Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa

Iñigo Urkullu «Aurrera begira, akordioek ez dute itxiak izan behar, ezta globalak ere»

Urkullu ziur da igandeko bozen osteko jokalekua duela lau urtekoa baino «irekiagoa» izango dela eta aukera gehiago egongo direla abertzaleen artean akordioak egiteko; kezkatuta dago sozialistekin.
A. ITURBE CARDONA

Jokin Sagarzazu -

2016ko irailak 21

Kanpainan eten bat egin, eta hotel bateko gela batean hartu du BERRIA Iñigo Urkulluk (Alonsotegi, Bizkaia, 1961). Larunbat goiza da, eta Tolosan (Gipuzkoa) egingo du ekitaldia EAJren lehendakarigaiak. Eroso eta lasai nabari zaio.

Sutsuago aritu zinen aurreko kanpainan: akaso, gehiago zenuelako jokoan?

Egia da duela lau urteko egoera ezberdina zela eta agian sutsuago aritu nintzela. Krisi egoera askoz ere txarragoa zen, nahiz eta egun ere bizi dugun. Eta oposiziotik gentozen, hauteskundeak irabazi arren. Orain, ezberdina da. Lehendakaria izan naiz, eta egoera beste bat da ekonomikoki ere.

Otegiren inhabilitazioak mesede egiten dizu?

Ez dakit zergatik esaten den hori. Proiektuak eskaintzeko dira kanpainak. Arnaldok [Otegi] berak esan zuen hau ez dela pertsonen arteko lehia bat, proiektuen artekoa baizik.

Eta zer iruditzen zaizu auzitegien erabakia?

Aurretik bazekien zein zen bere egoera. Arnaldok berak esan zuen onartuko zituela epaitegien erabakiak, eta hala egin du. Gainera, badago kanpainan. Ni ez nago erosoago batekin edo baten aurka. Garrantzitsuena da herritarrek igandean proiektuak bozkatuko dituztela.

PSE zorrotzagoa izan daiteke zuekin, legebiltzarrean EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin gehiengoak osa ditzakeelako?

Bueno... Nik uste dut ez direla gauza bera Eusko Legebiltzarrean alderdi sozialistarekin ditugun akordioak eta udal eta foru aldundietan ditugunak. Azpimarratu nahi dut sozialistekin egin ditugula akordioak beste batzuekin ezin izan ditugulako egin.

Horrek esan nahi du beste bide bat saiatu nahi duzuela orain?

Gu beti ahalegindu gara denekin. Legealdia hasi zenean, lehenengo hitz egin genuen EH Bildurekin. Baina Laura Mintegik esan zidan beraientzat ezinezkoa zela, eredu ekonomikoak eta sozialak guztiz ezberdinak zirelako. Garai hartan, gainera, Bildu Gipuzkoako aldundian zegoen, eta irudi jakin bat eman nahi zuen. Hainbat gai erabili zituzten: erraustegia eta zaborren bilketa, azpiegiturak... Eta auzitara jo zuten, gainera. Horrek guztiak baldintzatu zituen gure arteko harremanak, eta sozialistekin akordioak egitea lehenetsi genuen.

Konpromiso idatzia edo ahozkoa duzue PSErekin?

Legebiltzarrean erakutsi dugu zertan oinarritzen den gure akordioa. Nahiz eta alor batzuetan bat egin, beste batzuetan ez gaude ados, eta oposizio lana egin digute. Bizitza politiko aberatsa izan da azken lau urteetakoa, akordioak ez direlako izan itxiak, ezta globalak ere. Eta iruditzen zaigu hori dela bidea aurrera begira.

Kanpainan, zuengandik urrundu nahian bezala ikusten da PSE. Hauteskundeei begirako estrategia bat da bakarrik?

Alderdi sozialistak tentazioa izan dezake gurekiko jarrera gogortzeko, bere diskurtsoa baldintzatua ikus dezakeelako Elkarrekin Podemosen aldetik. Orain arte hirugarren indarra izan da, eta badirudi laugarrena izan daitekeela. Horrek baldintza dezake bere estrategia. Baina igandeko emaitzen araberakoa izango da hori.

Eta kezkatzen zaitu horrek?

Alor ekonomikoan konpromiso irmoak ditugu hiru aldundietan eta udal ugaritan. Baina kezkatzen nau, bai, autogobernuaren garatze bideari eta garatze mailari buruzko diskurtsoetan zer entzuten ari naizen Euskadiko alderdi sozialistaren aldetik. Horrek kezkatu egiten nau.

Otegik proposatu izan du alor horretan eta beste askotan akordioak egitea EAJ, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren artean. Uste duzu benetan ari dela ala EAJn kontraesanak sortzeko estrategia bat dela?

Ez dut ukatzen borondatez egindakoa denik, baina soilik borondatez egindakoa denik ere ez dut uste. Udal eta foru hauteskundeen emaitzen ondoren, EH Bilduk bere analisia egingo zuen. Lau urte egon ziren agintean instituzio garrantzitsuetan, eta duela bi urteko emaitzek, agian, behartu egin dute EH Bildu hausnarketa bat egitera, bere eredu ekonomiko eta sozialari buruz eta baita politikan erantzukizunak garatzeko orduan izan behar duen ereduari buruz ere.

Baina egingarriak ikusten dituzu hiruren arteko akordioak?

Duela lau urte Bilduri eredu ekonomiko eta sozial bat planteatu genion bezala, orain gauza bera egingo dugu. Gure erronkak eta planteamenduak azalduko dizkiegu, errealismotik abiatuta, ditugun baliabideak kontuan hartuta, eta zein aukera eta zein muga ditugun azalduz. EH Bilduk hori guztia aztertzeko borondatea izango balu, baluke tarte bat gurekin partekatzeko. Igandetik aurrera, gu prest egongo gara hitz egiteko, egungo argazkitik beste argazki batera pasatzeko bidea adosteko: lehentasunak, abiadurak... Baina errealismoz.

Agirre lehendakariaren irudia erabili zuen EH BIlduk duela lau urte, eta kanpaina honetan, Ibarretxerena. Zein asmorekin, zure ustez?

Nire barruetan ez du ezer mugitzen EH Bilduk hori egiteak. Agirre lehendakariak aniztasunaren aldeko elkarlanerako apustua islatzen zuen oso garai latz batean, eta errealismoa. Eta Ibarretxe aipatzea... Hori ez da oraingo kontu bat. Duela zortzi bat urte ere aipatu zuten, EAJren barruan bazterrak nahasteko. Ezker abertzaleak jai dauka uste badu ni horrekin iraindu egingo nauela edo horrekin urduri jarriko nauela. Nik argi baino argiago daukat Ibarretxe lehendakaria non dagoen, zer pentsatzen duen EAJri buruz eta niri buruz [Ibarretxek bidalitako babes mezu bat erakutsi dio kazetariari]. Esanda dago...

Zertan ikusten duzu aliatu gisa Elkarrekin Podemos datorren legegintzaldian?

Pentsaera ezberdinak dituzte Elkarrekin Podemos osatzen duten taldeek, eta haren boto-emaileek ere arrazoi ezberdinak dituzte. Oso modu orokorrean erakusten ari gara batzuk eta besteok borondatea dugula komunean ditugun alorretan batera lan egiteko —autogobernuaren gaian, esaterako—, baina beste kontu bat da lurra zapaltzea: zehaztasunak. Eta hor oraindik ez dut Elkarrekin Podemos ikusten. Niretzat, ziurgabetasun handiko proiektu bat da, norabide argirik ez duena. Ez dut elementurik, beraz, ezertan aliatu izan gaitezkeela esateko. Hitz potoloez harago, ez dut ikusten biderik egin dezakegunik batera. Gertuago ikusten ditut PSEtik eta EH Bildutik, eta gertuago ikusten dut haiekin ados jartzea. Gurekin, gaur-gaurkoz, ez.

Autogobernu handiagoa nahi duzu, eta nazio aitortza, estatutu berri batean. Horrekin ados dago PSE. Baina ez erabakitzeko eskubidearekin. Lehen urrats gisa, konformatuko zinateke estatutu berri batekin?

Euskadiko alderdi sozialista Espainiakoaren menpe dago. Arestian nortasun propioa izan zuen, eta, nortasun hori garatzeko bidean, beste planteamendu batzuk egiten zituen autogobernuari buruz. Nazio hitza aitortzea ondo dago, baina nola uztartzen da hori Espainiarako duten estatu ereduan? Euskadi nazioa dela aitortzeak ez du balio ez bada aitortzen aldebikotasuna.

Eta erabakitzeko eskubidea? Zeri buruz?

Lotura zuzena dauka aldebikotasunarekin. Printzipio legalak uztartu behar dira printzipio demokratikoekin. Txanpon bereko aurpegiak izan daitezke eta dira. Printzipio demokratiko bat jorratu nahi dugunok —galdeketa, guk adosten dugun galdera bati buruzkoa—, ez dugu zertan zapuztu nahi izan legalitate printzipioa; legearen barruan egin nahi eta ahal dugu hori. Posible izan da beste errealitate batzuetan.

Oker bat izan zen aurreko legegintzaldian galdeketa egiteko data bat jarri izana?

Gobernu programan ez genuen datarik jarri.

Baina hauteskunde programan azaltzen da: «Prozesuaren emaitza, 2015. urtean, jendeari aurkeztuko zaio, eta horri buruzko erreferenduma egingo da».

Bueno. Baina hori ez da norberak bakarrik egin dezakeen kontu bat; horretarako, ados jartzeko planteamendu bat egin genuen, eta legealdi honetan hainbat lan egin dira legebiltzarrean, baina ez dugu akordiorik lortu. Eta nik espero nuen Espainiak esku artean duen estatu arazoari helduko ziola. Erraza zeukan, gehiengo osoa zuelako eta bere eskuinean beste inor ez zuelako. Hori zen nire pentsamendua. Dena den, uste dut gaia hor dagoela eta lau urteotan asko egin dugula aurrera, heziketa mailan.

Ekainean, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak egin zuen autokritika. Ertzaintzan tortura eragozteko neurriak berandu hartu zirela aitortu zuen, gehiago egin zitekeela torturak eragozteko. Autokritika hori ez luke lehendakariak egin behar?

Egin dut. Bake idazkariak egin badu, lehendakariak egin du. Nik izendatu dudan eta nire menpean dagoen idazkaritza bat da. Ez dut uste guk bezainbesteko autokritika egin duenik inork; eta gobernu gisa, gainera. Egin dugu biktimen alorrean, torturen alorrean, memoriaren inguruan... Uste dut oinarri bat utzi dugula; ez bakarrik aitortza eta autokritika egitean, baita neurriak bideratzeko planteamenduak egiteko orduan ere. Herri honek bizi izan duenaren aurrean, denok egin behar dugu autokritika. Batzuek, agian, beste batzuek baino gehiago alor edo gai batzuetan. Eta Jaurlaritzak ere egin du eta egin behar du. Guk ez dugu, agian, aurreko gobernuek izan zuten erantzukizun bera, baina gobernu guztien izenean egin dugu. Nik ez dut batere problemarik horretarako.

Alor ekonomikoari eta sozialari buruz, kanpainan asko ari zara konparatzen Euskal Autonomia Erkidegoko egoera Espainiakoarekin. Konparazioak mesede egiten dizulako?

Hori egiten badut, beste alderdiek horretara behartzen nautelako egiten dut: alderdi popularrak eta alderdi sozialistak bereziki. Nik, zalantzarik gabe, Europan jartzen dut ispilua, eta une oro saiatzen naiz hara begiratzen. Kontuan hartu behar da hainbat alorretan gu garela erreferentea Europan: osasunean, hezkuntzan, gizarte babeseko politiketan...

Krisiak gogor jotzen du oraindik, eta egoera zailtzen ari da epe luzeko eta 45 urtetik gorako langabeentzat. Diru sarrerak bermatzeko laguntzetatik haratago, zer?

Gure ustez, unea da politika batzuk berrikusteko. Bereziki, langileen espezializazioaren eta formazioaren alorrean. Epe luzeko langabeen eta 45 urtetik gorakoen kasuan, ahalegin berezi bat egin behar dugu lan mota berri batzuetan hezteko. Enpresekin egin behar dugu hori, eta Lanbidek izan behar du zubi lan hori egiteko ardura. Hori izan behar da Lanbideren helburua: orientazioa, heziketa eta enpresekin bitartekaritza lana egitea. Gazteen kasuan, berriz, hezkuntza sistema egokitzen ari gara egungo beharrizanetara, eta ahalegin berezia egin behar dugu kontratu motekin, bekadun izandakoek kontratu duin bat izan dezaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baionako prokuradoreak dio suteetako bat kriminala izan zela

Berria

Jendarmeriaren ikerketaren arabera, Lapurdin otsailean gertatutako hiru suteek ez dute loturarik elkarren artean
Irati Gurasoekin Euskal Herrira taldearen ekitaldi bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hiru urte beteta atera dute Irati Aranjuezko espetxetik, gurasoak barruan utzita

Irati Urdalleta Lete

Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera. Euskal Herriko kartzeletan ere amak umeekin egon ahal izatea eskatu dute
Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak antolatutako ekitaldi bat, Bilbon ©aritz loa / foku

Irati kartzelatik atera dute, gurasoak barruan utzita

Irati Urdalleta Lete

Euskal presoen alaba hiru urte bete ostean atera da Aranjuezko kartzelatik. Ez dakite berriz noiz izango duen gurasoekin egoteko aukera.

Torturaren kontrako manifestazioaren burua Espainiako polizien aurretik igarotzen, atzo, Iruñean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako protestan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Tortura aitortzeko garaia da»

Iker Tubia

Nafarroan mila lagun torturatu dituztela salatu, eta haientzat aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dute ehunka lagunek Iruñean. Ikerketa ofizial bat egiteko galdegin diote erakundeei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna