Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua 24 orduan 2.000 errefuxiatu inguru erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan

Publizitatea

Mundua

24 orduan 2.000 errefuxiatu inguru erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan

Libiako kostazainek sei ontzitan zihoazen 906 lagun aurkitu dituzte, eta Irlandako armadak, 700dik goiti. Espainiak 92 salbatu ditu, eta hilik topatu ditu bortz
Milaka herritar elkartu ziren atzo Madrilen, ehun erakundek baino gehiagok errefuxiatuen alde egindako manifestazioan.
Argazkia: FERNANDO ALVARADO / EFE

2017-06-18 / Mikel Rodriguez

Mediterraneo itsasoan 24 orduan 2.000 errefuxiatu inguru erreskatatu dituzte, Europara gurutzatu nahian ari zirela. Libiako kostazainen arabera, Afrikako eta Asiako 906 herritar atzeman zituzten herenegun gomazko bortz ontzitan eta egurrezko batean, mendebaldeko kostako Sabratha hiritik 11 kilometro iparraldera. «Gomazko ontzietako bat zulatuta zegoen, hondoratzear, eta egurrezkoak ez zuen motorrik», adierazi zuen atzo Ayub Qassem jeneralak. Irlandako Errepublikako armadak, ortziralean, 700 errefuxiatu inguru hartu zituen Libiako kostatik 80 kilometrora. Espainiako kostazainek, berriz, Saharaz hegoaldeko 92 herritar aurkitu zituzten atzo hiru ontzitan, Marokoko kostatik iparraldera. Gainera, Espainiako uretan bertze txalupa bat topatu zuten, bortz gorpurekin.

IOM Munduko Migrazioen Erakundearen arabera, aurten Afrikako eta Asiako 77.000 errefuxiatu inguruk lortu dute Mediterraneoa gurutzatzea, eta 1.800 inguru hil dira zeharkaldian —horietako 118, ekaineko lehenbiziko bi asteetan—. Hala ere, IOMek berak ohartarazi du bildu dituen datuak «gutxieneko kalkuluak» direla.

Uda hurbildu ahala, Mediterraneoa gurutzatzeko ahaleginak nabarmen handitu dira azken urteotan, eta azken 24 orduak horren adibide argia izan dira. Libiako kostazainen arabera, herenegun aurkitu zituzten ontzietako errefuxiatu gehienak Saharaz hegoaldekoak dira, baina bertze eremu aski ezberdinetako herritarrak ere badaude horien artean: Libia bertakoak, Marokokoak, Egiptokoak, Pakistangoak eta Bangladeshkoak. Horien artean 25 haur daude, eta haurdun dauden zazpi emakume. Qassem jeneralaren arabera, ontziak Zawiya hiritik atera ziren, eta kostazainek Libiara itzularazi zituzten errefuxiatuak. «Hurbil dagoen findegi batera eraman zituzten lehen arreta emateko, eta, ondoren, migratzaileentzako Victoria harrera gunera».

Turkiako bidea, itxita

Irlandako Errepublikako armadako LÉ Eithne ontziak Italiara eraman zituen erreskatatutako 703 errefuxiatuak. Toki ezberdinetan aurkitu zituen ontziak egun osoan, eta, gutxienez 85, gobernuz kanpoko erakundeek erreskatatu ondoren jaso zituen. EB Europako Batasunak Mediterraneoan hedatutako misioaren parte da LÉ Eithne. Maiatzaren 23an ailegatu zen Mediterraneora, eta, ordutik, 15.000 iheslari inguru atera ditu itsasotik.

EBk eta Turkiak errefuxiatuen etorrera gelditzeko akordioa egin zutenetik —iazko maiatzean—, Libia bihurtu da Europara ailegatu nahi duten Afrikako eta Asiako migratzaileentzako irteera portu nagusia. IOMen datuen arabera, 2016ko urtarriletik ekainera 157.000 errefuxiatu inguru ailegatu ziren Turkiatik EBra; aurtengo urtarriletik ekainera, berriz, 8.000. Libiatik, 2016ko urtearen lehenbiziko erdian 55.000 inguru ailegatu ziren, eta, aurten, 65.000. Muammar Gaddafi indarrez boteretik kendu ondoren (2011), Libiako Estatua desegin zen, eta, hortaz, hark Europara joan nahi zuten migratzaileei ezartzen zien kontrola ere bai.

Marokon Libian baino anitzez kontrol zorrotzagoa dute itsasoa gurutzatu nahi dutenek, baina, hala ere, hirukoiztu egin da Europara ailegatu direnen kopurua. Aurten, ekainaren 14ra arte, 3.300 errefuxiatu etorri direla zenbatu du IOMek. Espainiako kostazainek Andaluziara eraman zituzten atzo aurkitutako 92ak —zazpi adingabe daude horien artean—. Herenegun, Marokotik bertze txalupa baten inguruko abisu bat jaso zuten, baina atzo txaluparen barrenean hilda topatu zituzten bortz lagun.

Atxiloketak Errumanian

Espainian atzo milaka lagun elkartu ziren errefuxiatuen alde deitutako manifestazio batean. Gobernuari exijitu zioten EBk 2015ean egindako kuota banaketaren arabera dagozkion 17.000 errefuxiatuak iraila baino lehen hartzeko. 1.304 bakarrik hartu ditu orain arte. Grezian eta Italian zeudenen artetik 160.000 hartzeko konpromisoa hartu zuten EBko 23 estatuk. Oraingoz, 21.000 hartu dituzte soilik, eta Europako Batzordeak zigor prozedura bat hasi du Poloniaren, Txekiaren eta Hungariaren aurka, dagozkien errefuxiatuak hartzeari uko egin diotelako.

EBk hartutako neurri murriztaile guztiek, ordea, ez dituzte geldiarazi gerratik eta pobreziatik ihes egiteko Europara ailegatu nahi dutenen asmoak. Errumaniako Poliziak Irakeko herritartasuna duten 32 iheslari atxilotu zituen atzo —horietako hamabortz, adingabeak—, Hungariako mugan. Kamioi batean ezkutatuta topatu zituen. Poliziaren arabera, Errumanian asilo politikoa eskatua zuten guztiek, «baina Schengen eremuko herrialderen batera» joan nahi zuten. Nahiz eta Errumania EBko kide izan, ez dute onartu muga irekiko erregimenean.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak