Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura San Frantzisko, New Orleans

Publizitatea

Kultura

San Frantzisko, New Orleans

Barakaldon (Bizkaia) jaio zen, 1966an. Bere lehen lana Road movie kronika liburua izan zen (Alberdania, 2002), AEBetara eginiko bidaia bat oinarri hartuta. Ramones, familia maitagarria saiakera izan zen hurrengoa (Paper Hotsak, 2005). Idoloak akatu genituenekoa narrazio liburua du berriena (Barnezomorro, 2016), Igor Mercado eta Iñigo Basaguren-Duarterekin batera egindakoa. Kazetaria da lanbidez: Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen lanean, eta BERRIAn dabil gaur egun.

2017-08-13 / Gotzon Hermosilla

Arima hanketara etorri zaio arrakalaz eta orbanez beteriko paretak ikusi dituenean. Hau dok umedadea, egin du bere kautan. Ohantzeak hotzak hormatua dirudi.

- Ondo da.

Kobratu ostean egin du alde pentsioko ugazabandreak. Atea ondo trangaturik dagoela ziurtatu eta armairuan sartu du poltsa. Ohantzearen gainean eseri da, soa leihoaz harago galdurik, eta lizun sunda jasanezina begitandu zaionean jaka jantzi eta logelatik irten du.

Hernani kalean behera egin du, pauso bat eta beste bat, ama putaren euria, mela-mela eginda bukatuko joat taberna bat topetan ez badot. Azkar egin du espaloi batetik besterakoa, Termibusetik pentsiora ekarri duen kirol poltsaren pisutik arinduta.

Zerbitzaria eta komuneko ate ondoan dauden morroi biak beste inor ez dago tabernan. Eskatutako koka-kola oraindik barra gainean paratu gabe zeukan morroietako bat hurreratu zaionean.

- Dotorea da aldean daroazun Eskorbutoren txapa hori. Non lortu duzu?

- Lagun baten oparia da.

- Lagun ona behar du izan horrelako opariak egiteko. Kasualitatez, ez zinen ba hona etorriko zerbait erosteko asmotan?

- Adibidez?

- Adibidez, jako apur bat.

Kosta egin zaio erantzutea, hitzak eztarrian trabes etorri izan balitzaizkio bezala.

- Ez. Gaur ez dut jakorik behar. Baina beste zerbait gustura hartuko nuke.

- Koka apur bat, esaterako?

- Esaterako.

- Zenbat?

- Gramo bat.

- Zortea izan duzu, primerako materiala dugu eta. Baina itxaron behar duzu. Oraintxe nator.

Zerbait murmurikatu dute morroi biek komunera sartu aurretik. Borborka dagoen lapikoa da Koldoren burua, pentsamenduak alderik alde, babo arraioa, ergel alaena, herritik aldendu desengantxatu guran eta lehenengoan jausi haz, ez dok erremediorik, tira, astoari ezetz esaten jakin dok eta gaitz erdi, koka apur bat baino ez, besteaz pentsau behar ez izateko, atoan danagaz moztea be ez dok gura izango ba, pixkanaka joatea komeni, eta bihartik aurrera txintxo, komaidios, putakume horreik zergaitik tardatzen dabe hainbeste, gramo bat atontzeko gau osoa behar dabe ala. Behingoz irten dute morroi biek komunetik.

Kanpoan atertu duela dirudi. Kalean gora oraingoan, pauso bat eta beste bat, kosta egiten dok hauspoari bueltea emotea, arranopola. Farlopak patrika erre behar diola begitandu zaio. Beste txiriboga bat bilatu edo pentsiora jo, duda egin du Koldok istant batez. Taberna irekirik ez inguruan, pentsioa urrun aukeran, erreka ondoko arkupeetara egin du azkenean.

Zapore arraroa hartu dio lehenengo marrari. Eskasa dok koka hau, ostia. Putakume horreik ziria sartu jeustiek ala. Plastikozko poltsatxoa hustu du diru-zorroaren gainean, hautsa xehatu eta marrak egin arau sudurreratu ditu eta, bat-batean, Johnny Thunders konturatu da zerbait gaizki dabilela. Ez du odolean kokaren zartako ezagun hori nabaritu, beste zerbait baizik. Komunetik atera da Thunders, xiringa konketaren gainean utzita, burua zorabiaturik.

Ohantze gainean etzan da, zer gerta ere. Olatutan dator eldarnioa: urdailetik esku-oinetako azken azkazaletaraino hedatzen diren uhinak igartzen ditu gorputz osoaz jabetzen, buruak ihes egin behar diola dirudi; gero, uhin oldea baretu egiten da, goragale arin bat utzita, eta handik gutxira berriro hasten da. Izuturik dago Thunders, hezur mamietaraino ikaraturik.

Barealdi gero eta laburragoetariko batean, Auzo Frantseseko bi mozolo horiek saldu diotenak LSD behar duela pentsatu du, eta poltsan dituen metadona kapsulak etorri zaizkio akordura. Herrestan egin du armairura arteko tartea, konbultsioak menperatzen saiatzen den bitartean. You give me the pills, then you give me the shot.

Mendeak eman ditu poltsa aurkitu nahian. Do you wanna take a walk? You wanna go cop? You wanna go get some Chinese Rocks? Bat-batean, nola ez dakiela, ispiluaren aurrean kausitu du Johnnyk bere burua, eskuetan metadona kutxak dituela. Eta kapsulak irensteari ekin dio.

***************

Ez du inor ezustean harrapatu. Johnny Thundersek (benetako izena: John Anthony Genzale, New York, 1952 New Orleans, 1991) drogekin zituen arazoak ezagunak ziren aspaldi luzetik. Eta, hala ere, New York Dolls eta Heartbreakers taldeetako gitarra jotzaile izandakoa duela bi aste New Orleanseko St. Peter hoteleko gela batean zerraldo aurkitu zutenean, albisteak zirrara berezia eragin zien rock'n'rollaren zale guztiei.

Jazz jaialdia ikusteko asmoz iritsi zen Thunders New Orleansera. Ba omen zuen bestelako ziorik ere: New Yorkeko giro itogarritik aldendu eta heroina uzteko hamaikagarren saialdiari ekitea. Hori iradokitzen dute Thundersen logelan aurkituriko metadona kapsulek: antza denez, New Yorketik eraman zuen artistak poltsa bete metadona, desintoxikazio prozesuan lagungarri gerta zekion. Behin garbiturik, New Orleansen disko akustiko bat grabatzeko asmotan zebilen, eta proiektu horrekin oso ilusionaturik zebilen, Thundersen lagunek aldizkari honi esan diotenez.

New Orleanseko poliziak ez du zalantzarik izan, eta lehenengo momentutik droga gaindosi bati egotzi dio haren heriotza. Baina badago puntu ilunik gertatutako guztian. Aldizkari honek Willy DeVille New Orleanseko musikariarekin hitz egiteko parada izan du; aspalditik ezagutzen zuen DeVillek Thunders, baina St. Peter ondoan bizi den arren, ez zuen jakin New Yorkeko musikariak hotel hartan ostatu hartu zuenik, biharamunean heriotzaren berri izan zuen arte.

Thundersen gorpua handik atera eta gutxira, logela hartan egon zen DeVille, lagun musikariaren gauzak biltzen. Aldizkari honi esan dionez, xiringa bat aurkitu zuen komunean, eta metadona kapsula huts mordoa, «denak batera hartuz gero, elefante bat akabatzeko beste», haren hitzetan.

DeVillek badu hipotesi bat gertatutakoaren inguruan: «Gau hartan oso ospe txarreko bi morroi ibili ziren Auzo Frantsesean, azidoa saldu nahian. Niri ere eskaini zidaten, eta ezetz esan nien. Suposatzen dut Johnny, gauzak hotelean utzi ondoren, handik atera, kalea zeharkatu eta aurre-aurrean dagoen Pound Sterlingera sartuko zela. Han, seguru asko, bi morroi horiekin egin zuen topo, eta kokaina erosten saiatu zen. Tipo horiek ezagututa, ez nintzateke harrituko LSDa birrindu eta hautsa Johnnyri saldu izan baliote. Pentsatzekoa da azidoak ero moduan jarriko zuela Johnny, eta horren eraginari kontra egin nahian hartuko zuela metadona, dosi hilgarrian hartu ere».

Xehetasun bitxi baten berri ere eman dio DeVillek aldizkari honi: antza denez, hilotza aurkitu zutenean, Eskorbuto izeneko talde ezezagun baten txapa bat zeraman Thundersek jakan.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak