Noiz sortua: 2014-06-25 00:30:00

Globalizazioaren azken kolpea

Europako Batasunak eta AEBek urtebete daramate merkataritza akordio berri bat negoziatzen; sekretuak dira elkarrizketak, baina filtratu diren edukiek kezka zabaldu dute jadanik.
Jose Manuel Durao Barroso, Barack Obama eta Herman van Rompuy.
Jose Manuel Durao Barroso, Barack Obama eta Herman van Rompuy. JULIEN WARNAND / EFE

Ivan Santamaria -

2014ko ekainak 25

Laster beteko da urtebete Europako Batasunak eta AEBek merkataritza akordio bat negoziatzeari ekin ziotenetik. Elkarrizketa horien inguruko informazio ofizial eskasa dago, baina zeharka jakin denak erne jarri ditu globalizazioaren aurkako mugimenduak Atlantikoaren bi aldeetan. Akordio hori da globalizazioari beste bultzada bat emateko saiorik handiena, finantza krisiak eragindako etenaldiaren ondotik.

Joseph Stiglitz, Sami Nair, Susan George, Noam Chomsky eta beste asko bat datoz akordioari buruzko kezka horretan. Informazioa hedatzen hasi da Euskal Herrian ere horrelako akordio batek izango dituen ondorio kaltegarriei buruz. Duela gutxi, EHUko Lan Harremanen Eskolako bi doktorek, Juan Hernandez Zubizarretak eta Mikel de la Fuentek, agerraldi bat egin zuten Eusko Legebiltzarrean, gaia azaltzeko. Biek azpimarratu dituzte negoziazioen iluntasuna eta egin daitezkeen aldaketei buruzko ardura.

Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa (TTIP, ingelesezko sigletan) izena ezarri diote hitzarmen berriari. Ez da, bere hartan, akordio bakana. Nazioarteko ekonomia eta herrialdeen arteko merkataritza arautzen dituzten beste milaka hitzarmenen bideari jarraitzen dio. Egitura horren hedaduraz ohartarazi du Juan Hernandezek. «Arauen sare handi bat eraikitzen ari dira. Tramitazioan oso ilunak dira, baina gero indar juridiko handia dute finkatutakoa betearazteko».

TTIP akordioa beste katebegi bat litzateke prozesu horretan. Haatik, haren garrantzia ez litzateke nolanahikoa: 800 milioi biztanleko merkatu erraldoi bat eratu nahi du, oraindik munduko bi bloke aberatsenak direnen artean. Horixe litzateke historiako merkataritza akordiorik handiena. Itunaren beharra justifikatzeko, bi aldeetako gobernuek agindu dute akordioak enplegua eta hazkundea bultzatuko dituela, gaur egun biak eskasak izanik.

Hernandez doktoreak ohartarazi du botere banaketa klasikoa hankaz gora jartzen ari direla lankidetza akordioen bidez. Uste du zuzenbide estatua eraisten ari direla, zatika. «Erakunde ilunak sortzen ari dira. Ez ditu inork aukeratzen edo kontrolatzen, eta ez dute zilegitasun demokratikorik. Haatik, erabakitzen dutenak eragina du Elorrioko baserrian, Kolonbiako etxaldeetan eta Indiako herritarrengan».

Isilpeko negoziazioak

Dagoeneko bost aldiz bildu dira EBko eta AEBetako negoziatzaileak. Hurrengo txandarako egunak ere ezarri dituzte: uztailaren 14tik 18ra izango da, Bruselan (Belgika). Publikoa den informazio apurretako bat da elkarrizketak noiz diren; negoziazioen edukia eta batzordeari emandako mandatua sekretupean gordetzea erabaki zuten EBko gobernuek. Susmoak ugaritu ditu horrek.

«Ondorioen tamainak mobilizazio handiak eragingo lituzke, jendaurrean jakinaraziko balitz», ziurtatu du Mikel de la Fuentek. Europako Batasunekoak gardentasun falta hori gezurtatzen saiatu dira. Karel de Gucht Merkataritza komisarioak ziurtatu du «sekula ez bezalako irekitasunaz» jokatzen ari direla. Hala ere, isilpeko negoziazioak izatea babestu du: «Ulertzen dut ez direla erabat irekiak, eta batzuentzat etsigarria dela. Baina erabateko irekidura ezinezkoa da, eta ez da desiragarria».

Kritikak baretzeko bi argudio erabiltzen ditu Bruselak: alde batetik, Europako Legebiltzarrak —alegia, herritarrek zuzenean aukeratu dituzten ordezkariek — izango duela akordioa onartzeko azken hitza; bestetik, adostutako ituna oso-osorik argitaratzeko konpromisoa agertu du, «onartzeko edo errefusatzeko erabakia hartu baino askoz lehenago».

