ANALISIA
Feminismo diskretu horiek
Abdullah II.a Saudi Arabiako erregea hil zenean, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko buruak omenalditxo bat egin nahi izan zion. Haren irudia zuritzeko zerbait esan behar, eta «emakumeen eskubideen aldeko jarrera sendoa» zeukala nabarmendu zuen Lagardek. Beste edozer esan zezakeen hilberriaren erregimenaren eskubide urraketak estaltzeko —ez soilik emakumeenak, baizik eta, oro har, oinarrizko giza eskubide gehienak—. Esan zezakeen, adibidez, «erreformatzailea» zela, aita santua aldatzen dutenean esan ohi den bezala, edo Twitter kontudun lehenbiziko erregea izan zela eta harreman handia zeukala horregatik herritarrekin. Edozein gezur estal zitekeen errazago, emakumeen auziarena baino. Baina Lagardek justu horixe nabarmentzea erabaki zuen: Abdullah feminista zela, «oso modu diskretuan bada ere».
NDFko lehenbiziko emakumezko zuzendariaren hitzetatik bi ondorio atera litezke, zein baino zein kezkagarriagoak: edo Lagardek ohiz kanpoko sentsibilitatea dauka feminismo diskretuei antzemateko, edo emakumeen eskubideen kontzeptua maila zinikoenetaraino husten ari da esanahiz.
Europa mendebaldeak baditu jada emakumezko presidenteak. Gobernu batzuek ahalegina egin dute kopuruetan gizonen eta emakumeen arteko orekari eusteko —eta gero erruz baliatu dute kanpaina egiteko—. Suediak bere burua «feminista» izendatu zuen Berdeak agintera heldu zirenean, eta Islandian, lehenbiziko aldiz, modu irekian lesbiana dela jakinarazi duen emakume batek agindu du lau urtez. 2014ko pertsona boteretsuenen Forbes zerrendan, %10 pasatxo dira emakumezkoak. Bederatzi estatutako buruak daude tartean, eta, denen artean, 10,2 bilioi euroren barne produktu gordina kudeatzen dute; guztien buru, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra.
Baina boterea, emakume horiek erabiltzen duten moduan, izan liteke feminista? Ahaztu gizarte antolaketa ideal batetik sortuko litzatekeen aginte ideal hori. Gaur egun, neoliberalismoaren eta krisi interesatuen garaiotan, instituzio erlijiosoek gizarte jokaerak eta politikak baldintzatzen dituztenetan, zein da irudika litekeen botere eredu feministena?
Bistan da Alemaniako ereduak ez duela balio oinarrizko egiturak aldatzeko: emakumeei espazio publikoaren zatitxo bat emanagatik, apenas izan den aldaketarik espazio pribatuan. Armada bat parekidea da emakumeak dauzkalako soldaduen artean? Armada bera izan al liteke feminista? Gertuago, Madrilen ere presentzia handia dute emakumezko politikariek, baina, legeei sinadura kenduz gero, nekez esan liteke feministak direnik. Baztertutako kolektiboak gaitzetsi eta trans mota guztiak kriminalizatzen dituzten politikak ere badira genero indarkeria: instituzioek iraunarazitakoa, hain zuzen ere.
Zalantzan jartzekoa da, halaber, agintera heldutako emakume horiek lagungarri ote diren gainerakoak kolektiboki jabetzeko, edo ez ote diren, funtsean, euren ezaugarri indibidualei esker agintera heldutako salbuespenak, feminismo diskretu baten txapa jaka amerikarrean ipinita —hain diskretua da, ia sumatu ere ez baita egiten—; berez patriarkala den eliteak graziaz bere altzoan onartuak; eta, beraz, egitura horiek aldatu nahi dituen edozein ekintza kolektiboren aurkakoak.
Egia da geroz eta emakume gehiago daudela geroz eta gorago —baita geroz eta beherago ere—. Ondoriozta liteke parekidetasunerako joera handituz doala maila horietan, kopuruetan bederen. Baina aldaketa hori feministatzat jotzea aste honetako euri jasei begiratu eta Euskal Herrian daukagun klima tropikalaz poztea bezala da.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.