Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Apirilaren 24an erabakiko du epaileak Gomezen egoeraz

Publizitatea

Politika

Euskal presoak. Oier Gomezen kasua

Apirilaren 24an erabakiko du epaileak Gomezen egoeraz

Eri dagoen euskal presoaren zigorra etengo duen edo ez ebatziko du. Auzi saioan, prokuradorea ez da aurka agertu. Apirilaren 26rako mobilizazio egunera deitu dute Baionan
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA /

2017-04-20 / Eneko Etxegarai

Datorren astelehenean —apirilak 24— jakingo da urtarriletik ospitalean den Oier Gomez euskal presoaren zigor etetea onartuko ote duen edo ez Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak. Presoaren abokatu Maritxu Paulus Basurkoren hitzetan, prokuradoreak «ez du aurka egin; onartu du egoera medikoak etetea justifikatzen duela». Alde dagoenik ere «ezin daiteke erran», baina balorazio «positiboa» egin du abokatuak. Gomezen kasua aztertzeko, auzi saioa egin zuten atzo, Parisko Pitie-Salpetriere ospitalean —han dute euskal presoa—. Epailea, prokuradorea eta defentsako abokatua joan ziren ospitalera, saioa auzitegian egin ezinik.

Presoaren egoeraren berri eman zuen Bagoaz-eko Emili Martinek ere, atzo, Baionako suprefetura aitzinean antolatu elkarretaratzera joan ziren 150 pertsonen aurrean. Martinen hitzetan, egoera «ezin onargarria» da eta «salbuespen neurriak» gaindituko dituztela iragarri du. Horrez gain, jakinarazi du apirilaren 26an iraganen dela Gomezek dituen hiru euroaginduen eteteko epaiketa. Frantziak jada onartu baditu ere Espainiako eta Portugalgo estatuek galdegindako euroaginduak, Bagoaz-eko bozeramailearen hitzetan ez da horretan gelditzen afera juridikoa: «Euroaginduen suspenditzea galdegin da». Gomez ezin dela kartzelan «bakarrik hiltzen utzi» azpimarratu du Martinek, eta «erantzule bakarra» Frantziako Gobernua dela deritzo.

Beste mobilizazio egun bat

Martinen hitzetan, «euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua aktibatzea» da helburua, eta «erronka nagusia preso eta iheslariena da». Horretarako, apirilaren 26rako, hau da, hiru euroaginduen etetea aztertuko den egun bererako, mobilizazio egun bat iragarri du Bagoaz-ek Baionan. Egun horretarako, 10:00etan, deialdia egin diete herritarrei Baionako San Andres plazan elkartu eta eskuorriak banatzeko. Ondoren, 13:00etan, Lessep kaian elkarretaratze iraunkorra antolatu dute 17:00ak arte. Ordu horretarako, jendeari hurbiltzeko deia egin diote, prentsaurreko bitartez erabakiaren berri eta Bagoaz-en balorazioaren berri emango baitute. Martinek oroitarazi du Gomezen osasun egoera «oso larria» dela eta medikuek sei hilabeteko bizi esperantza eman diotela. Atzo Baionan iragarri zuten mobilizazioa Gomezen egoera salatzeko jada antolatuak diren hainbat gertakariri gehituz doa. Hala nola apirilaren 22rako, Gasteizen Oiertxo SOS plataformak elkartasun eguna antolatu du. Hainbat gertakari iragarri dituzte jada antolatzaileek: 11:00etan, hitzaldia CNTko egoitzan; 14:00etan, kontzentraziora deitu dute Foru plazan; eta 19:30ean, manifestazioa bat abiatuko da Andre Maria Zuritik. Maiatzaren 6an, manifestaziorako deialdia egin du Sarek. Gomezen egoera salatu, eta larri gaixorik dauden euskal presoen etxeratzea izango du aldarri 17:30ean Arabako hiriburuko Iparralde gizarte etxetik hasiko den mobilizazioak. Gaurko egunean, beste hamahiru euskal preso dira larriki gaixorik direnak eta presondegian segitzen dutenak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea