Albistea entzun

Elurra kentzeko makina eta lainoa

Amaia Iturbide

Bilbon jaioa, 1961ean. Euskal filologia ikasi ostean, irakaskuntzan aritua baina idazteari (eta margotzeari) emana. 1986an argitaratu zuen lehen lana: Eskaileraren bi aldeetan. Poesia landu zuen han, eta genero horretan eman ditu ale gehienak, nahiz eta narrazioa eta saiakera ere landu izan dituen. Gelak eta zelaiak (1994) obrarekin Lizardi saria irabazi zuen, besteak beste. Iaz eman zuen hamahirugarren eta orain arteko azken liburua, Kartografien eta mikrobio narratiboen artean ipuin sorta.

Berria -

2014ko uztailak 19

Argi eta itzalen artean bildutako gela kardatuz bezala joan zen ke kiribilen eta hari solteen bitartez Bego Herranzen eta jostun zaharraren arteko elkarrizketa garatu eta aurrera joan ahala. Bego Herranz andrea pixka bat zargal zegoen eta ahoan burdinazko aparatua zeukan, iltze eta jostorratz zaporea uzteaz gain hitzak elkarren ondoan katramilatzera bultzatzen zuena. Honek guztiak ihar eta mingostasun puntu bat ematen zion. Soinean alkandora arin eta gardena zeraman (gorputz sufritua agerian uzten ziona) eta kopeta erdian, berriz, esparatrapu altsitu bat. Behatxulo batetik zelatan bailegoan begiratzen zuen insomnio aldiak jasaten dituztenen bezalako behatuaz eta eskuak pixka bat desitxuratuak azaleratzen zitzaizkion etxeko lanengatik (platerak garbitu eta izarak bihurritzeagatik). Jostunak hatzak gogortuak zituen hainbeste kate itxurako brodatu egiteagatik, txataletatik hainbeste oihal (osorik) atera behar izateagatik, hainbeste botoi estuki lotzeagatik eta bizitzari hainbeste jostorratz sartzeagatik. Bekainak sarritan gakotzen zituen iritziak gehiago azpimarratu asmoz, zeren izurrak izurtzeko ofizio hargatik errepikazioari emana baitzen.

— Gogoratzen zara gizon bizar sarri eta sendo hura nola hil zen pixkanaka-pixkanaka, nola barrenak kolpez kolpe erasan zion, gupidarik gabe. Taldeka hurbiltzen gintzaizkion bisitatzera eta berak koilara baten hondotik bezala begiratzen gintuen urrutitik, noizbehinka aharrausi nagitsuak egozten zituelarik. Azkenik, ordea, badirudi nolabaiteko pausalekua hartu zuela, zeren etxe ondoko mendiaren itxura bereganatu baitzuen, gibel lasaiarena — esan zuen jostunak lepoa emanda geratutako jertsea konpondurik eta solaskideari kordelez egindako begirada luzatu bitartean.

— Nik ere bere eskua hartzeko abagunea eduki nuen. Ez ditut ahaztuko eszena horiek, eskuarenak, batez ere, nola hurreratzen zizun bat eta gero beste bat, aurrena arraun bat eta hurrena beste arrauna eta guk jadanik txalupa bilakatutako ohearen ertzetara gero eta atxikiagoak geundela — jarraitu zuen zehazten Bego Herranzek lautu berri zitzaion ahotsaz eta begirada hobi komun batean bezala iluntasunean hilobiratuta.

— Beste herritar haren heriotza, ordea, zeharo bestelakoa izan zen, neskaren gorpua ez baitzuten inoiz aurkitu ahaleginak ahalegin eta ikerketak ikerketa. Gainera, bidegurutze batean desagertu izanak neguko arratsalde lainotsu batean eta ordu zehaztugabean kasuari misterio gradu bat gehiago eransten zion — azaldu zuen Bego Herranzek pentsamendu zatiak azulejoak bailiran horman kokatu nahian eta hotzikara-imintzioa barneraturik, gertakariagatik giharrak ez ezik, hezurrak ere zurrunduta. Gero zerbait xuxurlatu zuen murtxikatzen egongo bailitzan, mota horretako egoerak miniaturan hobeto digeritzen dira-eta.

