Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika EH Bildu bilduagoa

Publizitatea

Politika

EH Bildu bilduagoa

Arnaldo Otegiren zuzendaritza politikoak %84ko babesa lortu du EH Bilduren kongresuan. «Iraultza kontserbadorearen» alternatiba direla esan du
EH Bilduren I. Kongresua amaitutakoan, zuzendaritzaren argazkia, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiarekin.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-06-18 / Iñigo Astiz

Arnaldo Otegi izango da EH Bildu koalizioko lehen koordinatzaile nagusia. Orain arte, Sortuk, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatu dute koalizioa, baina, sigla horien batuketaz harago, koalizioaren nortasun propioa sustatzea izan da EH Bilduren I. Kongresuaren helburua, eta Otegi hautatu dute prozesu hori gidatzeko Bilboko Euskalduna jauregian bildutako militanteek. Otegik proposatutako zuzendaritza taldearena zen hautagaitza bakarra —alderdiek ere ordezkari bana izango dute taldean, baina ez dituzte izendatu oraindik—, eta zenbateko babesa izango zuen jakitea falta zen. 2.144 militanteren botoekin, %84ren babesa jaso du, zehazki, eta %93ko babesa izan dute txosten politikoak eta estatutuek. Otegirekin batera izango dira zuzendaritzan Gari Mujika, Ainhoa Beola, Koldo Castañeda, Maider Karrere eta Josu Juaristi. «Independentzia eta eredu sozial berri bat nahi ditugu», adierazi du Otegik kargua hartu berritan.

Abertzalea eta ezkerrekoa: hasiera-hasieratik jarri dizkio bi abizen horiek EH Bilduren proiektuari Otegik, bozketa egin ondoren egindako hitzaldian. «Guk sinesten dugu herri honek aterpe bat behar duela, eta aterpe hori estatu bat izan behar dela. Estatu aterpe bat jendearentzat, jendea zaintzeko, eta guk euskal errepublikaren aldeko apustua egiten dugu».

Hamabost minutu inguruko hitzaldia egin du Otegik, eta behin ere ez du aipatu Eusko Alderdi Jeltzalearen izenik. Etengabeak izan dira zeharkako erreferentziak, ordea, eta EAJren alternatibatzat aurkeztu du EH Bildu. «Euskal Herrian iraultza kontserbadore bat dago martxan», esan du. «Guk iraultza kontserbadore horren aurrean jarriko dugu iraultze demokratikoa».

EH Bildu jeltzaleekin lankidetzan aritzeko prest dagoela azaldu du Otegik, «ardura historikoagatik», baina lankidetza horrek bere mugak ere badituela azaldu du. «Gauza bat da eskua luzatzea, eta beste gauza bat da ahaztea gu alternatiba bat garela herri honetan. Konplexurik gabe esaten diegu hemengo neoliberalei: 'Zuen politika neoliberalak inposatzen jarraitzen baduzue, gu parean edukiko gaituzue'».

Kataluniako «bataila»

Katalunia izan da Otegiren hitzaldiko beste erreferentzietariko bat, eta, hain zuzen ere, hari aipamen zuzena eginez amaitu du hitzaldia: «Gora Euskal Herria askatuta», oihukatu du lehenik, eta, «Gora Katalunia askatuta» gero. Eta horiek izan ditu azken hitzak. Izan ere, haren iritziz, Euskal Herriko prozesuarekin guztiz lotuta dago Kataluniakoa. Otegiren hitzetan, gaur egun Katalunian jokatzen dena ez baita soilik «Kataluniaren askapenaren bataila», baizik eta baita Euskal Herriaren «askapenaren bataila» ere. Elkartasuna adierazi die, horregatik, kongresura bildutako nazioarteko ordezkarien artean izan diren Kataluniako gonbidatuei.

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko eledunak ere eman du hitzaldia Otegiren aurretik, eta hark eman du eguneko anekdota ere. Kongresura harri bat eramatekoa zela esan du biltzarraren aurretik egindako elkarrizketetan, harekin EH Bildurentzako «zimendu sendo bat» jartzeko. Metafora errealitate bilakatu nahi izan du, ordea, kongresuan, eta eskutan benetako harri bat hartuta hitz egin du oholtzatik. «Hau da etorkizuna eraikitzeko ekarri dudan harria».

EH Bildu da Euskal Herriarentzako «alternatiba bakarra», Iriarteren hitzetan. «Gure proiektua da Euskal Herriaren independentziaren alde egiten duen bakarra. Bai, bakarra».

Euskarari ere pisu berezia eman dio legebiltzarkideak, eta keinu egin dio aste honetan Eusko Legebiltzarrean ertzainen hizkuntza mailaren harira euskararen inguruan izan den eztabaidari. «Euskaratik eta euskaraz eraiki nahi dugun herria da hau, aitzakiarik gabe, parlamentutik botatzen bagaituzte ere; euskaraz eraiki nahi dugun herria».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak