Albistea entzun

Fobien liburua

Karlos Linazasoro

Idazle oparoa da Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962): ia berrogei liburu idatzi ditu. Gainera, eroso aritzen da nola genero batean hala bestean. Heriotza, absurdoa eta gizakiaren krudelkeria izan ohi dira haren historiako protagonista nagusiak, sarri umore beltzez eta ironiaz lagunduak. Aurten bi liburu kaleratu ditu jada: Alferrik ez balitz (Elkar), mila aforismoren bilduma, eta A zer lau elementu! (Pamiela), gazteentzako poesia liburua.

Berria -

2014ko uztailak 12

ACROPHOBIA

Fobia mota hau aerophobia-ren eskutik doa beti, ezinbestean. Beldur hau nahiko ohikoa da mendebaldeko zibilizazioan, eta hala ere sendabide gaitza du. Akrofobikoak, akrobatak ez bezala, gizaki zuhurrak izan ohi dira, beti oinak lurrean dituztenak. Ameslari eskasak beraz, eta onak negozio nahiz erantzukizun handiko eginkizunetarako. Ikaro zorotzat dute (egun, zalantzarik gabe, epaitegira eramango lituzkete, suizidioaren apologia egiteagatik), baina hegaztiei, aldiz, mira malenkoniatsu halako batez begiratzen diete, batik bat arrastiriak arrosa kolore berezi hori hartzen duen tenorean.

AGORAPHOBIA

Idazten dizuen honexek nozituriko gaitza hauxe, Karlosek berak. Agorak Grezia zaharreko plaza publikoak ziren, non jendea hitz egitera, salerosketara, ikastera, eta beste hainbat gauza egitera biltzen baitzen. Agorafobia gauza txit berezia da: askatasuna kartzela da, eta kartzela askatasuna. Mendiak, belardiak, zabalguneak, handitasun orok paralizatu egiten zaitu, arnas gehiegizkoak arnasa galarazi. Beldur diozu askatasunari, ibiltzeari; kale estuenak aukeratzen dira, etxeetako horma zarpailen kontra bilatzen duzu babes. Eta, oi, zubiak. Zenbatetan ez ote naizen bertan hil, erorita, itota, angustiak jota, auto batek harrapatuta, zenbatetan, betiko. Gaur arte.

ALLODOXAPHOBIA

Zorroztasun, fanatismo, fundamentalismoaren mailarik gorena. Bestearen iritziari fobia izatea. Hauxe litzateke indibidualismo basatiaren ondoriorik beldurgarriena. Allodoxafobikoa bakarrik dago munduan, bere autismo itsuan bildua, eta sobera ditu gainerako gizakiak eta gauzak oro. Gaixo mota hau ez da inoiz zoriontsu, berak zoriontsu dela pentsatzen badu ere. Egolatrak izan ohi dira, zuhurrak eta handinahiak. Perfektuak. Eta munduan ez da ezagutzen egundo gizaki perfektu bat baino gauza izugarriagorik.

AMBULOPHOBIA

Latinezko ambulatio paseatu da; ambulo, berriz, joan eta etorri, ibili, norarik gabe, atsedenik gabe, jitoan. Ambulofobikoa, beraz, alderrai ibiltzeak larritzen du. Patologia honen koadro klinikoa nahiko zehaztuta dago: gizonezkoek nozitzen dute gehien, batik bat larunbat arratsaldeetan, euren emazteekin (izan litezke bikote kide bestelakoak ere) erosketetara (telebista utzirik) irten behar izaten dutenean. Sintomak, kasu guztietan, berdintsuak izan ohi dira: neke fisikoa, besterentzea, asperdura kosmikoa, estuasuna, zorabioa, taberna batera sartzeko irrika premiazkoa eta, askotan, negargura bortitza eta erorialdi igarokorra.

ANABLEPHOBIA

Anablefobikoak ezin du gora begiratu, debekatu egin zaio izartegia, etxe-orratzen mirari asimetrikoa. Zorabio alderantzizko bat nozitzen du, behetik gorakoa. Celan-ek poema batean zioen bezala, anablefobikoarentzat zerua amildegia da. Kondenatua dago, hortaz, Jainkoaren aurpegia sekula ez ikusi ahal izatera. Horrek, noski, sekulako angustia sortzen dio gaixo mota honi, eta Jainkoaren aurpegi ezin ikusizko hori beste mitomania batzuekin ordezkatzen saiatzen da, ia beti giza izar efimero eta hauskorrekin. Gaitza baino okerragoa erremedioa, esan beharrik ez.

COITOPHOBIA

Koitofobikoa, arrak ala emeak hartaraturik, larrua jotzen ari delarik, orgasmoa badatorkiola sumatzen duenean, sokorroka hasten da garrasi batean, izerdi patsetan, gainean edo azpian duena guztiz ikaratuz edo nazkatuz, koitoduak.

COLEROPHOBIA

Bakezaleak. Ezaugarri erlijioso nabarmeneko patologia. Idazki Sakratuetan Hiraren Semeak enda madarikatua zen, zigorra besterik merezi ez zuena; gizaki guztiak halakoxeak ginen, Jesukristok erredimi gintuen aurretik. Jesukristorenganako beldur izugarri hori nozitzen du, nolabait ere, kolerofobikoak, badakielako Egilearen haserre birrintzaileen berri; Harekin zuzen ez portatzera, berriz madarikatuko gaitu, berriz basapiztiatu, berriz botako geure gainera uholde kolerazkoak. Kolerofobikoa arrisku horietaz ohartarazten ibili ohi da kalerik kale, proselitismo ongi jantzian, bere karteratxo eta guzti, txirrinak edukazio handiz sakatuz, ez dugula haserretu behar behin eta berriro gaztigatuz. Jendea, normalean, oso koleratzen da kolerofobikoekin.

CRONOPHOBIA

 Izua edo grina denborari? Ezin. Denbora eskutik daramagu, eta eskutik eskura, eta hark garamatza gu, berriro ezin ukituko ditugun ibai gardenetan barrena. Denborak egiten gaitu zahar edo basati, maitale, guraso, umezurtz. Denbora ezin liteke gorrota, hark gorrotatzen gaituelako gu. Denbora gugan bizi da hiltzen garen arte, guk diogu ematen soka eta hatsa, eta hil egiten gaitu gero, egunez egun apur bat baina segadarik gabe, den guztia ematen digula, inon ikusi ez den eskuzabaltasunez. Denborak min ematen digu, izurik ez, larridura sortzen digu eskuen dardarizoan eta begi-ninietan, ezin dugulako atzeman, ezin diogulako errezatu, poema baten bitartez ez bada behintzat. Denbora huts mina da badoalako, argiz egindako txori bat delako, alderrai dabilena eta ihesi, baina inoiz ez atzeraka, inoiz ez hil zizkigunen altzora. Denbora bizi garen espazioa da, eta hori, norberaren etxea, ezin liteke gorrota.

DENTOPHOBIA

Dentistaren etxean dena da arrotza. Tratua ez, tratua korrektoa izaten da, batazuridun eta mozorroduna. Koadro ia beti abstraktuek hozkia sortzen dute, eta hozkeria ere bai ez gutxitan. Besaulkia chaise longue bat da, eta orduan, jakina, tortura luzatu egiten da hurrengo chaiseraino. Nik uste dut izu-laborria distirarengatik dela, demasezko higieneak sortzen duen frigidotasunagatik. Orratz, gezitxo, punta txorrotxeko gailu, tornu eta aspiragailu, miniatura guztiak ahalik eta min handiena eragiteko pentsatuta daude, baina beti ere itxura zibilizatu eta profilaktiko batez. Dentistarenean gaztaroko esnea galtzen da, eta gero, zahartzaroan, zubirik zubi ibiltzen da injinerutza-lanak burutzen, piorrearen kontra harresi sendoak eraikiz. Zuhurragina erauzteko ez dute batere arazorik izaten; alderantziz esango nuke: dentistarentzat zuhurragina beti dago enbarazuan. Ez dut denok ezagutzen dugun txiste erraza egingo, baina gure zuhurtasun edo sen edo zentzu eskas samarraren zer horretan nik ez dakit ba zenbateraino ez...

DIDASCALINOPHOBIA

Eskolara joateari zaion aiherkundea. Didascalia, Atenasen, ditiranbo, tragedia edo komedia bat aktoreei erakusteko ihardunari esaten zitzaion. Egun, antzerkian erabiltzen den termino bat da; alegia, autoreak aktoreentzat egiten dituen akotazioei deitzen zaie horrela. Fobia hau ikasleek nozitzen dute irakasleek baino gehiago, baina arrazoi arras desberdinengatik. Ikerketa guztien arabera, Matematika da aiherkundea sorrarazten duen arrazoi nagusi eta ia bakarra. Baina, nire uste apalean, Matematika bezain errudunak dira Derrigorrezko Irakurketak. Nire kasu partikularrean, sekulako izua hartu nion ikastolara joateari Lengua Españolako ikasgaian La familia de Pascual Duarte irakurrarazi zidatenean, eta Euskal Literaturako ikasgaian, berriz, Urte guziko Meza-Bezperak. Profugo bihurtu nintzen hamalau urterekin. Orduz geroztik, eta gaur arte, edozein eskola ikuste hutsak izu-ikara (cerval, gazteleraz) eragiten du nigan, eta lortu nuen analfabetismo maila izugarri horri esker egin nintzen, ba, idazle.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.

 ©LARA MADINABEITIA / BERRIA

«Sortzailea hari honetan alderik makalena da, maiz zaintzen ez dena»

Andoni Imaz

Lagunak dira Morales eta Landabaso; biak Bilbotik etorri dira Durangora. Morales saltzera etorri zen lehenengoz, eta Landabaso, umea zela. Urte osoan erosten ez dituzten bitxikerien bila etortzen dira gaur egun.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.