— Edota gradu batzuk — gaineratu zuen jostunak hitzok hasikinak balira bezala ahoskatuz eta hatzak aingiren gisara josten ari ziren oihalean zehar limurtuz -. Zeren ez dakit oroitzen zaren, baina gertakari hark herria goitik behera aztoratu eta antzaldatu baitzuen, haren aurretik liskarrak liskar eta ezinikusiak ezinikusi herria bloke bakarra eta gotorra baldin bazen, ordutik aurrera dena nahasmena izan zen. Herriak bere osoan zalantzakor eta dardarka astindutako orri soltea zirudien.

— Eta oraindik ere — erantzun zion hasperen batekin Bego Herranzek. Jarraian, beso txindurrituak astintzeko asmoz edo, aulkitik altxatu, hautsontzian erretako zigarro muturra bihurritu eta leihorantz jo zuen.

Kanpoan ez zegoen giro. Dena erdi hustuta ageri zen. Etxeek mamutzarren planta zeukaten eta giza irudiek moldatu gabeko elurrezko panpinena. Elurra kentzeko makinak herrira sartzen hasi ziren.

— Eta oraindik ere — errepikatu zuen jostunak josten ari zen gabardinaren mahuka erortzen utziz -. Desagertua beste bat izan balitz, agian ez zatekeen hainbeste katramilarik sortuko, baina neska hark herriko sekretu asko zekizkien — esanez errematatu zuen kontua.

— Gainera desagerketa unea bera nahiko baldintza arraroetan suertatu zen. Jendea banaka bainoago multzoka gerturatzen hasi zen geltoki ondoko bidegurutzera. Oihartzunak entzuten ziren, mamuenak bezalakoxeak. Izadiak berak aldez aurretik prestatutako planifikazioari men eginez bezala lainoz jantzi zuen bere burua: herria zaintzen duen mendi nagusia lanbrozko txapel batez agertu zen bat-batean, ibarreko ibaiak lainozko mihi luze bezain mamitsua ematen zuen, plazak berak ganduarena egiteari ekin zion eta aspaldiko edota ezin kenduzko kezkaren bat agertzen bazitzaizun, herriko iturrira hurbildu eta uraren ordez langarra zeriola ohar zintezke. Labur zurrean, herria elezaharretik ateratako eszenatokia zen eta ez markorik gabeko koadro mugagabea — erantsi zuen Bego Herranzek airean keinu lainotsuak eginez.

— Zeren lainoa ez baita oharkabean igarotako zerbait, inplikatzen zaitu — jarraitu zuen esaten jostunak hitz bakoitza azpimarratuz eta esku artean zeukan artilezko jertsean galtzorratzak erdiz erdi sartuz.

Elurra kentzeko makinek jadanik herrian bertan lanean ziharduten. Txakur amorratuak edo otso basatiak ziruditen, aurrean zeukatena errotik erauzi eta eramaten baitzuten urtetan pilatutako oztopoak bailiran. Hori egin zuten elurrezko panpinekin eta bestelako elur multzoekin (mendi ilun haiekin).

— Baina gure oroimenaren lainoarekin ezin izango dute, ezta desagertutako neskarekin ere — sententziatu zuen Bego Herranzek leihotik gela barrurantz egiterakoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Iñgo Astiz

Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D'museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak
2019ko EHZko kontzertu bat, Irisarriko plazan. Aurten berriz ere dohainik izanen dira plazako ekitaldiak. ©BOB EDME

EHZ, berriz plazara

Joanes Etxebarria

Bihar hasiko da festibala Irisarrin, eta lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute
Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan. ©BOB EDME

Ipar Euskal Herriko zinemagintza ikertuko dute EHUko ikerlariek

Ainize Madariaga

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta nagusiki euskaraz sortutako zinema aztertuko dute EHUko NOR ikerketa taldeko kideek
'Han ez banengo bezala' liburuaren aurkzpena, Donostian, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Pasazaite argitaletxeak jarduna etetea erabaki du hamar urteren ostean

Jone Bastida Alzuru

Sare sozialen bidez eman du berria, eta adierazi arrazoi pertsonalak, familiarrak eta ekonomikoak tarteko hartu duela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...