Albistea entzun

Durangoko 50. Azoka. Musika

Maparik gabeko mundu bat

Bere ibilbidean koska bat gorago jo nahi izan du 2zio rap taldeak 'Bideak' diskoarekin.

«Barruko eta kanpoko» mezuak bildu dituzte
Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olaskoaga.
Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olaskoaga. BERRIA

Iñigo Astiz -

2015eko abenduak 6

«Usu, gure ingurura, mezua heldu da/ guk egiten dugun hura ez omen dela kultura./ Bakoitzak senti beza bere modura./ Guk katerik ez, guk lotura. Guk eskutik ez, guk eskura». Lehen diskoa kaleratu ostean, kontzertuak emateari utzi, eta urtebete eman dute 2zio rap taldeko kideek beren ibilbideko bigarren diskoa prestatzen. Koska bat igo nahi zuten aurreko lanaren maila, eta lan horren emaitza kaleratu dute orain: Bideak. Diskoko lehen kantan dator printzipio deklarazioa: «Kostata igo dugu aldapa,/ mapa gabeko mundu bat ez ote da rapa?/ Hau adierazpide libre bat dela ta/ berdin zaigu zer planta daukagun baina ez zer kanta». Gorka Rodriguezek, Jo Olaskoagak eta Odei Barrosok osatzen dute taldea, eta onartzen dute egindako saialdia. «Aski serio hartu dugu gure lana, eta guk geuk sumatzen dugu aurrera egin dugun urratsa».

Hamasei kantu ditu diskoak, guztira, denak euskarazkoak, eta Barrosoren eta Rodriguezen rapa da nagusi lehenengotik azkeneraino Olaskoagak propio sortutako musika oinarrien gainean. «Jo [Olaskoaga] da gure beat maker-a», azaldu du Barrosok, «eta horrek ematen dizu aukera diskoa zureago egiteko. Musika oinarriak norberak egiteak espiritua ematen dio diskoari, eta kanta guztiek dute espiritu hori». Kantaz kanta aldatzen da giroa eta gaia, baina osotasun bat igartzen du abeslariak guztiaren azpian. Gainera, hamasei kanta sartu izanak lanari osotasuna ematen lagundu duela uste du abeslariak. «Kantu gehiago izanik, nor beretik gehiago jartzeko aukera izan dugu. Abesti batzuk banaka idatziak dira, eta beste batzuk elkarrekin, eta horrek laguntzen du bakoitzari puntu pertsonala ematen. Bi MC izanik, kanta kopuru hori sartzeak aukera eman digu gure barrua gehiago husteko. Espazio gehiago izan dugu bakoitzak zinez berea idazteko». Hots: hamasei kantarekin aldi berean dela taldearenago eta norbereago lana.

Iluna da beren rapa, Barrosoren hitzetan. «Erabat barneratua dugun ukitua da eta maite duguna. Erraten digularik jendeak iluna dela biziki gurea, baietz erraten dugu. Ez dugu gaizki edo ongi hartzen. Gure estiloa da, eta guri giro horrek idazteko zera bat sortzen digu. Giroak eta hitzak lotzen saiatzea edo hurbiltzea polita da». Ez da soilik giroa, ordea. Barrokoa da beren errimatzeko modua ere. Onartu du Barrosok hori ere. «Bat da edukia, eta bestea da forma, eta biak zaindu ditugu anitz. Formak edukiari askoz ere indar handiagoa ematen ahal diola jakinda errima gurutzatu pila daude, eta baita kantatzeko moduarekin saiakerak ere». Saiatu dira «muturrera» eramaten, badakitelako «askoz indar handiagoa» ematen zaiola errimekin zerbait berezia sortzean eta aldi berean mezua ematean. «Horrek ematen dio indarra erraten denari. Errango bagenu berdina errima eskasagoekin edo justuxeagoekin nik uste gutxiago hautsiko lukeela. Baina guk ez dugu mezua galdu nahi».

Barru eta kanpo

Eta zein dira mezuak? Bietatik du diskoak hor ere: barrukoak eta kanpokoak. Badira tartean arrazakeria, genero indarkeria, etorkinen egoera edota Ekialde Hurbileko gatazkei buruzko abestiak. Hala dio, esaterako, XXI. Mendean abestiak: «Sexualitatea: oroitzapenen kutxa,/ gizonak kudeatzen du emazteen gorputza./ Bankueri laguntza,/ aurrerakuntzaren izenean murritzean da hezkuntza». Badira, ordea, barrura begira sortutako abestiak ere tartean, eta Barrosok bere hildako amari eskainitako Zaindu da horren adibide. «Segundo bakoitza biziz azkena bailitzan/ zure azken urratsak zirelarik bizitzan,/ nik eskutik heldu nizun ume beldurtuen gisan,/ baina joan ez zintezen ez zen aski izan».

Bada euskal musikagintzari egindako keinurik ere diskoan. Urko abeslariaren kanta zati bat baliatu dute, adibidez, Nor nintzen ni abestiaren musika oinarria sortzeko. «Jok [Olaskoagak] bai ala bai nahi zuen euskarazko sampler bat sartu, eta honekin eta harekin saiatzen aritu zen. Gure estiloa aski iluna da, ordea, eta euskal kanta tradizional anitzek badute ukitu alai bat, eta bi horiek nola ezkondu izan da saiakera. Urkorenarekin lortu dugu». Zaindu izeneko kantan ere Itsasoa laino dago abestiaren Amaia Zubiriaren bertsioaren puska batekin osatu dute leloa.

Barrosok dioenez, ez daude bakarrik, eta osasuntsu ikusten du euskal raparen egoera. «Guk sumatzen dugu taldeak badirela inguruan, eta rapa pixkanaka eremu bat irabazten ari dela. Egon zitekeen askoz hobe? Seguruenik. Gaizkiago? Baita ere. Baina so egiten badugu azken hamar urteetan zer raperako joera baden musika ezberdinetan tartetxotan eta rap talde berrietan, uste dut azken urteetako balorazioak baikorra izan beharra duela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Donostiako Zinemaldia | Laburpena, irailaren 18a

"Pasio guztiak lan bihurtzen direnean, inozentzia galtzen duzu"

Olatz Enzunza Mallona - Gipuzkoako Hitza

30 urtetik gorako lan ibilbidean, Begoña del Tesok milaka pelikula ikusi ditu. Zaletasuna lanbide bihurtu du, eta, gaur egun ere kritikak idatzi arren, film ugarik lortzen dute oraindik hura txunditzea: "Sekulakoa da".

Gaurko aurkezpena ©Urtzi Urkizu

Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi, Paul Urkijoren 'Irati' film berrian

Urtzi Urkizu

Euskarazko pelikula berria datozen zortzi asteetan grabatuko dute Euskal Herrian eta Huescan (Espainia). VIII. mendean girotuko dute istorioa.

Donostiako Zinemaldia | Laburpena, irailaren 18a
Maixabel filmeko lantaldea, atzo, Kursaalean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Iciar Bollain: «Ezin genuen oinazearen epikarik egin»

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

Maixabel Lasak senarra hil ziotenekin izandako elkarrizketetan oinarritu du zuzendariak 'Maixabel'. 'Benediction' eta 'Earwig' ere aurkeztu dituzte lehiara

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna