Albistea entzun

Katalunia. Erreferenduma

Autodeterminazioaren bidean

Junts Pel Sik eta CUPek urriaren 1ean erreferenduma egiteko legea aurkeztu dute. Kataluniako arau nagusia izanen da. Baietzak irabaziz gero, bi eguneko epean aldarrikatuko dute independentzia
Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuak, atzo, Kataluniako Parlamentuan Erreferendum Legea aurkezten.
Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuak, atzo, Kataluniako Parlamentuan Erreferendum Legea aurkezten. ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2017ko uztailak 5

Kataluniak prest du Erreferendum Legea. Parlamentuko gehiengoak irudikatu du nola izanen den urriaren 1a, nahiz eta ez dituen zalantza guztiak argitu. Herenegun Kataluniako hedabideek aitzinatu bezala, nazioarteko legedian oinarritu du izatea, eta Espainiak autodeterminazio eskubidea biltzen duten hitzarmenak sinatu izana du helduleku juridikotzat. Bi elementu nabarmen dauzka legeak: bata, «gatazka sor lezaketen bertze arau guztien gainetik» egonen dela erreferenduma egin arte; bertzea, baietzak irabaziko balu, bi eguneko epean independentzia aldarrikatuko lukeela Kataluniak. «Badaude arriskuak, eta batzuek ordaindu dute jadanik», adierazi zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak atzo. «Baina gibelera eginez gero, amore emanez gero, prezio handiagoa ordaindu beharko da. Eta ez dugu guk ordainduko, etorkizuneko belaunaldiek baizik».

Puigdemontek atzo arratsaldean egin zituen adierazpen horiek, legearen aurkezpenaren harira Junts Pel Si koalizioak Kataluniako Antzoki Nazionalean egindako ekitaldi batean. Erreferendum Legearen aurkezpena goizean egin zuten parlamentuan Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuek. «Kataluniak autodeterminazio eskubidea gauzatuko du, baita autodeterminaziorako betebeharra ere», adierazi zuen Jordi Turull Junts Pel Si koalizioko diputatuak. Legea aldizkari ofizialean argitaratu ondoren sartuko da indarrean, baina ez dute abuztu bukaerara arte tramitatu eta bozkatuko. Horregatik, Junts Pel Sik eta CUPek ez dute plenoan aurkeztu, eta parlamentuko auditorioan egin dute aurkezpena. Hainbat gako ditu legeak. Hitzaurrean, bertzeak bertze, «1978ko akordio konstituzionala» hautsitzat jotzen du, Espainiak ez zuelako errespetatu 2005ean Kataluniako Parlamentuak bozkatu eta ondoren herritarrek erreferendumean onartu zuten estatutua. Hortaz, 2. artikuluan «Kataluniako herria» ezartzen du «subjektu politiko burujabe» gisa, «eta horregatik gauzatzen du bere egoera politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea».

3. artikuluko hiru puntuetan dago bertze gako nagusi bat, Espainiaren debekua legez hausteko oinarria ezartzea baitu helburu. Alegia, «salbuespenezko erregimen juridikoa» ezarriko du legeak, «Katalunian independentziarako erreferenduma eginen dela bermatzeko». Horregatik, Erreferendum Legea hierarkikoki maila gorenean ezarri nahi du Junts Pel Sik eta CUPek ordezkatzen duten gehiengoak. «Badakigu desobedientzia ekintza bat dela, baina koherentziazko ekintza bat da jaso dugun mandatuarekin. Modu irekian deitu dugu erreferendum batera gure etorkizun politikoa erabakitzeko», adierazi zuen Gabriela Serra CUPeko diputatuak..

Baiezko botoak ezezkoari irabaziz gero, «Kataluniaren independentzia» izanen da ondorioa, 4. artikuluaren arabera. Beraz, baiezkoak irabaziz gero, parlamentuak gehien jota urriaren 3an aldarrikatu beharko luke Kataluniako Errepublikaren independentzia. Ezezkoak irabaziz gero, hauteskunde autonomikoak deituko lituzkete. Erreferenduma baliozkoa izateko gutxieneko parte hartzerik ez du ezarriko legeak. Horregatik, Marta Rovira Junts Pel Siko diputatuak nabarmendu du erreferendumaren arrakasta «parte hartze handi baten menpe» dagoela; baita baietzaren eta ezezkoaren aldeko kanpainak «behar adinako ordezkaritza» izatearen menpe, eta «emaitzaren interpretazioa normal eta legitimitate osoz» egitearen menpe.

Espainiaren eskutitzak

Erreferenduma gauzatu ahal izateko, Kataluniako Hauteskunde Batzordea osatuko dute. Hark izanen du botoak zenbatzeko eta emaitzak argitaratzeko ardura, bertzeak bertze. Kataluniako Parlamentuak proposatutako kideek osatuko dute, eta erakunde publiko guztiek izanen dute betebeharra batzordeari laguntzeko. Haren esku utziko dute udalek hauteskundeetan erabili ohi dituzten hauteslekuak. Hala egiten ez badute, Kataluniako Gobernuak paratuko ditu hauteslekuak.

Izan ere, Espainiako Gobernuaren estrategietako bat da eragoztea udalek eta funtzionarioek erreferendumari laguntza ematea. Gobernuak Espainiako Efe agentziari jakinarazi dionez, tokiko 993 erakundetako 1.500 funtzionario ingururi bidali die eskutitz bat jakinarazteko «konstituzioaren eta estatutuaren legezkotasuna» bete behar dutela. Roberto Bermudez Lurralde Administrazioen Estatu idazkariak sinatu du eskutitza. Udalen batek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenei «aurre eginen balie», Bermudezek erran die beregana jo dezaketela «zalantzak» argitzeko.

Udalek debekatuta dituzten ekintzen artean errolda osatzeko laguntza ematea aipatu du Estatu idazkariak eskutitzean. Erreferendum Legearen arabera, Kataluniako Gobernuarena izanen da errolda egiteko ardura, eta Hauteskunde Batzordeak ikuskatuko du. Errolda horretan egotea ez da borondatezkoa izanen, 2015eko azaroaren 9an egin zuten galdeketan ez bezala. Hauteskunde mahaiak osatzeko prozesua ere ezarriko du legeak. Mahaietako presidentearen eta bokalen karguak «derrigorrezkoak» direla ezartzen du, baina, Espainiako legediak ez bezala, ez du zehazten zigorrik ezartzeko aukerarik izanen ote duten Kataluniako Gobernuak edo Hauteskunde Batzordeak, herritarren batek uko eginen balio mahaian egoteari.

Xedapen gehigarriaren arabera, legea bertan behera geldituko da emaitzen argitalpenarekin, erreferendumaren emaitzen inplementazioari dagokion atala kenduta. «Emaitzak dena delakoak izanda ere, bete eginen dira», ziurtatu du Serrak.

«Trenen arteko talka»

Puigdemont presidentearen ustez, erreferendumaren harira sortu den «parte hartze katea herrialdearen bazter guztietara ailegatuko da». Presidenteak erran du urriaren 1ean ez dela egonen «trenen arteko talkarik», batek «aitzinera» eginen duelako, eta «bertze bat bide bazterrean» geldituko delako. Espainiako Gobernuak, orain arte bezala, ez du jarrera aldatzeko keinurik txikiena ere egin. «Generalitateak 30 egun pasa ditzake erreferendum legea edo trantsizio juridikorakoa azaltzen, eta erran dezake 48 orduren buruan independentzia aldarrikatuko duela, baina gauza bat argi dago: Estatuak nahikoa ditu 24 ordu legeei helegitea paratu eta horiek geldiaraztea lortzeko», adierazi zuen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak atzo iluntzean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Gorka Berasategi Otamendi

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere

 ©EMILIA GUTIERREZ / LV

«Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako botere judizialak joera erreakzionarioa hartu duela uste du Pedro Vallinek, eta hori ez dela kasualitatea. Azaldu du Espainiako Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten badu demokrazia «etsaitzat» eta «mehatxutzat» har dezakeela.
Greziatik kanporatutako migratzaile talde bat, baltsa batean, Turkiako kostazainen esku gelditzear. ©ERDEM SAHIN / EFE
Jerusalemgo atzoko erasoan zauritutako bat, esku ohe batean. ©A. SAFADI / EFE

Bi israeldar larri Jerusalemen izandako beste eraso batean

Berria

Erasotzailea 13 urteko nerabe palestinar bat da, Israelgo Poliziaren arabera. 42 lagun atxilotu dituzte Zisjordanian

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.