Albistea entzun

Gasteizko jaiak. ATERKIAREN BABESPETIK

Tradizioaren izenean?

Zezenketen aurka ATEA elkarteak atzo Gasteizen egindako elkarretaratzea.
Zezenketen aurka ATEA elkarteak atzo Gasteizen egindako elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2014ko abuztuak 6

Nazio baten handitasuna eta aurrerabide morala animaliekiko tratuaren arabera epaitu daiteke». Mahatma Gandhiren esaldia letra larriz idazteko eguna da gaur [atzo] Gasteizen. Noiz eta zezenketak Andre Maria Zuriaren jaietako egitarauan ageri diren egunean. Noiz eta gure hiriko Blusa eta Neskek zezenetarako joan-etorria egunero egiteari ekiten dietenean. Noiz eta animalien sufrimenduaren inguruan ospakizun eta festa giro zentzugabea hasten denean. ATEA animalien eskubideen aldeko elkarteak elkarretaratze batekin gogoratu digu: ospa ditzagun jaiak animaliak torturatu gabe.

Tradizioaren izenean animaliei sufrimendua eragiten diegun herri bat gara. Horretan beste herrien pare gaude. Pare-parean. Ez gara hobeak. Ez. Besteak bezalakoak gara. Baita Gasteizen ere. Asto lasterketa antolatzen dugu Santiago egunean, eta zezenketak eta bigantxak Andre Maria Zuriaren jaietan. Tradizioaren izenean dena, hori bai. Horretan ere Gasteizek markak hautsi ditu: Green gara, baina animaliak torturatzeko dirua ematen dugu.

Baina egiari zor, Euskal Herriko beste hainbat tokitan ez bezala, zezenketarako ohitura gutxi dago Gasteizen. Eta diotenez, zaletasun handirik ez da egon sekula. Andre Maria Zuriaren jaietan zezenketara doazenak lau katu omen dira. Blusa eta Neska gehienek, esaterako, zezenetarako joan-etorria egiteko ohitura dute, baina gero ez dira plazara sartzen. 3.300 blusa eta neska inguru daude, baina horietatik 300 batek baino ez dute zezenetarako bonua eskuratu aurten. Egin kontu. Idoia Garmendia Gasteizko alkateordeak iaz aitortu zuen zezenketara espero baino jende gutxiago joaten zela: datuen arabera, zezen plaza gehien bete zen eguna abuztuaren 7a izan zen, 3.232 ikuslerekin: guztira, %41,26ko okupazioa. Erdia baino gutxiago.

Baina datuak datu, zezenketetarako dirua bideratzen jarraitzen du urtero Gasteizko Udalak. Eta hori gutxi balitz bezala, zezen plaza berri bat ere badugu 2006tik: Iradier Arena. Zezenak torturatu eta hiltzeko ez ezik, kontzertuetarako eraikina ere omen da. Ordea, ez du lortu arrakasta ez musikarekin, ez zezenketekin ere.

Tradizioa omen da gakoa. Tradizioaren eta ohituraren izenean antolatzen direlako zezenketak gure hirian. Animalia bakar bati mina eta sufrimendua eragin gabe, festa egitea ezinezkoa izango balitz bezala. Gure tradizioen seme-alabak gara, baina ez haien morroi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Bastidako (Nafarroa Beherea) Maddi Leglisek irabazi du aurtengo Baionako xingarraren feriako azpi lehiaketa. ©BOB EDME

Xingar feriak aro berria

Ainize Madariaga

Pazkoz ireki beharrean atzo ireki ditu bortak Baionako 558. Xingar Feriak. Lau egunetik hirura laburtu dute, igandera arte, eta karpa erraldoi batean bildu. Ostatuak gauerdian hetsiko dira.
 ©EIDER EIBAR

Beste aldetik dator erantzuna

Iker Tubia

Adimen artifiziala erabilita hildako pertsona baten gisan erantzun dezakete txatbotek, edo izan daitezke konpainia egiten duen lagunaren ilusioa, Replika aplikazioa bezala. Galdera, zalantza eta arazo anitz sortu ditzake teknologia horrek filosofiaren eta psikologiaren ikuspegitik.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna