Albistea entzun

Hezkuntza. Curriculumen arteko konparazioa

MUNDUA ULERTZEKO BI MODU, AURREZ AURRE

Ereduan berebiziko aldea dago LOMCEren eta Euskal Curriculumaren artean, baina edukiak aztertuta ere ageri da diferentzia. Gizarteari eta kultur aniztasunari begiratzeko era ezberdinak dituzte. Hona hemen bien arteko konparazioa.

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko ekainak 22

ANTOLAKETA POLITIKOA

Euskal Curriculuma. Bi estatutan zatitutako Euskal Herria ageri da. Espainiako eta Frantziako antolaketa politikoa nolakoa den jakin behar da —erakundeen funtzionamendua tartean dela—, eta Europako Batasunekoa ere bai.

Lomce. Espainia da ardatz bakarra, eta aparteko tokia du konstituzioak. «Errespetatu eta baloratu» egin behar dute ikasleek, «gure demokraziaren oinarri gisara». Espainiako bandera eta armarria deskribatzen ere jakin behar dute.

HISTORIA

E.C. Euskal Herriko gertaera historiko nagusiekin batera ageri dira mundukoak ere, eta toki berezia dute Espainiakoek eta Frantziakoek —Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta, gehienetan—. Nazioarteko gertakariek Euskal Herrian izandako eragina jorratzen dute.

Lomce. Munduko gertakariek tokia dute, baina Espainiako gertakari historikoek dute zeresan askoz ere handiagoa. Oraingo gaitegia baino zehaztuagoa da Espainiako gaietan: Al-Andalus, errege-erregina ugari... Euskal Herriko gertakari batzuk kendu egin dituzte; foruen galera, esate baterako.

ANIZTASUN POLITIKOA

E.C. Euskal Herriko egoeraren «aniztasun berezia» aipatzen du. «Erreferentzia bikoitzak: ezkerra-eskuina, nazionalismoa-ez nazionalismoa. Herri mugimenduak. Bakearen aldeko erakundeak».

Lomce. Nazionalismoa «sistemarekiko oposizio» gisa aurkezten du, eta batean pilatuta ageri dira euskal abertzaletasuna, Kataluniakoa eta Galiziakoa. Bestelako talde eta mugimendurik ez da ageri, soilik nazioartean aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeak.

HIZKUNTZA

E.C. Hizkuntza ikastearekin batera, haren alde soziala ere aintzat hartzen du, eta ez soilik euskarari dagokionez (Hegoaldean gaztelania ere bai, eta Iparraldean frantsesa). Euskarari dagokionez, mendez mendeko atzera-aurrerak ageri dira: pizkunde garaia, ikastolen sorrera, euskara batua...

Lomce. Hizkuntzaren ikaskuntza hutsa proposatzen du, haren egoera soziolinguistikoari erreparatu gabe. Soilik hizkuntzen jatorriari buruz egiten da aipamen bat. Euskarari buruzko xehetasunik ez du —erkidegoek dute ardura hori—; soil-soilik dio «Espainian hitz egiten diren hizkuntzak» nondik datozen jakin behar dutela ikasleek.

GIZARTEA

E.C. Emakumeen eta gizonen arteko parekidetasunari erreferentzia ugari egiten dizkio curriculumak: tratu berdintasuna, jarrera kritikoa agertzea emakumeen aurkako indarkeriarekin... Berdin arrazakeriarekin ere. Sexu heziketa ere jasotzen du gaitegiak; osasunari eta afektibitateari lotuta ageri da.

Lomce. Aipamen batzuk ditu estereotipo sexistei buruz, baina kendu egin dituzte berdintasunari buruzko erreferentzia gehienak. Sexu heziketari buruzko atalak ere ezabatu egin dituzte curriculumetik; soilik «sexualitatearen giza dimentsioa» aipatu dute. Arrazakeriari buruzko aipamenak badira.

KULTURA

E.C. Euskal kulturak toki berezia du, eta aintzat hartzen da kultura unibertsala ere. Euskal idazle klasikoak ageri dira —Etxepare, Axular, Lauaxeta, Lizardi...—, eta oraingoak ere bai: Atxaga, Artze, Sarrionaindia... Berdin literatura unibertsalarekin ere: Ciden kantorea, Shakespeare, Neruda...

Lomce. Curriculumean tokirik ez du euskal kulturak: bakar-bakarrik «euskal eskultura» aipatzen da hautazko ikasgai batean, Artean. Kontuan izatekoa da, hala ere, euskarari buruzko atalak zehaztea erkidegoei dagokiela —Nafarroakoak jadanik egin du, eta oraingo gaitegikoak baino askoz ere erreferentzia gutxiago sartu ditu—.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Amaitu da Euskaraldia

Ariketa sozialarekin jarraitzera deitu dute

Edurne Begiristain

Aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena. Ariketa soziala gizartean «txertatua» dagoela nabarmendu dute
Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean, merezimenduen dekretuaren kontra. ©Iñigo Uriz, Foku

Hizkuntza eskakizunetan katramilatuta

Julen Aperribai

Izan legedia aldatzeko prozedurengatik, hizkuntza eskubideen kontrako epaiengatik nahiz diskurtso politikoengatik, sarritan euskara hizkuntza eskakizunei lotuta egon da eztabaida publikoan azken ikasturtean. Bada motiborik datorrenean ere hala segiko duela pentsatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...