Albistea entzun

Kataluniako erreferenduma. Analisia. ANALISIA

Bigarren trantsizioa

Espainiako poliziak, atzo, CUPen egoitzan.
Espainiako poliziak, atzo, CUPen egoitzan. ANDREU DALMAU / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2017ko irailak 21

Franco diktadoreak 40 urtez gobernatu zuen Espainian, eta 40 urtez iraun du haren agindupean ezarritako 1978ko erregimen autonomikoak. Trantsizioaren bidez, erregimenak denontzako kafearen zipriztinak toleratu behar izan zituen, Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide nazionalei eta burujabetza gogoari galga jarri ahal izateko. Frankismoak debekatutako alderdi eta sindikatuek —PSOE, EAJ, PCE, CiU bihurtuko ziren alderdi demokristau katalanak, UGT...— konstituzioa babestea erabaki zuten, balizko hausturari bizkar emanda, eta sistemaren egonkortasunaren berme izan dira, oraintsu arte.

Urriaren 1eko erreferenduma lehertzeko Espainiako segurtasun indarrek atzo egindako operazio eta atxiloketekin, Kataluniako autonomia de facto baliogabetu du Madrilek, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak berak azpimarratu duenez.

Trantsizioaren «izpiritua» mamutzar bat baino ez da orain, eta haren legitimitate demokratikoa hutsetik gertu dago Katalunian.

Ziur asko, independentisten aurkako jazarpenaren nondik norakoak adosteko ez ezik, izpiritu hori nola berpiztu aztertzeko ere elkartuko ziren atzo Mariano Rajoy, Albert Rivera eta Pedro Sanchez Espainiako alderdi unionistetako buruak. Gobernu demokratiko baten goi kargudunak atxilotu, exekutiboaren eta alderdien egoitzak miatu, kartel, propaganda eta erreferendumerako materiala konfiskatu, bilerak eta ekitaldi politikoak debekatu eta salbuespen egoera bat ezartzeaz gain, aurrera begirako eskaintza politiko bat ere egin beharko baitu Espainiak berandu baino lehen.

Izan ere, 40 urtez iraun duen estatutua zaldien hanketan jarri ondoren, haren oinordekoaren bila ere arituko dira Espainian, ekaitza baretzen denerako. Kataluniari euskal lurraldeek dutenaren antzeko fiskalitate sistema berezi bat eskaintzea izan daiteke euren kartetako bat. Izan ere, konstituzioaren lehen artikuluak aipatzen duen «subiranotasun nazional zatiezina» ukitzea ez dute aurreikusten ezta sozialistek ere. Norbaitek zalantzaren bat bazuen ere, aste honetan PSOEko bozeramaile Oscar Puentek garbi utzi du alderdiaren jarrera horri dagokionez.

Baina, dauden egoeran, erabakitzeko eskubidea baino eskaintza apalago batek nekez aseko du Kataluniako herritarren burujabetzarako egarria. David Fernandez CUPeko diputatu ohiak igandean berripaper honetan zioen moduan, autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka irabazia dute Katalunian: «Eztabaidan dagoena da noiz eta nola».

Litekeena da, atzo Espainiako hedabide nagusiek zioten moduan, erreferendumaren motorra gripatu eta urriaren 1eko antolakuntza jota utzi izana. Baina atzo arte zegoen baino are okerrago geratu da Espainiako erakundeen legitimazioa Katalunian eta nazioartean. Egoera horretan, ikusi beharko da Kataluniako erakundeen erantzuna zein den. Erreferenduma egitea ezinezko gertatzen bazaio, independentzia deklarazio bat egitea da aukera bat, horretarako azken hauteskundeetan lortutako %48ko gehiengoa eskasa bada ere. Beste aukera bat izan liteke hilabete gutxi barru hauteskundeetara deitzea eta independentistek gaur egun duten gehiengoa handitzea, Espainiak eragindako haserrea baliatuz. Egoera horretan, bi aukera baino ez zaizkio geratuko Madrili: Kataluniako erakundeekin erreferenduma hitzartzea, edo independentziarako alde bakarreko deklarazio bati indarrez aurre egitea.

Gertatzen dena gertatzen dela ere, bigarren trantsizioa martxan da Katalunian, eta haren zipriztinak 1978ko erregimenaren estamentu guztietara hel daitezke, baita bare-bare diruditen Hego Euskal Herriko bi erkidegoetara ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.