Marten bildu dira ametsak

ESAk planeta gorrira bidalitako azken misioak emaitza gazi-gozoak izan ditu, lurreratu behar zuen moduluak huts egin eta gero. Pil-pilean dagoen eztabaida da Martera gizakiak eramatea.
Marten asteon egin nahi zuten operazioaren irudikapen bat; azken-azkeneko unean izan zen arazoa.
Marten asteon egin nahi zuten operazioaren irudikapen bat; azken-azkeneko unean izan zen arazoa. EFE

Juanma Gallego -

2016ko urriak 23
Marten dira jada ExoMars misioa osatzen duten TGO satelitea eta Schiaparelli izeneko lurreratze modulua. Satelitearen egoera ona bada ere, moduluarekiko komunikazioak eten ziren lurreratzearen azken segundoetan, eta ESA Europako Espazio Agentziak galdutzat eman du modulua; planetaren kontra jo eta txikitu zela onartu du. Errusiako Roscosmos agentzien arteko elkarlanetik abiatutako misioak Marteko gasak ikertuko ditu bereziki, horren bitartez planetan bizia ote dagoen —edo noizbait izandakoa ote den— argitu nahian. Europak Martera egin duen bigarren bidaia da hau, eta lehen misioan gertatu zena gertatu da berriz ere: 2003an abiatu zen Mars Express, eta bidalitako satelitea lanean ari da oraindik. Kasu horretan, Beagle 2 modulua eraman zuen misioak, baina Marten lurreratu behar zuen unean galdu zen moduluarekiko komunikazioa, eta galdutzat eman zen.

Marten lurreratzeak zailtasun tekniko handiak dakartza. Planetak oso atmosfera arina duenez, ziztu bizian doan espaziontziaren abiadura azkar eta zehaztasun handiarekin geldiarazi behar da. Egoera horrek istripua izateko arriskua handitzen du. Hasiera-hasieratik, ESAk «frogatzailetzat» jo du Schiaparelli modulua, ingeniaritzan teknologia bat behar den bezala garatuta dagoen frogatzeko erabiltzen den kontzeptua, alegia. Izatez, ESAk 2020an bidali nahi duen noranahikoa han pausatzeko lehen ahalegina izan da. Orain arte, NASAk baino ez du lortu Marten noranahikoak kokatzea.

Halere, orbitadorea onik dago, eta zientzialariak datuak jasotzeko irrikan daude. TGO sateliteak Marteko atmosferan dagoen metanoa ikertuko du bereziki, gas horren banaketa eta jatorria argitzeko asmoz. Adituen ustez, Marten bizi mikrobianoa dagoen edo iraganean bizia izan ote zen jakiteko gakoa izan daiteke metanoa. «Marteko atmosferan metanoaren banaketa zehaztasun handiz neurtzea espero dugu», esan du Miguel Angel Lopez Valverde fisikariak. Adituak bost urtean dihardu Andaluziako Astrofisikako Institutuan (Espainia) GTO satelitearen NOMAD tresna prestatzen. Belgikako zientzialariekin batera lanean izan dira tresna egiten. Haren esanetan, Marten nahiko berria den teknika bat erabiliko da orain: «Era sistematikoan Eguzkia nola ezkutatzen eta nola agertzen den behatuko du tresnak. Planetaren atmosferak Eguzkiaren argia nola xurgatzen duen ikertuz, atmosferan dauden gas molekulak antzemateko aukera izango dugu».

Zientzialariek, beraz, aztarna gasak izango dituzte jomugan. Kopuru urrian egonda ere, zientzia interes handia duten molekulak dira. «Horien presentziak zerbait konkretua gertatzen ari dela esan nahi du. Sufrea egoteak, esaterako, sumendi jarduera baten berri eman dezake, nahiz eta jarduera hori intentsitate txikikoa izan». Sateliteak eskuratuko dituen datuekin, bi urte barru Marteko metanoaren jatorria argituko dutelakoan dago aditua. Bide horretan, tresnaren zehaztasuna erabakigarria izan daiteke. «Orain neurtzeko gai garena baino ehun aldiz zehatzagoak izango dira neurketak». Horrela, gasaren aldakortasunaz gain, gasa non galtzen den aurkitu nahi dute. «Susmoa dugu Marteko zorupearen eta atmosferaren arteko elkarrekintza dagoela, baina oraindik ez dakigu hori».

Datuen zain

Datuei etekina ateratzea espero dute Eguzki Sisteman interesa duten zientzialari askok. Besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek. Jupiter eta Saturno planeta erraldoiak bereziki ikertzen dituzte, baina Marteri buruzko interes apartekoa daukate euskal astronomoek, taldeko astrofisikari Naiara Barradok azaldu duenez.

Interes horren adibide da iaz taldeko zuzendari Agustin Sanchez-Lavegak eta beste hainbatek Marten agertutako hodei bitxi bati buruz Nature aldizkarian argitaratu zuten artikulua. «Hango atmosferan, 250 kilometroko altueran azaldu zen luma itxurako egitura hodeitsu bat izan zen», gogoratu du Barradok.

Fenomenoa bi aldiz ikusi zen, 2012ko martxoan eta apirilean, batez ere astronomo zaleek egindako behaketei esker. Lumaren jatorria argitzeko asmoz, Hubble espazio teleskopioaren irudiak aztertzeari ekin zioten Sanchez-Lavegaren taldekoek, eta orduan jabetu ziren 1997ko maiatzean tamaina bereko beste luma bat jasota zegoela argazkietan.

«ExoMars-i esker, horrelako fenomenoen jatorria argitzen lagunduko diguten datuak eskuratzea espero dugu», nabarmendu du astrofisikariak. «Marte oso ondo kartografiatuta dago, eta, beti gehiago ikas badaiteke ere, hango geologia arras ondo ezagutzen da. Guri, bereziki, planetaren atmosfera interesatzen zaigu, eta, alde horretatik, ExoMars oso baliagarria izatea espero dugu».

Marterako bidean

ESA Europako Espazio Agentziaren azken emaitza gazi-gozoek errealitate gordina agerrarazi dute: hara heltzeko teknologia nahiko garatuta badago ere, han bertan lurreratzea askoz konplexuagoa da. Hala ere, gero eta gehiago dira misio tripulatuen alde mintzo direnak.

«Iraungitze masiboaren zain Lurrean gelditu, ala planeta anitzetan bizi den zibilizazioa bilaka gaitezke». Bi aukera horiek mahai gainean jarri zituen irailaren amaieran, Mexikon egindako biltzar batean, Elon Musk enpresaburu ezagunak. Marte kolonizatzeko egitasmo handinahia aurkeztu zuen Muskek. Haren aburuz, espaziontzi erraldoi bat erabiliz, 2030eko hamarkadarako posible izango da Martera ehun lagun eramatea eta han zibilizazio bat abiatzea. 2024. urterako dena prest egotea espero du.

Kasualitatea ala ez, sektore pribatuarekin batera, Martera ailegatzearen alde azaldu da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obama. CNN telebista katearen webgunean argitaratutako zutabe batean berriki adierazi duenez, «helburu garbia» dute AEBek: «2030eko hamarkadan gizakiak Martera bidaltzea eta Lurrera bueltan onik ekartzea, epe luzera han luzaroago egoteko helburuarekin». Horretarako, eta enpresa pribatuekin elkarlanean, Marterako bidaia eta egonaldia ahalbidetuko dituzten habitat berriak eraikitzen ari direla iragarri du Obamak.

Zientziaren alorrean, ordea, zuhurrago hartzen dira halako proposamenak. Lopez Valverderen iritzia horren adibide da. «Zientzialari askok ilusio handia dute horren inguruan, baina ni neu ez naiz astronautak hara lehenbailehen bidaltzearen aldekoa».

Bi arrazoi aipatu ditu adituak. «Batetik, oso garestia da; horrelako misio batek balio duenarekin hamar misio robotiko egin litezke, zientziaren ikuspegitik, gainera, askoz informazio gehiago eman dezaketenak». Bestetik, planeta hori zaintzearen beharra aldarrikatu du. «Ez da jostailu bat, harribitxi bat baizik. Kutsadura saihetsezina da. Bizidun bat hara eramaten badugu, inguru hura kutsatuta geldituko da, eta ezin izango dugu jakin topatu daitekeen bakterio bat hangoa ala guk eramandakoa ote den».

Barradok ere diruaren arazoa aipatu du, baina Marten gizakia ikustea asko gustatuko litzaiokeela aitortu du. Kutsaduraren arazoa ere azpimarratu du adituak. «Gizaki bat eramanda, kutsatzeko arriskua askoz handiagoa da». Teknologiaren aldetik arazo askorik ez dagoela esan du, eta halako espedizio baten giza alderdiak izango direla zailena. «Bidaia oso luzea da, hango egoera oso zaila da, ura beharko da, janaria, oxigenoa, laguntza medikoa... Oztopo horiek guztiak gaindi daitezke, baina kostu handia dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna