Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Gizarte zibilak har dezakeen lekuaz ez dugu ohitura bera»

Publizitatea

Politika

Jean Noel Etxeberri, 'Txetx'. 'Bakearen artisaua'

«Gizarte zibilak har dezakeen lekuaz ez dugu ohitura bera»

ETAren armagabetzeak lerroak mugitu dituela uste du Etxeberrik, eta sortu den elkarlanak eta izan diren elkarrizketek fruituak ematen segituko dutela espero du.
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA
ETAren armagabetzearen protagonistetako bat izan da Jean Noel Etxeberri Txetx (Donibane Garazi, 1964). Michel Tubiana eta Mixel Berhokoirigoinekin batera ETAren armategiaren erantzukizun politikoa hartu ondotik, Luhuson (Lapurdi) atxilotu zuten abenduaren 16an, armen zati bat neutralizatzera zihoazela. Ezin erranen artetik, azken hilabeteei begira jarri da, BERRIAren galderei erantzuteko.

Nola zaude?

Badoa. Biziki erritmo intentsiboa izan dugu, azken astean ez dut kasik lorik egin, eta tentsioa handia zen. Egun bat hartzea lortu dut, kasik osoki lotan pasa dudana. Leher eginak baina pozik gara, egin nahi genuena egitea lortu dugulako.

Helburua bete da: armagabetzea osoa, segurua eta egiaztatua izan da.

Egiaztatua izaten ari da. Espainiako prentsan polemikak sortzen ari dira, baina irakurri dudanak ez du bat egiten gaur egun nik ditudan informazioekin. Gure misioa zen armagabetzea bururaino eramatea; ahalik eta modu ordenatu eta seguruenenean egin dugu. Beste batzuei dagokie armagabetzearen errealitatea eta osotasuna egiaztatzea. Guk gure rola jokatu dugu; ez da arazorik izan.

Zure gain hartu duzu erantzukizuna. Zuk eman zenuen lokalizazioen berri.

Egia da Ram Manikkalingamek horrela aurkeztu zuela, baina bi ginen: Michel Tubiana eta ni. Ez ginen hiru izaten ahal, Mixel Berhokoirigoinek eta nik ez dugulako elkarrekin egoteko eskubiderik. Baina hiruren erabakia eta hirurek elkarrekin hartu dugun erantzukizuna izan da.

Herritarrek egin dute egiaztatzaile lana. Berek segurtatu dute armategien zaintza.

172 aritu dira armategien zaintza segurtatzen, baina askoz gehiago dira operazio teknikoetan parte hartu dutenak. Armategi horiek lokalizagarriak izan zitezen lan oso bat zegoen, xehetasunetan azaldu ez dezakedana. Bakoitzak bere erantzukizunak eta arrisku juridikoak hartu ditu bere gain; ez zen kontu erraza. Baina, gertatu ondoren, goizeko ekinaldia eta 15:00etako ekitaldia, Euskal Herriko ordezkaritza zabala bildu zuena, pentsa dezakegu armagabetze eraginkorrena burutu dela.

Zergatik?

Armagabetzea soilik kontu tekniko bat bezala uler dezakegu, baina haratago doa: ETAren armategiaren indar handiena ez da lapurtutako bere pistola eta lehergailuena; bere metraileta, pistola eta maila handiko lehergailuak fabrikatzeko gai zen. Jakintza hori duten ETAko militanteek ez diete transmitituko borroka armatua berriro hartu nahiko luketen beste belaunaldiei, herriak ondu eta berretsitako erabaki baten ondorioa delako. Armagabetze hori gelditzen ziren gordelekuen armagabetzea baino garrantzitsuagoa da.

«Hitza eta gogoa» armagabetzeko beharra azpimarratu zenuten.

Espainiako prentsaren histeria ez dut ikusten munduko beste gatazka batzuetan. Noski, denek anitz sufritu dute, gorroto anitz metatu dute etsaiaren kontra, ulergarria da. Baina, behin gatazka bukatzen denean, elkarrizketa bideak irekitzen dira, bakea etsaiarekin eraikitzen delako ezinbestean; hau da, gorrotatu dugunarekin. Baina Espainian gatazka eta gorrotoak luzatzeko borondate bat senti da. Apirilaren 8ko eguna iragan den moduan, bazen ekimen bat, gorroto eta hitz armatu horiek zailago egiten zituena, euskarri eta sinesgarritasun gutxiago dutelako orain. Biziki eremu ezberdinetako lau pertsona ezagunek irakurri zuten manifestuak hori dakar berekin: dena aipatzea, biktimak, presoak, hitzaren armagabetzea, iragana, etorkizuna... Manifestu hori goizeko ekintza bezain indartsua zen.

Armagabetzea Frantziarekin adostua izan zela erran zuen Espagnac senatariak (PS) Radio Euskadin. Bazenuten bermerik apirilaren 8an?

Luhusokotik, Frantziako Gobernuarekiko kooperazio eskema bat proposatu dugu, baldintza politikorik gabe, ez genuelako inoren izenean baldintza politikorik jartzeko zilegitasunik. Bi aldeetan. Hau da, Frantziako Gobernuari begira ez genuen baldintza politikorik eskatzen, baina ETAri begira ere ez. Armagabetze prozesu horretan sartu eta gure laguntza ekartzeko ez genuen, adibidez, iraganaren irakurketa kritikorik eskatzen. Guretzat ezin zen baldintza politikorik egon. Haatik, baldintzak baziren. Guretzat armagabetzeak ordenatua eta segurua izan behar zuen. Hortik abiatuta, Luhusokoak lerroak mugitu zituen, eta apirilaren 8koaren iragarpenak, are gehiago. Gertatutakoa ikusita, bakoitzak bere irakurketak eginen ditu.

Beraz, ez duzu aipatuko norekin izan dituzuen harremanak Frantzian?

Ez. Hiru hilabeteetan bizi-biziki lan egin dugu sakoneko kontaktu eta bilkurekin, anitz jenderekin, anitz eragilerekin, anitz instituzio eta erakunderekin. Baina badugu lerro argi bat: ez dugu sekula kontaktu horien edukia ezagutaraziko, guretzat ez delako bukatu. Armagabetzeak beste lerro batzuk mugitzea ahalbidetu behar du. Eta, beraz, segitzeko, behar dira konfiantza, konfidentzialtasun eta zintzotasun harremanak. Hori izanen da ondotik ere atxikiko dugun izpiritua.

Jarrera aldaketa bat ageri da, hala ere, Frantziaren aldetik. Zerk eragin du hori?

Luhusokoa aitzin guk genuen analisia zen bazela Frantzian konfigurazio bat hainbat gauza ahalbidetzen zituena: [Manuel] Valls ez zen gehiago, Bernard Cazeneuve zen lehen ministro berria, eta Vallsi konparatuta gauzak kudeatzeko beste modu bat, beste inteligentzia politiko eta humano bat zeukan. Frantziako presidenteak [François Hollandek] ez zuen bere hautagaitza berriz aurkeztuko. Eta, ondoren, Luhusoko kapitulua, Ipar Euskal Herriko gizarte zibila eta bere hautetsiak beren osotasunean halako ekintza bat sostengatzen zutela erakutsi zuena. Horiek horrela, egoera berriak sortzen dira nahitaez, eta, baiki, ondotik gertatu denak erakutsi du analisi horren zati bat behintzat funtsatua zela.

Erran daiteke gaur egun Frantziako Gobernuarekin mintza daitekeela? Elkarrizketa posiblea da?

Uste dut Jean Marc Ayraulten etorrera Miarritzera, Bernard Cazeneuverena Pauera, tokiko hautetsi batzuekin izan zuen trukatzea eta publikoki erran ahal izan duena keinu batzuk direla, beste giro bat eta gobernu honengandik beste jarrera bat erakusten dutenak. Orain, nik espero dudana da jarrera hori ez mugatzea armagabetzera, eta keinu nabarmenak ikusi ahal izatea Oier Gomez presoarena bezalako kasu larrietan. Bere bizia arriskuan da, eta nahiz eta Frantziako Justiziaren esku izan —eta gobernu honek justizia erabakietan ez eragitea goratzen du—, badakigu prokuradorearen iritzia erabakigarria izanen dela afera honetan, eta iritzi horrek ez duela testuinguru politikoa baztertzen. Beraz, jakina horrek guziak eragina izanen duela euskal gizarteak gobernu horren bilanaz izango duen begiradan.

Euskal Herriko hiru instituzioen babesa nahi zenuten armagabetzearentzat. Apirilaren 8an ez zenuten lortu argazki hori.

Guretzat argi zen denak gomitatuak zirela. Dolu dugu denak ez hor egon ahal izatea, hor egoteko baldintzak sentitu ez izana. Zintzoki uste dugu denak hor egoteko moduan zirela, eta hara. Baina egun horretan ez egoteak ez du erran nahi ezer gertatu ez denik. Bi legebiltzarretan bozkatu dituzten mozioak, armagabetze egunaren iragarpenaren ondotik EAEko eta Nafarroako gobernuek izan dituzten erreakzioak eta EAEko gobernuak Madrili begira egin ahal izan duen lana elementu baikorrak dira. Jakina, egin ahal izan dugun lanaren arabera, Etxegarai lehendakariaren laguntza momentu oro eta bururaino biziki baliosa izan da, bururaino hartu dituen arrisku politiko batzuekin; azkarki parte hartu du gertatu denaren arrakastan.

Zergatik ez dute agertu nahi izan Iñigo Urkulluk eta Uxue Barkosek?

Hori beraiei galdetu beharko zaie, eta pentsatzen dut bakoitzak bere arrazoiak izanen dituela. Ez dut ezein balio jujamendutan sartu nahi. Espero dut jarraipenak eman behar badizkiogu bi instituzio horiekin partekatzen ahalko ditugula, eta elkarrekin egin ahal izan dugun lana ez dela apirilaren 8a aitzineko garaietan geldituko.

Osatu den mahaia handiegia zen batzuentzat, agian?

Argi dena da, eta modu orokorrean —ez dagokie soilik instituzioei—, gizarte zibilaren rola biziki modu desberdinean ikusia dela Iparraldetik ala Hegoaldetik. Iparraldean, azken 20-30 urteetako esperientziagatik —departamenduaren aldeko borroka, Batera, Garapen eta Hautetsien Kontseilua, Aurore Martinen eta beste euroagindu batzuen kontrako borrokak...—, gizarte zibila, hautetsiak eta instituzioak elkarlanean aritzeko ohitura bat egon da, gaur egun Hegoaldean irudikatzea zaila litzatekeena, sektore batzuen aldetik bereziki, eta pentsatzen dut gure ekimenaren ikuskeran eragin ahal izan duela: ez zuen sinesgarritasun bera Iparraldean eta Hegoaldean, ez delako ohitura eta kultura bera, gizarte zibilak har dezakeen lekua, bete dezakeen rola, eta bere zilegitasunari dagokionez.

Zer parte hartze izan dute EAEk eta Nafarroak prozesu guzian zehar?

Luhusokoa egitea erabaki bagenuen, erabaki genuen egoera blokeatua eta beste urte anitzez luzatzeko arriskuan ikusten genuelako. Ipar Euskal Herrian elektro-shock bat eragin zuen, baina sentitu genuen Hegoaldean garrantzi desberdina zuela. Hortik lekora, Hegoaldeko eragile politiko, sozial eta sindikal andana batekin mintzatu gara Luhusokoa eta bere perspektibak zein ziren azaltzeko. Eta, usu, anitzek erraten ziguten armagabetzearen gaia amortizatua zela Hegoaldean. Ez zen gure sentsazioa. Era berean, ikusten genuen beste gauza anitz blokeatzen zituela, eta serioski lotzen bagintzaizkion ez zegoela hain amortizatua. Lan horren guziaren ondotik apirilaren 8ko eguna iragarri genuenean, horrek berak Frantziako Gobernuaren lerroak mugituko zituela espero genuen, baina, era berean, Hegoaldean gauzak partekatu ahal izango genituela. Bestela, hori guzia kasik klandestinoki egiten genuen, momentu bakar batean ere iritzi publikoa eta ordezkari politiko, sozial eta sindikalak inplikatu gabe. Apirilaren 8a iragarri genuenerako, kasik eragile guziekin bilduak ginen.

Zein da emaitza?

Bilboko prentsaurreko historikoan, PPk izan ezik beste guziek beren babesa erakutsi zioten armagabetzeari, bi legebiltzarretan mozioak gehiengo zabal batek bozkatu zituen, eta apirilaren 8ari begirako mobilizazioa indartuz joan zen. Zerbait gertatu da. Orain, galdera da etorkizunari begira nola kapitalizatu gertaturiko guzia. Gu bakarrik ezin gara egon, baina inplikatu diren joera guzietako jendeekin, prentsaurrekoan agertu zirenekin, Baionan agertoki gainera igo zirenekin, espero dugu hurrengo urratsak elkarrekin irudikatzen ahalko ditugula; eta, hala bada, gertatu dena baino askoz ere indar gehiago izanen dute.

Apirilaren 8aren ondorengo erreakzioak entzutean, badirudi bakoitza bere burua laudatu nahian bezala ari dela.

Bai, egia da. Bada hori batzuen ahotan. Baina, era berean, alde guzietan diskurtso ezberdinak ere entzun ditut; ikusmira handiagoak. Ez da soilik kontakizun eta protagonismo bataila bat egon; batzuk lerro orokor batean kokatu dira, izan Iñaki Anasagasti edo PSEko batzuk, edo Sortu, ELA —edo sindikatuak orokorrean—, Nafarroako sektore anitz... Nik uste dut badirela gauza anitz baikorki har ditzakegunak.

Hegoaldea eta Iparraldea, Espainia eta Frantzia. Bi mundu ezberdin direla dirudi, bi logika kontrajarri.

Beti errepikatzen digute Hego Euskal Herrian sufrimendu gehiago egon dela, borroka armatuaren intentsitatea handiagoa izan delako. Eta segururenik egia da, partez. Baina Hegoaldeko jendeak ez dira beharbada kontziente zer heinetaraino gatazka armatuaren historiak, bere osotasunean eta 1936tik, Iparraldean eragin duen. Garai batean, 1.000 errefuxiatu zeuden, 240.000 biztanle inguru zituen lurralde batean. Jende guziak ezagutzen zuen ETAko kideren bat, nahitaez. Urteetan, errefuxiatu horien kontra izandako atentatu sortak Iparralde osoari eragin zion. Ez gara ohartzen hain lurralde txikian 50 hildako izateak zer esan nahi duen. Hemen, Baiona Txikian, 3.500 biztanleko auzo batean, bederatzi hildako izan genituen bi urtez. Ez dakit Hegoaldeko zer beste auzotan izan den halako atentatu intentsitaterik. Nire lizeoko lagunik onena, Benoit Pecastaing, GALek erail zuen, ez zenean ezta abertzalea ere, eta, Lizeoko terminalean nintzenean, ETAk hil zuen Angel Pascual Mujika Lemoizko zentraleko ingeniariaren alabarekin laguna nintzen. Beraz, ez da pentsatu behar hemengo jendeak ez duela sentitu, ez duela bizi izan gatazka hau.

Borroka politikoan eragin du.

Gure egoera politiko eta instituzionala osoki baldintzatu du Hegoaldeko gatazkak. Eta biziki argi erran izan dute Chevenement, Valls eta halakoek ETAren «terrorismoak» segituko zuen bitartean hemen ez zela garapen instituzionalik izanen. Nahi eta nahi ez, hunkiak izan gara dimentsio humanotik, politikotik... Eta, beraz, hori konpondu behar genuen. Jadanik erran izan dut, eta badakit Berhokoirigoinek ere berdin esan duela: ezagutzen ez dudan jende batek karrikan gelditu izan nau eskerrak emateko. Jende frantsesa, ez batere abertzalea. Horrek erakusten du zenbateraino egina izan dena, zirkulu militantetik harago, ulertua izan den.

Zein izanen da ondoko lana?

Lana ez da bukatu, eta egindakoa egiaztatu behar da orain. Baina jadanik erran izan dugun gisan, apirilaren 8an dena ez da bukatu; guretzat armagabetzea ez da bakea. Bakera iristeko beste gauza anitz egin behar da. Uste dut maila anitzetan gauzak azkar mugitu beharko liratekeela, zinez sustatu behar delako armagabetzearen inguruan sortu den oldar hori. Gauza anitz bada egiteko: biktimen aitortza eta erreparazioa, memoria eta justizia lana, justizia trantsizionalaren eremua, bizikidetza ariketak eta abar. Eta uste dut zinezko urgentzia bat badela gaur egun: presoen gaia. Gure gizarteak keinu azkarrak behar ditu, fite, eta, ondotik, lan handi bat geldituko da, irudika ezina delako jendearen buruan gatazka bat buka daitekeela batzuk presondegian diren bitartean.

Ez ote da arriskurik Frantziako Gobernu aldaketarekin, egindako lan guzia galtzeko?

Ez dut komentariorik eginen bata eta bestearekin izan ditugun harremanez. Erran dezakedana da jende anitzekin mintzatu garela, baina ez soilik boterean direnekin, baita segida hartzeko prestatzen ari diren talde ezberdinekin ere. Elkarrizketa sakonak izan ditugu sektore batekin baino gehiagorekin, eta espero dut fruituak emanen dituela luze gabe. Frantziako prentsan ere gaia biziki ongi azaldua izan da. Uste dut puntuak irabazi ditugula.

Lehen lerroan segituko duzue?

Pentsatzen dut Txetx eta Berhokoirigoin beren lanetara itzuliko direla, beranta anitz hartu baitute. Baina hori ezin duzu agindu, nahi eta nahi ez elkarrizketa eskaerei erantzun behar diezulako, abiatutako harreman batzuei jarraipena eman behar zaielako. Baina bakearen artisauen ideiak segitu behar badu, espero dut ez duela soilik gure bizkar gainean segituko. Oraingoz, gogoetetan da. Ipar Euskal Herriko eragile ezberdinen artean bilkura bat egon da, Hegoaldeko eragile guziekin ere bilana eginen dugu, eta espero dut segidak egonen direla, eta pertsona gehiagoren sorbalda gainean atxikiko dutela erantzukizuna.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea