Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Iragan gardenak

Publizitatea

Kultura

Iragan gardenak

Gurasoen etxea hustean sortu zituen Roberto Botijak 'Denbora etena' serieko aleak. Hustuketan aurkitutako objektuekin eszenak sortu ditu. Photomuseumen ditu ikusgai, irailaren 3ra arte
<em>Denbora etena</em> erakusketako argazki zenbait. Argazkilariak guztietan eg in du ispilu joko bat.
Argazkia: ROBERTO BOTIJA

2017-08-13 / Amagoia Iban

Ispilu zahar baten gaineko natura hilak. Lizundutako muxika eta mango aleak, puskatutako plastikozko kaxak, zimeldutako idi bihotzak, aspaldi eroritako arrosa petaloak, herdoildutako torlojuak, lore potoak, perla koloreko itsas karakolen maskorrak, txori txiki baten burezurra, zertarako diren ere antzematen zaila den tramankuluak, identifikatu gabeko ugaztun baten ornoak... Denbora etena. Agortutako errutinen arrastoak. Ispilu aurrean ez, ispilu gainean jarri eta eszena triste bezain argiak eraikita. Roberto Botija argazkilariaren (Bilbo, 1953) proposamena.

Photomuseumen dago ikusgai irailaren 2ra arte. Ez du lehena bertan. 2003an eta 2007an erakusketa bana eginak ditu, baina orduan erakutsitakoak paisaiak ziren. «Normalean paisaiak egiten ditut, izan ere. Guraso zirenen etxea saldu osteko hustuketa lanean hasi ginenean, baina, objektu batzuk aurkitu nituen, eta hau sortu zen». Etxe barruko paisaiak. Ogibidez barrualdeen diseinatzaile den argazkilariak eraikiak. Bodegoi emozionalak. Joandako garaiak argi zuritan. Bihurritutako hostoen festa, poto txikietan sartutako auskalo zer erdigunean. Ispilu zahar baten gainean asmatutako eszenak. «Begira, hemen aurreko argazki honetan ageri diren beirazko ontzitxo hauek... despentsan zeuzkan gure amak, sukalderako erabiliko zituela pentsatzen dut. Ez dakit zertarako zehazki, baina».

Argazki berean, ama zuenak poltsan eraman ohi zuen ispilu txikia. «Denboraren iragatea, gainbehera da adierazi nahi dudana. Zahartzaroa, gaixotasuna, lizuna».

Horregatik sartu du fruta, lizunak eta zimurrek hartutako usteltze prozesua azaltzeko balio diolako.

Eta txoko batean, natura hil baten making of-a, argazkiz argazki, eranskin bat argazkiko: lorategiko hortentsia lehorrak, tipula azalak, baratxuri ale bat, beirazko pote bitxietan sartuta. «Argazkilaritzatik, batez ere, denbora jakin bat interesatzen zait: hemen egonik dagoeneko iragaten ez dena». Hortik Denbora etena. Existitzen ez diren gauzak ere interesatzen zaizkio, baina. «Hemen daude, neuk jarri ditudalako, baina ez beren formagatik, baizik eta beren dentsitate sinbolikoagatik».

Segurtasun kopia

Maite denaren segurtasun kopia da artea, Botijaren ustez, eta heriotzak kendutakoa eta bizitzak emandakoa omentzeko modu bat ditu argazkiok. «Sakontasun handia ematen saiatu naiz irudiei. Eta argia izan dezaten, berez tristea den gaiari argi izpi batzuk ematearren».

29 argazki gardenez betea ageri da Photomuseumeko aretoa. «Argazki asko nituen, oso zaila izan da aukeraketa». Hemendik aurrera berriz paisaiei heltzeko asmoa daukala erantsi du. Bilboko paisaiei, zehazki esanda. «Oso zaila egiten zait ezagutzen ez ditudan paisaiei argazkiak egitea. Ezezagutzak arinkeriarako bide handia irekitzen duela iruditzen zait».

Denbora etena-k, baina, paisaia ez beste lan baterako atea zabaldu omen dio. «Diogenes txiki bihurtu eta zaborretako hondarrak biltzen hasi naiz». Erabilitako te poltsatxoak, zigarro mutxikinak, edari latak... bildu, eta argazkiak ateratzen dizkie. «Bazterrean utzitako denborei eta objektuei begiratzeko tartea hartuz gero ere gauza ederrak egin daitezkeela ikasi dudalako».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak