Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Independentistok politika egiten ikasi beharra daukagu»

Publizitatea

Politika

Josetxo Zaldua. 'La Jornada' egunkariko edizio arduraduna

«Independentistok politika egiten ikasi beharra daukagu»

Etakidea izatea leporatu zioten Zalduari, eta alde egin zuen Iruñetik, 'Egin'-eko argazkilaria zela. Duela 36 urte heldu zen Mexikora, bere «bigarren» herrialdera. Kazetari begiradarekin erreparatzen dio munduari, eta baita bihotz begiekin ere, «baina nostalgiarik gabe», bere aberriari.
Argazkia: IGOR SUSAETA

2016-11-06 / Igor Susaeta

Futbolzale amorratua da Josetxo Zaldua (Elizondo, Nafarroa, 1951). La Jornada egunkarian futbolari buruzko zutabe bat idazten du horretarako beharra sentitzen duenean, eta bere bulegoko telebistan beti dago futbol partidaren bat ikusgai. Osasunaren harrobiko erdilari fina zen Zaldua, baina eskuin belauna txikitu zuen 18 urterekin. Jaso zuen lehen kolpea izan zen hura; bigarrena hamar bat urte geroago heldu zen, etakidea izatea leporatuta erbesteratu behar izan zuenean. «Nirea beste ehunka gizon eta emakumeren istorioa da, gure aurretik eta ondoren ere bide hori bera egin behar izan zutenena. Erakunde barruko nire eginkizunak ez zuen inongo garrantzirik...».

1980 bukaeran heldu zen Mexikora, eta orduan hasi zen bere bizitza «berreraikitzen». Berehala lana topatu zuen Unomasuno egunkarian, eta 1984an La Jornada sortu zuen, beste kide batzuekin batera. 1983tik 1990era, berriemailea izan zen Erdialdeko Amerikan; 1990etik 1995era, Latinoamerika osoan. Egunkariaren edizio arduraduna da 1996tik.

Eskertuta dago bizitzari, «zorte oso ona» eduki duela iruditzen zaiolako, eta oso eskertuta Mexikori ere. Euskal Herria zapaldu gabe 25 urte pasatu behar izan zituen arren, hiltzen denean, «eta ez da beranduegi izango», bere errautsen zati bat Amaiurrera eramateko agindu du, Nafarroara. «Nire gurasoenak ere han daude». Itzultzen den bakoitzean sentitzen du bere lurraren beharra eduki izan duela.

Mexikoko Giza Eskubideen Komisio Nazionalak (CNDH) datu hau eman du: 2000. urteaz geroztik, 114 kazetari hil dituzte Mexikon. Zenbateraino baldintzatzen du horrek kazetarien jarduna?

Uste dut ez duela baldintzatzen. Halere, bereizketa bat egin behar da: ez da gauza bera kazetari izatea Mexiko Hirian edo narkoaren eraginagatik beroak diren eremuetan. Mexikoren iparraldea zein hegoaldea hartzen dituen periferia biolentoan lan egiten duten kideek gogoan dauzkate beren zereginak dauzkan arriskuak, baina berdin-berdin egiten dute lan. Kide horien adorea miresten dut. Eremu horietan lan egiten duten gure egunkariko berriemaileei beti esaten diet ez dugula martiririk nahi, haien esku dagoela tokatuko zaizkien egoerak aztertzea, ez daukatela zertan arriskurik hartu, albiste bategatik ez duela merezi bizia galtzea.

La Jornada egunkaria erreferentea da ezkerreko mexikarrentzat. Beste komunikabideetan tokirik ez dutenei ahotsa ematea da zuen leitmotiv nagusia. Nahikoa al da hori merkatuan beste egunkariekin lehiatzeko?

Bai. Badugu balio bat beste ezeren gainetik zaintzen duguna: sinesgarritasuna. Oso zaila da sinesgarritasuna lortzea, eta galdu egin dezakezu segundo bakar batean; eta danbateko horretatik osatzea Everestera pijamarekin igotzea bezain zaila da ia-ia. Guk, adibidez, ez ditugu argitaratzen zentzu oinarrizkoena —zentzu ona, alegia— iraintzen duten argazkiak, iruditzen zaigulako ez dutela informaziorik ematen. Kontrara: gizartea astotzen laguntzen dute. Kontuz, ordea, erratu egin dezakegu-eta, baina horretan ere eredugarriak gara gu herrialde honetan. Inori ez zaio gustatzen hanka sartu duela aitortzea, baina guk aitortzen dugu.

«Beti eduki dugu harreman zaila botere politiko eta ekonomikoarekin». Zuk esana da. Besteek baino oztopo gehiago gainditu behar izaten dituzue?

Bai, noski. Politika zein enpresa esparrukoek gurekin hitz egiteko beldurra dute; haientzat erosoagoa da beste komunikabide batzuekin hitz egitea. Ikusten dute La Jornada-ko kazetari bat, eta pentsatzen dute: «Zer galdetuko dit?». Nolabait esatearren, deabruzko irudi bat dute gutaz, molestatu egiten dugula iruditzen zaielako; halere, guk ere zerbait lagunduko genuen irudi hori sortzeko, eta ez naiz horretaz inola ere lotsatzen.

Mexikon, zure iritzian, sinesgarritasun falta nabaria du ez soilik gobernuaren diskurtsoak, baita eta oro har politikarienak ere. Iruditzen zaizu politika instituzionalak amore eman duela eta jendea nazkatuta dagoela?

Jendea oso nekatuta dago, eta hori agerian geratzen da bozkatu behar den bakoitzean. Politikariengan konfiantzarik ez duenean, jendeak haserrea adierazten du bozkatzera joan gabe; demokraziak horregatik dira ahulagoak. Mexikoren gabezia nagusia zera da, herritarrek ez dietela hitz bakar bat bera ere sinesten agintariei. Agintariak, edonongoa eta edozein alderditakoa izanda ere, zerbait beltza dela esaten badu, jendeak, guk, esango dugu: «Bada, begira, ez, zuria da». Drama bat da.

Etakidea izatea leporatu, eta alde egin behar izan zenuen Euskal Herritik 1978an. Bizitza guztian gainean eraman beharreko zama moduko bat da hori?

Ez, sekula ez da zama bat izan niretzat. Pasatutako kontuak dira, kontu oso mingarriak. Iruditzen zait gauza asko oker egin zirela, baina urte haietako gazteoi tokatu zitzaigun egoeran, zurrunbilo horretan zaudenean... Bada, a posteriori, orain, oso erraza da dena epaitzea, eta hemen beti hitz egiten da txarrez eta onez. Nik onar dezaket onak biktimak direla, baina hura gatazka irekia zen guretzat. Borrokatzeko modua eztabaidagarria da, noski, eta ez dago dudarik mina eragin zela.

Iheslari asko heldu zen Mexikora 80ko urteetan. Zergatik hona?

Telesforo Monzon eta Santi Brouard ziren euskal diplomaziako kide esanguratsuenak, eta erabaki zen, gure munduan oso errespetatuak ziren zibilekin kontsultatuta, talde bat sortzea. Haiek bidaiatu zuten Latinoamerikako hainbat herrialdetara, eta egiteko diplomatiko-humanitario bat bete zuten. Ordezkaritzak eskatu zien gobernu batzuei ireki ziezazkiola ateak jada ETArekin zerikusirik ez zuten batzuei. Agindua zen: herrialde horretara iritsiko ziren horiek dena erabat ahaztuko zutela.

Bi herrialdek ireki zuten atea: Mexikok eta Venezuelak. Mexikora, 50 eta 60 iheslari inguru heldu ginen 1980ko hamarkadaren hasieran. Kupo horren ondoren atea itxi zuten, errealitatea aldatu zen, politika, ETArekiko zegoen ikuspegia ere aldatuz joan zen...

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak noizbait esan izan du errefuxiatuen lege egoera aztertu beharko litzatekeela. Zein da zure lege egoera? Eta zure ingurukoena?

Oso erraz azaldu daiteke nirea: halako batean, Espainiako Auzitegi Nazionalak dokumentu bat zabaldu zuen, eta bertan ziurtatu, nik, Josetxo Zaldua Lasak, ez nuela jada epaitzeko kausarik. 1995 eta 2000 artean gertatu zen hori. Halere, nire ustezko delituak preskribaturik egon aurretik ere —inoiz ez nintzen aurrez aurre epaitua izan —, indarrean neukan Mexikoko Espainiako enbaxadak emandako Espainiako pasaportea. Nire izenarekin bidaiatzen nuen, nahiz eta ez nintzen joaten Espainiara, eta are gutxiago Euskal Herrira.

Lege aldetik, zein alde zeuden eta daude euskal iheslarien eta beste gatazka batzuetako errefuxiatuen artean?

Mexikora heldu nintzenean ezagutu nituen ia Latinoamerika guztiko gerrillariak. Hemen zeuden errefuxiatu txiletarrak, uruguaitarrak eta argentinarrak. Pentsaezina zen haien herrialdeetako gobernuek Mexikora heriotza eskuadroiak bidaltzea, errefuxiatuak akabatu zitzaten. Luis Etxeberria Alvarez Mexikoko presidentea zenean hasi ziren errefuxiatuak iristen [1970-1976]. Argi-itzalak dituen pertsona bat da, baina hark ireki zizkien ateak erbesteratu hegoamerikarrei. Ez zuten errefuxiatu politiko estatusik, baina babestu zituzten, eta bizileku baimena eman.

Zer egin daiteke euskal errefuxiatuen egoerari buruz?

Kasu bakoitza diferentea da. Tira, guk ere ez ditugu dementzia itxurak egingo: zure kontra odol delituren bat duzun edo ez, dena aldatzen da. Halere, akordio zabal bat lortu beharko litzateke, kideei egoera erregularizatzea ahalbidetuko diena. Haiek gauza bakarra dute buruan: Euskal Herrira legalki itzultzea. Baina ezin dira bueltatu askatasuna ez dutela galduko ziurtatzen ez bazaie. Espainiak, PPren itxikeria beldurgarria gorabehera, alderdi humanitariotik heldu beharko lioke auziari.

Bost urte igaro dira ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik. Halere, bake prozesua geldi dagoela dirudi. Nola desblokeatu daiteke egoera?

Mariano Rajoyren gobernuarekin, oso-oso zaila da. Euskal Herria estaturik gabeko nazioa dela ulertzen ez duenak, bada, ez du ezer ulertzen. Euskal Herriak eta Kataluniak, bide demokratikoak erabilita eta erreferendum bidez, naturaltasun osoz eta gizalegez nahi dute Espainian gelditu edo ez erabakitzea, Quebecen edo Eskozian egin bezala adibidez. Eta ez dut ulertzen hori eragozten ahalegintzeari jarrera demokratikoa deitzea. Uler dezaket erreparoak egotea, bai, baina iruditzen zait prozesu ireki honek batzuk besteak baino gehiago poztuko eta ilusionatuko dituen albiste on bat ekarriko duela. Eta, horretarako, politika egin behar da. Batez ere, Euskal Herrian; asko baitago egiteko. Ez ginen soilik okertu, beharbada, borroka armatua luzatzean. Okertu ginela pentsatzen dutenetakoa naiz, baina tira: egindakoa eginda dago, eta horren gainean lan egin behar da. Guk, independentistok, politika egiten ikasi beharra daukagu.

Brian Currinen iritziz, euskal eragileek akordioa lortu beharko lukete Madril estutzeko, baina uste du «alderdi independentisten» artean konfiantza falta dela pauso gehiago emateko.

Erabat ados nago Currinek dioenarekin. Kontua da muturreko nazionalismoak nola lan egin dezakeen nazionalismo moderatuarekin; nolabait esatearren, elitekoarekin; eta alderantziz. Eta EAJren barruan asko dira inondik ere elitekoak ez direnak! Zubiak eraiki behar ditugu, baina soilik bide politikotik joanda irabaziko diegu.

Bestetik, kaltegarria iruditzen zait independentismoa biktimismoan erortzea. Lan egin dezagun, saia gaitezen jendea gure programarekin konbentzitzen.

Zuk hainbat prozesu bizi izan zenituen Latinoamerikan berriemailea izan zinenean. Besteak beste, 90eko hamarkadan nagusitutako neoliberalismoari nola erantzun zitzaion ikusi zenuen Venezuelan, Brasilen, Ekuadorren... Ezkerreko mugimendu hori gain behera doa?

Brasilen kasua enblematikoa da, establishment-ak (alderdi tradizionalak eta enpresak) erakutsi duelako badakiela nola ahuldu sortu berriak diren alderdi progresistak, badakielako nola aprobetxatu haien akatsak. Lula [Da Silva] boterera heldu zen, eta denok aho zabalik geratu ginen, ez genuelako pentsatzen Brasil bezalako herrialde batean hori gerta zitekeenik. Eta, kontuz, ez baitzen kasualitatea izan: PTk lan sozial izugarria egin zuen. Boterera heldu, eta gizartean baztertuta zegoen jendea putzutik ateratzeko politika bikainak jarri zituen indarrean. Zer gertatzen da? Brasilen latzak dira kontrasteak. Mehatxatuta sentitu zen establishment-a, eta komunikabideek estrategia bat jarri zuten martxan, zeinak bata bestearen ondorengo hutsegiteak eragin zituen, Lularen gobernuko zein bere alderdiko ustelkeria agerian utziz, esaterako. Estatu kolpe leun bat gertatu zen, eta molde horixe da orain Latinoamerikan modan dagoena. Eremu egokia da hura kolpistentzat, gertatzen dena da orain jada ezin dituzula tankeak kalera atera; beste modu batean egiten da, jada ez da odola isurtzen. Pixkanaka itotzen zaituzte.

Eta Venezuelan, zer ari da gertatzen?

Venezuelan ez dago chavismorik [Hugo] Chaves gabe; onerako zein txarrerako, pertsonaia errepikaezina da. [Nicolas] Maduro ez da hori, eta Chavesen oinetakoak oso handiak geratzen zaizkio. Brasilen PTri gertatu bezala, kanpotik zein barrutik basatiki jazarri dute, baina bere politikek ez dute gehiegi laguntzen.

Badaude kontrako kasuak, gauzak beste modu batera egin dituztenak: [Rafael] Correak Ekuadorren, eta Evo Moralesek Bolivian. Beste joera bat dute bai herrialde horiek eta baita agintari horiek ere. Morales menditik dator, nolabait esatearren. Ez da gizon ilustratu klasikoa, bere burua eraiki duen gizon bat baizik: azkarra, zentzuduna, bizitza oso gogor bat eduki duena. Kontuan hartu behar da, gainera, agintari horiek, izan gizonezkoak edo emakumezkoak, taldeak sortzeko gai diren edo ez; hori ezinbestekoa da bizitzako edozein arlotan. Correaren kasuan, berriz, AEBetan ikasi duen morroi ilustratu batez hitz egiten ari gara. Ez da muturrekoa, baina bai, ordea, nazionalista, bere herrialdea ahal bezala defendatzen duena. Liskarrak dauzka, hori bai, bere herrialdeko indigenekin, baina baita komunikabideekin eta aberatsekin ere.

AEBetan hauteskundeak egingo dituzte etzi. Zer dago jokoan? Emaitza batek edo besteak nola eragin dezake?

Bai Donald Trump eta bai Hillary Clinton, biak belatz dira: Clinton ez hainbeste, baina bada. AEBetako analistek kontu bati erreparatu diote: botoi nuklearrari. Izan ere, Etxe Zurian esertzen denak eskura dauka botoi nuklearra. Trump morroi ero bat da... Boterera heltzen bada, eta aukera asko dauzka, botoi nuklearra sakatzeko daukan arriskutik harago, ez dut uste behartuko duenik ezarritako ordena; bota egingo lukete, John F. Kennedy bota zuten moduan, adibidez.

Publizitatea

Sortu kontua
Igor Susaeta Igor Susaeta

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak