Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Jatorria da 'gaitza'

Publizitatea

Gizartea

Jatorria da 'gaitza'

Bost urte dira Espainiako Gobernuak osasun sisteman murrizketak egin zituela. Kalterik handiena paperik gabeko migratzaileek izan dute: osasun eskubidea nabarmen ukatu zaie.
Kalean informazioa banatu zuten atzo Munduko Medikuak taldeko kideek.
Kalean informazioa banatu zuten atzo Munduko Medikuak taldeko kideek. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS
Errege dekretu baten bidez, paperik gabeko migratzaileak ohiko osasun zerbitzutik kanpo utzi zituen Espainiako Gobernuak. Bost urte joan dira ordutik. Urteurrenaren harira, kalera irten zen atzo Munduko Medikuak taldea, herritarrei informazioa zabaltzera. Izan ere, elkartearen esanetan, elkartasunik eza sortu du aldaketa horrek, eta azkar normalizatu da eskubide urraketatzat jotzen dutena. «Etorkinen kolektiboa babesgabeagoa denez, urraketak ez dira ikusten».

Osasun txartela eduki ahal izateko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan migratzaileek erroldatuta egon behar dute gutxienez urtebete lehenagotik; Nafarroan ez da beharrezkoa erroldatua egotea, herrialdearekin bestelako lotura batzuk badaudela frogatuz gero —esate baterako, gizarte zerbitzuek egindako txostena, esanez pertsona horrek zenbat denbora daraman herrialdean bizitzen—.

Ohiko osasun zerbitzua jasotzeko baldintzak malgutasunik gabeak direla salatu du Munduko Medikuak taldeko teknikari Xabier Agirrek. Beste esparru batzuetan baino baldintza zorrotzagoak direla dio; adibidez, atzerritartasun legean erroldaz aparteko beste froga batzuk onartzen dituztela. Espainiako Gobernuak, ordea, ataka estuagoa jarri zuen osasunaren arloan. «Froga zorrotzagoak eskatzen dituzte. Eta errolda lortzea zaila da».

Txartelik ez daukatenak

Errege dekretuaren arabera, osasun txartelik eduki ezean, kasu jakin batzuetan soilik dute osasun zerbitzurako eskubidea egoera irregularrean dauden etorkinek. Gutxieneko horiek ere urratu egiten direla salatu du, ordea, Munduko Medikuak elkarteak. Jakinarazi du azken bi urte eta erdian 64 urraketa antzeman dituztela Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Egoera irregularrean egonda ere, guztiek dute osasun zerbitzu batzuk jasotzeko eskubidea, izan ere: adingabeak direnean, haurdun daudenean edo larrialdietan —eta senda agiria jaso arte egin beharreko jarraipenean. Interpretazioa zabalagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: osasun zerbitzua gaixotasuna sendatu arte jasotzeko eskubidea dagoenez, eri kronikoek ere badute eskubidea.

Kasu horietan gertatu dira aipatu urraketak, Agirrek azaldu duenez: «Larrialdietan artatu zuten pertsona bat behatza apurtu eta zauria zeukalako. Hurrengo sendaketak egiteko, osasun zentro batera joan behar zuen, handik egun batzuetara. Ordurako larrialdia ez zenez, esan zioten ez ziotela sendaketarik egingo. Bada, legez, artatu egin behar zuten, larrialdiaren barruan dagoelako sendatu arteko prozesua».

Azaldu dute gehienetan informazio faltagatik gertatu direla halakoak, baina, Agirreren iritziz, erantzukizun nagusia ez da langileena, administrazioarena baizik.

Aurrezteko asmoa

Lege aldaketarako arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen Espainiako Gobernuak, baina Munduko Medikuak taldeak ohartarazi du eriak larrialdietan artatzea «askoz» garestiagoa dela. «Okerrago iristen dira larrialdietara, eta diru gehiago gastatu behar da. Ekonomikoki ez dauka zentzurik, eta, giza eskubideen ikuspegitik, izugarrizko bidegabekeria da». Horregatik eskatu du dekretua indargabetzeko. «Lehengo egoerara itzuli behar dugu».

Munduko Medikuek ia 10.000 lagun artatu dituzte hamar urtean Bilbon, baina bitarteko gutxi dute. Ulertu ezineko egoerak izaten dituzte maiz: «Ospitaleko senda agirian idatzita dakarte jarraipena guk egingo diegula. Hau da, osasun publikoak erakunde pribatu bati bideratzen dizkio eriak. Nola da posible? Artatzen ditugu, baina erantzukizuna ez dagokigu guri. Osasun publikoak egin behar du jarraipena».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak