Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Arma, tiro, pum

Gasteizen jaioa, 1970ean. Kazetari lana egin zuen literaturako liburuak argitaratu aurretik. Hiru narrazio liburu eta bi nobela argitaratu ditu. Narrazio liburuak Hamabost zauri (2004), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012) dira. Nobelak, Amaren eskuak (2006) eta Musika airean (2009). Amaren eskuak nobelan oinarrituta, Mireia Gabilondok izenburu bereko film luzea zuzendu zuen iaz, aktore nagusien artean Ainara Gurrutxaga, Vicky Peña eta Loli Astoreka zirela.

Karmele Jaio -

2014ko abuztuak 23

Goizero, senarra komunera sartzen denean, nik logelako armairua ireki eta izara garbien azpian ezkutatuta dudan libreta ateratzen dut. Libreta eta arkatza eskuetan hartuta, belarria atearen kontra jarri eta haren hitzen zain geratzen naiz. Goiz-goizetik hasten da bere buruarekin hitz egiten. Komunean, dutxara sartzeko pijama eranzten duen bitartean botatzen ditu lehenengo hitzak, eta nik libretan apuntatzen ditut entzuten ditudan guztiak. Hitz solteak, bukatu gabeko esaldiak..., berdin zait zentzurik duten ala ez. Libreta hitzez kargatzea da kontua.

Bakarrik geratzen garenean, hitz guztiak gordetzen ditu beretzat, han barnean. Kalean hitz egiten du lagunekin, baita telefonoz deitzen diotenean ere, baina etxean elkarrekin gaudenean, akabo, hitzak preso geratzen dira haren barnean. Eta bera bakarrik geratzen den une horietan, inork entzuten ez diola iruditzen zaionean, orduan han barruan esan gabe pilatu zaizkion hitz guztiak botatzen ditu airera; niri dagozkidan hitzak, niretzat izan beharko liratekeenak, deskargatzen ditu bere bakardadean, kamioiak orubean obra hondakinak deskargatzen dituen moduan.

Ez da beti horrela izan. Inoiz niri zuzentzen zizkidan hitzak, begietara begira, eta barre egiten genuen lagun batek kontatutako pasadizoa edo elkarrekin ikusitako pelikula gogoratzean, eta eguneko kontuak kontatzen genizkion elkarri afaldu bitartean. Orduan ez zen isiltasun beldurgarri hau gure etxean goizetik gauera arte.

Gosaldu bitartean, eztulka egiten du; edo aharrausi; edo begiak igurzten ditu. Ezpainak mugitu arren, ez da kobazulo ilun hartatik hitzik irteten. Eta nik zeharka begiratzen diot, edo ahopean irakurtzen ditut margarinaren osagaiak edo ogi xigortuarenak edo madalenen zorroan inprimatutakoak, mezetan errezatzen dagoen alargunaren marmarra sortuz. Bazkaldu bitartean ere, sardexkak plateraren kontra jotzean, haren oihartzuna zabaltzen da sukaldetik, eliza baten harrizko lurrean metalezko errosario bat jausi balitz bezala.

Seme-alabak dituzten bikote lagunek askotan esaten digute nahiko luketela isiltasun santu pixka bat euren etxeetan, umeekin bizitzea une oro txaranga batek lagunduta bizitzea dela, eta askotan pentsatu dut seme-alabak izan bagenitu, etxe honetako isiltasuna jasangarriagoa litzatekeela: zaratak, negarrek, agirakek gure isiltasuna estaliko lukete. Umeez hitz egingo genuke gosarian: baten notak, beste batek parkean egindako zauria. Eta umeak direla eta haserretuko ginateke; eta umeak direla eta, adiskidetuko ginen berriz.

Baina duela hiru urte jakinarazi zidaten ezin nuela umerik eduki, eta hain justu, hori jakin eta berehala hasi zen nire senarra bere oskolean sartzen eta bere hitzak merezi ez nituela ulertarazten. Asko saiatu ondoren, umerik ez zela egongo jakitean, orduan hasi zen nigandik urruntzen, eta etxea irla isil bat bihurtzen. Eta ordutik hitzak niri zuzendu beharrean, komuneko lau pareten artean edo telebistaren aurrean bakarrik dagoenean airera botaz alferrik galtzen ditu.

Zerbait galdetzen diodanean, erantzuten dit.

Kalean hotz egiten duen galdetzen diot.

—Bai —erantzuten dit.

Arratsaldean beranduxeago helduko naizela esaten diot, errekadu batzuk egin behar ditudalako.

—Bale —esaten dit.

Gauean zinera joan gaitezkeela esaten diot.

—Nahi baduzu... —erantzuten dit.

Haren hitz bakoitzak zulo bat eragiten dit, zilborretik gora hamar zentimetrotara.

Hasieran jasangaitza zen mina, ezin nuen onartu nire obarioek umeak egiteko balio ez izanagatik halako zigorrik merezi nuenik, ezin nuen ulertu haren jarrera. Baina hitzak libretan jasotzen hasi nintzenetik mina arinduz doa eta, are gehiago, hitzek barrua berotzen didatela sentitzen dut. Hitz bat bestearen atzetik jasotzen ditut, nire libretan, eta adurretan jartzen naiz, urtu egiten zait ahoa. Behin lehenengo hitza entzunda, bigarrena entzuteko eta jasotzeko desiratzen egoten naiz.

Libreta hitzez betez, pistola bat kargatzen nagoela sentitzen dut.

Badakit berak nahiago lukeela ni haserretzea, negarrez hastea, edo txilioka, edo gehiago ezin dudala aitortzea. Baina ez, gerra luzea da, eta libreta hitzez ondo kargatzen dudan arte zain egongo naiz. Badakit egunen batean eman ez dizkiodan umeen aitzakia erabiliko duela geure porrotaren errua neuri aurpegiratzeko, eta egun horretan nik libreta aterako dut eta zor dizkidan hitz guztiekin egingo diot tiro, pum-pum-pum, egoista halakoari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera
Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara
Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.