Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Aingeru bihotza

Denetarik idatzi du Edorta Jimenezek (Mundaka, 1953): poemak, ipuinak, eleberriak, saiakerak, bidaia kronikak eta baita biografiak ere (Hemingway, Steer eta Caparenak). Haragizko amoreak poesia liburua (Susa) da argitaratu duen azkena. Era guztietako gaiei heldu die bere lanetan: sexua, drogak, hiria, memoria historikoa, abenturak, gizakiaren miseriak... Ikertzaile nekaezina da, eta dokumentazio aberatsa agerian geratzen da haren liburuetan.

Edorta Jimenez -

2014ko uztailak 13

Leihoaz bestaldean platanondo txikiak ikusten dira, baita beste landare tropikal batzuk ere, anabasan, zaindu gabe. Pobreziaren itxura areagotuz, horra orain gizona txiza egiten ari deneko etxolatxo honen antzeko beste etxolatxo batzuk ere. Eta larruazalean gaixotasunen bat baduela igartzen zaion zakurra, hortxe etzanda. Filma hura etorri zaio gogora. Izena? Aingeru bihotza!

Zergatik itxi duk komuneko atea?, galde egin dio ohetik emakume gazteak. Ez zaidan gustatzen atea zabalik egitea. Hori besterik ez bada! Astintzen ari ote haizen pentsatu diat. Ez. Larrutan ezin izan da korritu, egia.

Emakumea ohearen ertzean dago. Edertasun paregabekoa da. Zergatik ez dakiela gizonak zera esan dio, Inguru honek Aingeru bihotza filma dakarkit gogora. Zer gertatzen da filmean?, galde egin dio emakumeak. Galdera kortesiazkoa izan dela igarri duen arren, azalpentxoa eman dio. Paisaiagatik esaten dinat; filmean Estatu Batuetako honen antzeko lekuak ageri ditun; eta hi bezain ederra den neska.

Ederra, zinez. Bart ezagutu zuen. Hondartzara bidean, eskutik oratuta mutikotxoa zuela, sei edo zazpi urteko mulatotxoa. Gizona berriz beste gizonezko batekin zegoen, barreka. Zeri egiten diozue barre, galde egin zien emakume gazteak. Hiri ez, lasai. Ezkonduta hago?, galde egin die, lehenengo bati, gero besteari. Hurrengo, elkarren izenak esatea etorri da. Zerbait hartzera jesartzea. Horren ostean ezetz, ez dela ezkondua esan duenari hitzordua eskatu dio. Ea halaxe lotu ziren hurrengo egunerako. Emakumearen izena, Lara. Zhivago filmeko harexena. Agian horrexekin gogoratzeak zabaldu zion filmekin gogoratzeko atea.

Bizkor joan da dena. Hitzordura umearekin agertu da, duela ordu bete. Gizonak jelatua erosi dio. Garagardoa eskatu du berarentzat, zukua Lararentzat. Honek bere biografia laburra egin dio. Bi lerrotan. Lehenean hauxe; auto istripua, gurasoen heriotza autoaren barruan eta orban itzela utzi dion ebakuntza. Bigarrenean, lantzean behin medikutan hiriburura etorri ohi dela eta horixe baliatuz etorri dela oraingoan hondartza aldera, umearen eskola-oporrak baliatuz. Orbanarena egia da.

Gizonak ez dio orbana osorik ikusi. Erakutsi nahi ez neskak. Kuleroak erraz kendu ditu, mutikoari hor zehar olgetan joateko agindu dion erraztasun berberarekin. Kamiseta ez du zilborra baino gorago igotzen utzi. Larruazala josi zioten era zabarra bada ere, ez daki hori gizonari zein eder begitandu zaion. Musukatu egin dion arren. Haatik, ez dio luzaz gozatzen utzi. Keinu arinez jagi, eta dena amaitutzat emateko dirua eskatu dio. Mutikoaren premiak, badakik. Ulertzen dinat. Bihar ere lotuko gara? Baietz, narrutada eskasa izan den arren.

Hurrengo egunera arteko tartea filma gogoan eman du. Aingeru bihotza. Mickey Rourke eta Robert de Niro, detektibea eta itxura dotoreko jauna. Bigarrenak lehena kontratatu nahi du, urte batzuk lehenago desagertu zen norbait bila diezaion: Desagertu egin zuan eta, badakik zer?, kontutxo batzuk utzi zizkidan zor. Tratua onarturik Mickey desagertuaren bila hasi da. Halako batean Louisianara-edo iritsi da eta, horra neska gazte hori, oraingoaren antzekoa, berdin-berdina ez esatearren. Detektibeak harekin narrutan egiten du, eta horretan dihardutela sabaitik behera odola dator. Larari ezin dio filma kontatu. Ezta ere filma ikustean neska harenganako desioa zelan piztu zitzaion. Harrez gero desio horrek bizirik iraun du. Horrexegatik onartu zuen lehenengo gonbidapena, baita bigarrena ere. Horretan ere larru kontua eskasa izan da. Ez dio orbana osorik erakutsi, ezta ere larrua luzaz laztantzen utzi. Eta hain zuzen ere horixe da gizonak egin nahi duena. Larrua laztandu, filma ikustean piztu zitzaion desioa ase.

Hirugarren aldi bat ere izan da. Horretarainoko tartean berriro filma erabili du buruan. Zatika osatzen joan da eta, haren amaiera gogoratzera iritsi denean arrangura sakona sortu zaio. Hori neskarekin hirugarrenez egiten dagoela izan da. Haren begiak ikusi ditu, sabaira begira. Zizpuruak eta plazerezko aieneak itxura hutsa izan direla hasiera-hasietarik jakin duen arren, hori lartxo izan da. Azkena!, esan dio bere buruari. Hirugarrenez ordaindu dio. Ez dinat berriro egin nahi, erantzun dio hurrengorako gonbiteari. Gero komunera jagi da, leihotik begiratu du eta iraganaren minak arrangura bizitu dio. Aingeru bihotza. Filmean norbaitek arima deabruari saldu dio, eta horretaz ahaztu gero. Deabrua Robert de Niro da, eta detektibeari bilatzeko eskatu dion desagerturiko hura nor-eta detektibea bera da. Mickey Rourke, Harry Anjel filmean. Filmaren beste zati batzuk ez ditu gogoan. Hirutan ikusi zuen arren. 80koetan izan zen.

Aingeru bihotza. Mickey Rourke, detektibea, bera duk deabruak bilatzeko agindu dion gizon aspaldi desagertua, esan dio bere buruari. Eta bide batez neskatoaren aita ere baduk. Filmean neskatoari heriotza ematen diona, detektibea, Anjel, neskaren aita da! Intzestua eta hilketa. Bere buruaz nazka sentitu du.

Hurrengo egunetan emakume gazteak ez du amore eman. Hotelera etorri izan zaio, umea beti eskutik. Gizonak guzti-guztietan gonbidatu ditu. Tarteka filmari buruz galdetu izan dio, zerbaitetaz berba egitearregatik. Halako batean Bihar banoan, esan dio. Zergatik? Diru guztiak xahutu ditinat. Dirurik gabe egingo diagu. Ez dinat gogorik.

Ezin dio egia osoa esan. Filma kontatu. Esan larrua laztantzearren bere diru guztiak eman izango zituzkeela. Edo orbana osorik ikustearren, besterik gabe. Sorterrian ez duela arazorik, ez dela horko hotelean larru bila diharduten turista gosekiletakoa, egunotan ez duela hori bilatzen izan, filma ikustean sentitu zuen lilura hura egia bihurtzea nahi izan zukeela, horixe besterik ez. Eta honez gero ezta hori ere, filma ia osorik gogoratzera iritsi delarik emakumeari bere alaba balu moduan begiratzen baitio. Intzestuaren tabua, bada. Ez dakiena beste tabuarena da, zera, emakume gazteari heriotza emateraino iritsiko ez ote litzakeen. Pentsatze hutsak izua eragin dio. Izua infinituraino luzatu zaio bere buruari egia aitortzen ausartu denean. Bai. Heriotza emango lioke.

Horraino kontakizuna.

Kontatu zidanak zera esan zidan amaitutakoan, Filma 1987koa duk; emule-rekin erraz daukak; ikusi egik, hori ikusita hobeto ulertuko duk-eta hau guzti hau; gero idatzi, baina idatziko duan lehenengo hitza izan bedi leihoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera
Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara
Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.