Hernandezek, ordea, uste du tramitazioak ez duela ematen gardentasun bermerik. Prozesu luze baten amaieran baino ez du hartuko hitza Europako Parlamentuak, eta ia soilik onartuta dagoenari baietz edo ezetz esateko. «Prozesu legegilea ez da batere gardena izaten; Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren menpekoa da erabat. Lege arrunt batean eztabaidatzeko edo zuzenketak sartzeko dauden aukerak desagertzen dira».

Jakinarazpen ofizialen bidea itxita dagoenez, filtrazioak bihurtu dira mahaietan benetan zer eztabaidatzen ari den jakiteko modu bakarra globalizazioaren aurkako ekintzaileentzat. Orain dela egun batzuk, Espainiako Filtrala.org plataformak zerbitzu publikoei dagokien agiri bat argitaratu du. Bertan, Europa liberalizatzeko prest dagoen zerbitzuen katalogo osoa agertzen da; besteak beste, oinarrizko zerbitzu publikoak, hezkuntza, osasuna eta abar. Beste hedabide alternatibo batzuk ere lortu dituzte dokumentuak, baina argazki osorik ez dago zer negoziatzen ari ote diren.

«Filtrazioek susmatzen genuena indartu dute», azpimarratu du Hernandezek. Azken finean, uste du liberalizatu nahi dituzten zerbitzuen zerrenda hori bide orria dela pribatizazioak eta AEBetako multinazional handien sarbidea errazteko. «Batzuek ahobero deitu ziguten legebiltzarrean, baina uste dut motz geratu ginela. Ez dut esan nahi akordioan dena jasoko dela, baina aztertzen eta eztabaidatzen ari dira».

Inbertitzaileei boterea

Euskal Herrian nahiko oharkabean pasatu dira orain arte TTIPen negoziazioak. Europako beste herrialde batzuetan, ordea, eztabaida bizia pizten ari da. Puntu nagusietako bat inbertitzaileen eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko prozedurak dira. Alegia, herrialde batean inbertsio bat egiten duen konpainia batek kalte egiten ari zaiola uste duenean, administrazioen aurka jotzeko aukera dauka, baina ez justizia arruntaren bidetik, nazioarteko erakundeetako arbitratze epaitegietan baizik.

Multinazionalei mesede egiteko sistema da, Hernandezen aburuz, administrazio batek ez baitu aukerarik izango enpresen aurka egiteko. «Gainera, hitzartutako zerbait ez betetzea salatzeaz gain, konpainia batek aukera izango du edozein erabaki politikoren aurka jotzeko, hitzarmena urratzen duela argudiatuta». Auzia epaitegi pribatu batean egingo litzateke. Gaur egun, badira halako 500 kasu baino gehiago martxan, Susan George ekintzaileak emandako datuaren arabera. Prozedura garestiak dira, eta, gehienetan, eskatzen diren kalte-ordainak sekretupean gordetzen dira.

Esaterako, Suediako Vattenfall energia konpainiak auzitara eraman du Alemania, zentral nuklearrak ixteko erabakiak kalte egiten diola argudiatuta. «Alemania bezalako herrialde indartsu baten aurka jotzea posible bada, zer ez ote dioten egingo euskal udal txiki bati», ohartarazi du Mikel de la Fuentek.

Azken aukera hori erabat posible da. Izan ere, merkataritza akordio berriaren hedapena herrialde bateko gobernu maila guztiei ezarriko zaie, udalerriak barne. Politika publikoak aldez aurretik zentsuratzeko arriskua nabarmendu du Hernandezek: «Gerta liteke Eusko Legebiltzarraren botere legegile mugatua geratzea, salaketen eta auzien beldur izateagatik».

Antzeko itun bat lortzeko azken saioak, 1998ko MIA delakoak, porrot egin zuen, Frantziak errefusatu ondoren. Oraingoan, zailago ikusten dute gelditzeko aukera, Txinaren loraldi ekonomikoak mendebaldeko kapitalismoaren muina ukitzen duelako. Prozesua gelditzeko borroka, hori bai, gizarte zibilari dagokiola uste dute bi doktoreek.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

PCR probak egiten, atzo, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Ordiziako fokuan 30 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hamalau positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko 707 PCRren emaitzak jaso dituzte. Beharrezkoa dela ikusiz gero «irmo» arituko direla ziurtatu du sailburuak. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu. Neurriak zorroztuko dituzte arratsaldean.

Testak egiteko asmoz Ordizian atzo ipinitako karpa. ©JON URBE / FOKU

«Nor ez da ibiltzen hor!»

Arantxa Iraola

Zazpi positibori atxikita, ostatu gune batean ibilitako herritarrei testak egin dizkie Osakidetzak: 900 PCR proba egin dituzte, eta negatibo eman dute lehen 91k. Boluntarioa izan da parte hartzea. Ordizia, Beasain eta Lazkaoko eguneko zentroak itxi egin dituzte, eta zahar etxeetan bisitak kendu dizkiete zazpi egunez. Eskualdeko beste zahar etxeetan, halaber, kalera irteteko aukerarik gabe utzi dituzte bertan bizi diren adinekoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna