Albistea entzun

Egun borobilak

Ezpeletan (Lapurdi) 1982an jaioa. Literatur ikerlaria da Bordeleko unibertsitatean, eta irakasle Nafarroa Behereko hainbat ikastetxetan. Aurten argitaratu du aurreneko liburua, Biribilgunea (Elkar), Gazteluma bekaren laguntzaz idatzitako eleberria. Aurretik, hainbat azterketa literario zituen han-hemenka argitaratuak, frantsesez; horietako bat da Jean Tortel poeta eta saiakeragileari buruzko tesia.

Katixa Dolhare-Zaldunbide -

2014ko uztailak 26

Tous les gens civilisés […] disent : les jours sont longs.

Non, les jours sont ronds.

(Jean Giono, Rondeur des jours)

Gauak eta egunak ez ditun ezberdintzen : denbora borobilean haiz murgiltzen, eta itzulika iragaiten dun, eskuak eta zangoak akrobatikoki higituz, segurtatzeko zirkulu betegin batean bizi haizela. Hihaur ere behin betiko perfekzioa haiz, munduaren biribiltasuna bera, gauza bizidun guzien erritmo ziklikoa animatzen duen eguzkiaren gelditasuna bera. Nahigabea zer den ez dakin: ez dun ezer nahi, ezer behar, dena haizelako, hire hatsak eta bihotz taupadek bat egiten dutelako babesten haituen kosmosarekin. Zoriontsu haiz, alaba, barna hireganatzen dunalako gau eta egunen borobiltasuna.

Baina egun batez sortuko haiz, alaba, aurtiki beharko haut zibilizazioak eraiki mundu lineal beldurgarrian. Haste-hastetik, jendarteak sinetsaraziko din biratzea bekatu dela, eta aitzina xuxen eta lasterka jotzea dela norberaren eginbeharra. Ahal bezain zalu hazi, xutitu, mintzatu, handitu, zoritu, ezkondu, zahartzekoa haizela. Sinetsaraziko din denborak, geziaren antzera, bide bakarra segitzen duela eta ez duela gibelera itzultzera baimentzen. Sinetsaraziko din helmuga bati buruz zuzendu beharko ditunala hire urratsak, helburuak hautatu eta heriotza aitzin horiek lortu arte indar guziez lanean arizan beharko dunala. Sari, merezimendu, sakrifizio, oinaze goresgarri, gizarte garatze, historia idazte, aurrerapen ekonomiko, idealen aldeko borroka saindu: horra etengabe zer hiztegi ariko zainan belarrietan burrunban. Gogo-bihotzak kutsatzen badizkinate, egunak luze irudituko zaizkin, eta gauak, denbora galtzea. Hil aurretik hire buruari inposatu xedeak betegabeak gertatuko zaizkinalakoan, zoritxarra dun ezagutuko, eta hire munduratzeaz ama madarikatuko.

Entzun nazan, arren, alaba : munduratua izanen haizenean, haitzurka moldatu nahiko haituen mundu linealaren aurka hesi borobila prest izanen dinat. Horren barnean haut hazi eta heziko, maitasunezko baratze miresgarri batean. Gozatuko ditun fruiturik hoberenak, lehenik esnedunak, ondotik mami urtsuzkoak. Egunaz, erleek zabaldu betiko sekretuak gogoz ikasiko ditun; gauaz, kantuz ikasiko dun erresiñula eta xoxoak entzunez. Arratsetan, irakurtuko daizkinat Homero eta haren iturritik edan poeta guzien bertsuak. Prest izanen haiz orduan edonon bidaiatzeko, edonorekin solastatzeko, edozoin oztopo gainditzeko, edozoin poz partekatzeko.

Garaia izanen dunalarik baratzetik jalgitzeko eta gizakiek eraiki errealitate zalapartatsu eta gezurtiari buru egiteko, ezin garaituzko arma eskainiko dainat lurraren borobiltasunetik ez urruntzeko: Orfeoren lira bera, apoarmatu kusku arrundaz egina. Kosmosa iduriko tresna horrek entzunaraziko dizkin lehengo koblakarien hitz borobilak, eta hire baitako kezka eta dudak biltzeko, doinu pertsonal eta berrien asmatzen lagunduko din. Jakinen dun horrela modu etimogiko eta arkeologikoan aurre egiten jukutriaz eta erroz gora doan mundu linealari. Ulertuko dun jendarte zibilizatua berak asmatu alegiazko denbora batean murgiltzen dela, denbora mugatu eta itogarri batean. Hik aldiz sendituko dun zinezko denboraren erritmoa ezin neurtuzko dela, eta ohartuko haiz eternitatea bilgarri izanen dunala edertasun iragankorra agertuko zainanean. Urritasuna eta isiltasunaren zaporeak preziatuko ditun. Ez ditun utziko sistema eta ideologiak hire urrunarazten jatorrizko borobiltasunetik, eta saihestuko ditun luzatuko dizkinaten tentazioak, beti aske geldituz. Alderantziz, barnetik eta amultsuki ezagutuko ditun jende bihotzak, eta nehork ez bezala xarmatuko ditun haien izaite kolpatuak, borobiltasunaren iturrira eramanez.

Orain ene sabelean bezala, borobilak irudituko zaizkin orduan egun eta gauak. Argi-hastetik egunsentiraino, eta ilunabarretik goizalderaino, bizitzak erakarri une bakoitzaren egiak mamituko din izaera, eta konfiantxa osoz iraganen dun lur honetan behar denbora guzia. Horrela, hire buruarekin bakean eta zuzenki ibilitzea opatzen dainat, alaba, eta ilusio guziak saihetsiz hire ametsak egiazta ditzanan.

Hire aldi, egun batez amatuko haiz: borobilduko haizenean, gogoan edukiko dun betidanik hala izan haizela, eta borobiltasunean baizik ez dunala hatsa libroki hartu. Sabela ferekatuko dun, hire haurrari hitz emanez bizitzaren biribiltasunean handituko dela, ezin ordokituzko baratzean, eta Orfeoren lira berriz ere doinuan ezarriko dun, umea haz dadin egia garraiatzen duten hitz zaharberrituak bereganatuz.

Horren guziengatik, alaba, ez dun munduratzeaz izitzerik : egun borobilak hire haiduru ditun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Iñgo Astiz

Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D'museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak
2019ko EHZko kontzertu bat, Irisarriko plazan. Aurten berriz ere dohainik izanen dira plazako ekitaldiak. ©BOB EDME

EHZ, berriz plazara

Joanes Etxebarria

Bihar hasiko da festibala Irisarrin, eta lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute
Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan. ©BOB EDME

Ipar Euskal Herriko zinemagintza ikertuko dute EHUko ikerlariek

Ainize Madariaga

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta nagusiki euskaraz sortutako zinema aztertuko dute EHUko NOR ikerketa taldeko kideek
'Han ez banengo bezala' liburuaren aurkzpena, Donostian, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Pasazaite argitaletxeak jarduna etetea erabaki du hamar urteren ostean

Jone Bastida Alzuru

Sare sozialen bidez eman du berria, eta adierazi arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak tarteko hartu duela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...