MERS birusaren aurkako sendabideak luze joko du

Gaitzari aurre egiteko tresnen bila ari dira zientzialari talde batzuk
MERS gaixotasunaz ohartarazteko kartelak Bangkokeko aireportuan. Asian hedatu da gaixotasuna.
MERS gaixotasunaz ohartarazteko kartelak Bangkokeko aireportuan. Asian hedatu da gaixotasuna. NARONG SANGNAK / EFE

Juanma Gallego -

2015eko ekainak 28
Orain arte, MERS koronabirusak 1.100 lagun inguru kutsatu ditu 25 herrialdetan, eta horietatik 400 bat laguni heriotza eragin die. Gripe baten moduko sintomak dituen gaitz hori azkar zabaldu da Hego Koreako hainbat ospitaletan azken asteotan, eta birusari aurre egiteko txertoak eta botikak garatu gabe daude oraindik. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaurdaino 180 kasu eta 30 heriotza baino gehiago izan dira herrialdean.

Birusa 2012an ezagutu zen lehen aldiz Saudi Arabian, eta, horregatik, MERS edo Ekialde Ertaineko Arnas Sindromea du izena. Ez dago argi zein den bere jatorria, baina adituek uste dute gaitza gameluen bidez transmititu dela.

2014an, eremu geografiko horretatik kanpoko lehen kasuak agertu ziren, eta, ezagutu zen unetik, ikerketa talde ugari ari dira aterabide bat lortu nahian.

Ludwig-Maximilians Unibertsitateko (Munich, Alemania) Gerd Sutter birologia katedraduna buru duen taldea da koronabirusari aurre egiteko txertoa ikertzen ari direnetako bat. Iragarri berri dute arrakasta izan dutela arratoietan egindako probetan. Horregatik, «ahalik eta lasterren» hasi nahi dituzte proba klinikoak gizakiekin, Sutterrek BERRIAri azaldu dionez. Hala ere, ikerlariak ez du uste saio horiek 2016. urtea baino lehenago hasiko direnik. «Hortik aurrera ere, horrelako proba klinikoak garatu ahal izateko, beharrezkoak izango dira urte batzuk», ohartarazi du.

Garatzen ari diren konponbideak Ankara birusaren aurka arrakastaz erabiltzen den beste txerto batean egindako genomaren aldaketa du oinarri.

Txertoa ez da, ordea, birus horri aurre egiteko adituek darabilten arma bakarra. Purdue Unibertsitateko (Indiana, Ameriketako Estatu Batuak) beste lantalde bat botika baten atzetik ari da. Bide horretan, MERS koronabirusak bere burua birsortzeko behar-beharrezkoa duen entzima baten jarduera bertan behera uzten duten molekulak topatu dituztela iragarri dute.

Entzima hori birusaren «Akilesen orpoa» izan daiteke, ikerlarien arabera, baina oraindik ez dute lortu birusa akabatzeko beharrezkoa den kontzentrazio mailak doitzea. Horregatik, ikerketa taldearen buru Andrew Mesecar biokimikariak azaldu duenez, hurrengo probak zeluletan eta arratoietan egingo dituzte. «Oraindik horren berri eman ez badugu ere, zenbait inhibitzaile hobetu lortu ditugu, baina, biosegurtasun maila altuko esperimentu hauek arriskutsuak eta garestiak direnez gero, konposaturik eraginkorrenak baino ez ditugu probatuko».

Inbertsioa, gakoetako bat

Adituak egunkari honi aitortu dionez, ikerketak ez du emango botikarik ondorengo hilabeteotan. «SARS birusaren kontrako terapian ere hamar urte inguru daramatzagu lanean, eta, hala ere, oraindik ez da lortu horri aurre egingo dion botikarik. Beharrezkoa izango da ikerketaren alorrean inbertsio handiagoa terapia bat garatu ahal izateko».

Gehienbat Ekialde Ertainean eta Hego Korean zabaldu bada ere, erraz zabaltzen dira birusak ordu gutxian hegazkinez zeharka daitekeen mundu globalizatu honetan. Hala ere, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko mikrobiologo Miren Basarasek azpimarratu duenez, «egungo egoera ez da alarma pizteko modukoa, baina beharrezkoa da betiere arreta maila bat mantentzea».

Gripearen antzeko sintomak eragiten ditu birusak: sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasunak, eta, horregatik, zaila izan daiteke antzematea. «Une honetan, botikak edo txertoak agertu arte, funtsezkoak dira birusari aurre egiteko babes neurriak», azaldu du. Orain arte, gaitzaren transmisioari aurre egiteko biderik hoberena ospitaleetan protokolo egokiak erabiltzea izan da, «batez ere eskularruak eta mozorroak janztea». Alde horretan izandako akats batek abiarazi du Hego Korean izan den agerraldia, lehen zantzuen arabera. Sendabideak lortuko badira ere, denborak etsai ñimiño horien alde jokatzen du. «Momentuz, ezagutzen den birusa Saudi Arabiakoa izan da, baina horrek ez du esan nahi birusak, behin lekuz aldatuta, inguru berri batera egokitzeko ahalmena ez duenik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: