranburu

Gas eta petrolioaren esportazioek inoiz baino diru sarrera handiagoak eman zizkioten iaz Errusiari, baina EBren zigorrak hasi dira iturri hori ixten. Errusiak erosle berriak aurkitu ditu bere erregaientzat, baina merke salduta.

Gaurtik aurrera, EBk debekatua du Errusiatik gasolioa inportatzea

I. Aranburu

Erreserbak handitu ditu Europak, baina horiek amaitzean gora egin beharko luke prezioak
Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...