Albistea entzun

Gitarra akorde bat bezala

Bilbon jaioa, 1961ean. Harrera kritiko ona izan duten bi narrazio libururen egilea da: Hollywood eta biok (Alberdania, 1999) eta Ero hiria (Alberdania, 2006). Horrez gain, Uztailaren laua, Renon antzerki lanaren egilea da (Kutxa, 1999). Antzerki arloko Donostia saria irabazi zuen lan horrekin, eta obra oholtzaratuta ere ikusi zuen.

Javi Cillero Goiriastuena -

2014ko uztailak 27

Agure itsu bati maletatxoa lapurtzeak zorte txarra dakar, Manu.

Betiko moduan, Fina ezin isilik egon amodioa egin ondoren. Sukaldeko mahaiaren kontra ihardun duzue, leihoa erdi irekita zegoela. Gitarra soinu bat urrutitik aditu duzue. Finak aldagailua hartu eta ozen jarri dik telebisioa. Lehiaketa baten zarataz hire oihuak estali ditik. Gozatzearekin batera, lorontzi berdexka lurrera joan duk. Krak bakar batez ura isuri eta loreak sakabanatu dituk. Finaren lorontzi kuttuna.

Ez, gizona, ez da parte onekoa.

Zer jakingo du kilomordo ustel horrek? Ez duk hain erraza izan. Nork saihestu ditu trengeltokiko kamera guztiak? Nork eraman du Migrossupermerkatuko poltsa handi bat patrikan, maletatxoa berehala estaltzearren? Kamera berriak sartu dituztenetik, zokomoko guztiak zainduta zaudek eta arriskuak biderkatu egin dituk.

Horregatik janzten duk jaka italiar hori, Rue de Lausanneko jantzitegian erosia (José zikoitz horrek, beti ere zigarreta ezpainetan, ez zian beherapenik egin). Ganoraz lan egiteko, Galesko printzea bezain dotore agertu behar Beau-Rivage hotelean, Palais de Nations aldean zein aireportuaren inguruan. Errazago zeukatek auzategiko txatxu horiek, andreen poltsei tira egiten ibiltzen zaizkienak.

Eta dena hogeita hamar metro koadroko estudio batean alokeran bizitzen jarraitzekoOrain dela hogeita hamar urtez geroztik bezala.

Eta Fina bezalako andre kaxkar batekin jarduteko. Izan ere, Hilton hotelaren inguruan ibiltzen diren neskatxak garestiegi ateratzen dituk. Ez duk lehen bezala, La Cave Bleu aldean gitarra akorde pare bat jo orduko, neskatoak sarri askotan hire besoetan erortzen zirenean.

Ea etxe bat erosteko adina diru dagoen, edota apartamentuz aldatzeko adina, behintzat.

Iseka moduko imintzio bat egin dik Finak, maletatxoa ohepetik atera duanean. Etxera itzuli nahi duela aipatu dik behin baino gehiagotan. Laku aldeko giroak ez diola onik egiten, batez ere neguan.

Atea giltzaz itxita dagoela egiaztatuta, ohean eseri haiz maletatxoa irekitzeko. Betaurreko beltzak, paperezko zapiak, txokolate barra pare bat, alkandora zuri bat, lisatu berria, nonbait, mapa zahar bat, Victor Hugo delako baten liburukote bat, edizio merkean, eta kaier bat. Kaier puta bat.

Kaiera orriztatu duk. Esaldi batean erori zaizkik begiak: «el hombre se acerca a la puerta, y entonces se percata de que ella no ha echado la llave al salir».

Azernolako zaborra, raust! paperetik tira egin eta orria apurtu duk.

Galdu gordean ibili zara berriro, eta …

Mehatxuzko keinu bat egin diok Finari. Orduan benetan izutu duk. Ez huke lehenengo aldia izango ospitale kantonalaren larrialdietara joan beharko zenuketena. Mototik erori dela edo halako zerbait asmatuta, ubelduak-eta zuritzeko. Eta gero Agustinen tabernara eraman, absenta pare bat hartu penak ahazteko. Horrela gorde izan duk Fina hainbat urtez, baina ziur hago edozein egunetan alde egingo duela.

Nabarmendu egin zara, eta Marko eta Bruno zure bila omen dabiltza.

Bat-batean zurbildu haiz. Nondik ikasi ditu Finak izen horiek? Zeren ez baitiok dena kontatzen, ez dena ez erdia ere. Eta negozio ohizkanpoko bat egin nahian hanka sartu duk morroi horiekin. Dagoeneko abisua zabaldu ditek Paquis osoan, kalean ikusiz gero, larrutu egingo hautela.

Horregatik erosi diok tratanteari Sig Sauer bat, tiradera batetik atera duana.

Esan ziaten zaila izango zela arma bat erostea Suitzan, baina kia. Tratanteak txantxetan esan dik ea kalashnikov bat nahi huen 500 euroan. Kontua ez huen txantxetarako. Marko eta Bruno ez zabiltzak txantxetan, eta horregatik hobe erabiltzea poliziak erabiltzen duena. Agustinek kontatzen duenez, polizia batek bala batez bi pertsona hil zizkian. Bikote hori aurrean suertatzen bazaik, erditik kenduko duk. Lehenengo plama egingo dik Tribune de Geneven ziurrenik: beste hilketa bat Genevako auzategi beroan.

Artean ere, ohean eserita hago eta txirri bat erre duk. Finak atxiki bat emateko eskatu dik, baina ezetz esan diok. Eta Finak betiko erretolikaz zirikatu hau.

Agustinek behintzat taberna bat muntatu zuen, eta Josék jantzitegi bat. Edozein momentutan salduko dute negozioa eta itzuliko dira Pontevedrara. Zu ez zara inora itzuliko.

Eta orduan zaplazteko bat eman diok, ia nahigabe.

Finak begi pare sutsu horiek atera dizkik. Bi bonbila 100 watiokoak amodioa egin bitartean. Azkenean, madarikazio bat bota dik aurpegira eta danbada batez alde egin dik.

Sig Sauerrari eutsi diok eta metalaren pisua sentitu duk ahurrean. Ia kilo bat tinko eta gotor, muxika lata lodi bat bezala. Kargatuta zagok eta Markok eta Brunok atea jotzen dutenean, tupustean irekiko duk eta kargagailuaren hamabost bala botako dituk ttu batean.

Ohetik jaiki haiz pistola burukoan utzita. Patioko leihotik dator gitarra baten soinu berbera, mutil ezgauza batek jotzen duen modu errepikakorrean. Beste batean, lezioak emango hizkion erdi prezioan agian. Leihoa ixtean agurearen kaieretik hegaldatu den orri txatal batean idatzitako esaldi zati bat begiztatu duk: «como el acorde de una guitarra».

Orduan, kaleko atea ireki da ustekabean. Horra hor Marko eta Bruno hire aurrean. Ohera oldartu haiz armaren bila. Sig Sauerrari segurua kendu baino lehen konturatu haiz Finak ez duela atea giltxaz itxi. Erreflexuz desarratu diate tiro bana, eta halaber nabaritzen duk desagertzen ari haizela, hire patua airean sotilki errausten ari dela, orri batek tarrat egitean gertatzen den legez, gitarra akorde bat jotzen den modu berean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.

Mona Hatoum artistaren <em>Still Life</em> instalazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...