Beste kontakizuna

«Autokonplazentziara oso emana dagoen Euskal Herri baten miseriak» erakutsi ditu Aritz Gorrotxategik 'Koldar hutsa zara' nobela koralean
Aritz Gorrotxategi atzo, liburua aurkeztu aurretik.
Aritz Gorrotxategi atzo, liburua aurkeztu aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2015eko ekainak 5

Koldar hutsa zara (Erein) nobelak izaera probokatzailea dauka, Aritz Gorrotxategi egilearen ustez (Donostia, 1975). «Batzuei errea utziko die, eta besteei, aldiz, irria». Azken 25 urteotako gure gizartearen miseriak islatzen ahalegindu da, «naturaltasunez». Pentsatzen du Euskal Herria autokonplazentziara emana dagoela oso, eta «munduaren zilborra dela uste duen herriaren» kontraesanak azaleratzeko saiakera egin du. «Gure aitona-amonek erabaki zuten gerraz ez hitz egitea, isiltzea. Guk ere ez ote dugu beldur hori duela 15-20 urteko kontuez galdetzen digutenean, gu ere ez ote gara isilik geratuko, kontu horiek hor [ahanzturan] utzita...». Horiek plazaratu nahi izan ditu, hain zuzen, «[Michel] Houellebecqek egiten duen moduan» gauzak kolokan jartzeko asmoarekin. «Horrek behartzen gaitu pentsatzera, zergatiei buruz galdetzera». Iruditzen zaio, gainera, Euskal Herrian badela kontakizunaren «bertsio ofizial bat egiteko nahia». Baina «beste gauza asko gertatzen zirela» uste duenez, horiek erakusteko intentzioarekin osatu du bere ibilbideko laugarren eleberria —hiru poesia liburu, narrazio liburu bat eta kronika liburu bat ere badauzka argitaratuta—.

Urte batzuk zeramatzan Gorrotxategik kontu horiei bueltak ematen, eta bururatu zitzaion bere ekoizpen literarioan «ildo berri» bat abiatzea eta lan «errealista bat» ontzea.

Donostian dago girotuta, eta bi zati dauzka: aurrenekoa 1995-1996an garatzen da, eta bigarrena, 15-20 urte geroago, zehaztuta ez dagoen arren. Peru da protagonista, 18-20 urteko gazte bat. «Alde batetik bizi du, bere ingurukoekin-eta batera, bizitza formaziozkoa, arrunta; eta beste aldetik, berriz, hor daude gatazkaren ertzak». Peruk badauka, Gorrotxategiren esanetan, ukitu houellebecqkiarra. Izan ere, «Houellebecqen pertsonaiei gertatu bezala», Peruk ere badauzka «gauza afektiboetara» lotzeko zailtasunak: «Gauza kolektiboetara, identitatera, batez ere artaldera lotzeko lanak».

Familia tradizional abertzale bateko semea da, eta nazkatuta dago besteek beraz espero dezaketenaz. «Berak ez du izan nahi besteek beraz espero dutena. Konturatzen da ingurukoak artaldean daudela; ideia asko jaso arren ez dituztela mamitzen, ontzat hartzen dituztela, eta besterik gabe artaldean daudela». Peruk horrekin hautsi nahi du. Nobelaren bigarren zatian ikusten da, Gorrotxategiren hitzetan, oso zaila dela «horrekin» apurtzea, eta erakusten du Peruren asmoek izan duten bilakaera: «Gaztetako lilura eta ilusioen zapuzketaren eragina».

Korala da liburua. Pertsonaia gehienak, gazteak, Krapula tabernan elkartzen dira; bertara biltzen dira, era berean, esperientzia handiagoa daukatenak: troskista ohi bat, eta baita poeta zahar bat ere, esaterako. Lehen pertsonan idatzita dago Koldar hutsa zara, eta mintzo da, besteak beste, identitateaz, sexuaz, gatazkaz, sukaldaritzaz, giza harremanez, fanatismoaz, hezkuntza sistemaz, konpromisoaz eta iraultzaz.

Izenburuari dagokionez, heroikotasuna eta koldarkeria «neurri handi batean» lotuta daudela adierazi zuen egileak, atzo Donostian, liburuaren aurkezpenean. «Heroia da gauza handiak egiten dituena; koldarra, aldiz, ez duena egiten: traidorea edo salatzailea». Nobelak koldarkeria mota askoren berri ematen duela deritzo: «Isilik geratzen direnena, eta, batez ere, beste aldera begiratzen dutenena». Koherentziarik eza ere bihur daiteke koldarkeria mota bat, egilearen iritzian. «Pertsonaiei gertatzen zaie esaten, amesten eta, azkenean, egiten dutenaren arteko tartea handia dela; hasteko, Perutik bertatik». Oso garbi zeukan egileak Peru ezin zela besteen gainetik egon, besteak kritikatu eta bera «maisu» gisa azalduz. «Peru ere zikinduta geratzen da nobelan».

Peru ere inkoherentea baita. Horren harira, Gorrotxategik aipatu zuen, atzo, Espainiako trantsizioaz hitz egitean esaten dela Franco hil eta gero mundu guztia, «halako batean», demokrata zela. «Euskal Herrian ere, ETAren jarduna pixka bat eten denean, denok gara, edo izan gara bakezaleak. Lizarra-Garaziko akordioaren garaian ere denok lagunak ginen, orain bezala, eta 'hemen ez da ezer gertatu'». Aurrera begiratzea komenigarriena delakoan dago Gorrotxategi, «baina gauzak naturaltasunez kontatu behar dira».

Pentsatzen du badagoela Euskal Herriaren historia kontatzeko modu «monolitiko bat». Horrekin apurtu nahi du nobelan: «Euskaldun izateko modu asko daudela erakutsi; prototipoa ez dagoela hain garbi». Peru, adibidez, eskemetatik ateratzen da, eta esango luke «disidente moduko bat» dela. «Hor dago, hain zuzen, nobelaren grazia handienetako bat».

Liburu «bizia» da Gorrotxategirentzat, nahiz eta 300 orrialde pasa eduki. «Gauza asko gertatzen dira». Inazio Mujika Iraola editorearen aburuz, «anti-heroien» nobela da: «Eta nabarmentzekoa da darion umorea». Juan Ramon Makuso poetaren ustean, ausarta izan da egilea. «Nik ez dut hala bizi izan; ez zait iruditzen hau idazteagatik ausarta izan naizenik. Batzuentzat mingarria izango da, baina beste batzuentzat, pozgarria. Bizitza da, finean», zehaztu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ARGAZKIA: MARISOL RAMIREZ /FOKU - ARGAZKI MONTAJEA: BERRIA

Nora doa euskal kultura?

Amaia Igartua Aristondo

Transmisioa, sustapena, kulturgileen arteko batasuna edota instituzio subiranoak izatea. Horiek dira euskal kulturak etorkizunean dituen erronka kolektiboetako batzuk, BERRIAk galdekatutako zazpi sortzaileen ustez. Batzuetan, sektorearen norabideak bat egiten du bide orokorrarekin; kasu guztietan, lanetan eragiten du.

<em>Hobbita</em> 1937an argitaratu zuen J.R.R. Tolkienek. Goian, lehen edizio haren azalerako sortu zuen irudia. ©EFE / MORGAN MUSEOA

Editorea hobbit zuloan behera

Joannes Jauregi

Urtea bete da Christopher Tolkien zendu zela, John Ronald Reuel Tolkien idazlearen seme eta hil ondoko argitaldaria. Aitaren itzalpean eman zuen bizi osoa, itzal hori lantzen, osatzen eta argitara ematen. Funtsezkoa da haren jarduna ulertzea aitaren balio literarioaz jabetzeko.

Salem 66 taldea da bilduman ageri direnetako bat. ©'STRUM & THRUM' BILDUMA

Tin-tin egiten, hardcore garaietan

Julen Azpitarte

'Strum & Thrum' bilduma argitaratu dute: AEBetako 1980ko hamarkadako hardcore eztandaren itzalpean loratu zen tokiko pop eszenako doinuak bildu dituzte LP bikoitzean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna