Elkarbizitza. Andre musulmanen jantzien galarazpena. Maria Elosegi. Zuzenbidearen Filosofian katedraduna

«Ikusten ari garena da gaizki ulertutako paternalismoa»

Elkarbizitzarekin loturiko gaietan da aditua. Islamaren ikurrei so, zabarki ozendutako zarata ikusten du sarritan horien inguruan, asmo gaiztoen emaitza: «Gehiago da gizakiok batzen gaituena bereizten gaituena baino».
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2016ko abuztuak 20
Kulturartekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren inguruko ikerketetan aditua da Maria Elosegi (Donostia, 1957), eta Zaragozako Unibertsitatean irakasle dihardu, Espainian, Zuzenbidearen Filosofian katedradun. Asteon atseden hartzen egin ditu zenbait egun etxekoekin, Donostian, eta tarte bat izan du egunotan burkini deituaren erabileraren harira idatzi diren albisteei lotuta gogoetarako hainbat gako emateko. Egin dituen ikerketek, eta horretarako bisitatu dituen tokiek, talaia ona ematen diote horretarako; Europako Kontseiluko Intolerantziaren eta Arrazakeriaren Aurkako Batzordean aditu gisara ari da.

Burkini deituaren inguruan entzun dira, oraingoan, debeku hitzak. Udalek badute horrelako erabakiak hartzeko ahalmena?

Bainuarekin lotutako ordenantzak udalen eskumena izaten dira, baina gero aztertu behar da zenbateraino esku har dezaketen askatasunetan. Herritarren eskubideak aintzat hartu behar dira, eta ezin dituzte ezarri horrelako debekuak; soilik horrelako erabakiren bat har dezakete tartean higienearekin, instalazioen mantentzearekin edo ordena publikoarekin lotutako arazo motaren bat badago. Gainerakoan, ezin da. Frantzian esaten ari dira espazio publikoak neutrala izan behar duela, baina interpretazio oker bat dago horren atzean.

Finean, gorputz osoko jantzi bat besterik ez da. Surflariek erabili ohi dituztenen antzekoa...

Bai, nik uste dut oraingoan gai hau manipulatuta dagoela Frantzian berriki gertatu diren atentatuen harira. Europako hainbat herrialdetan bigarren hezkuntzako zentroetan onartzen zaizkie neskei gorputza normalean baino gehiago tapatzen duten bainujantzi motak. Horrek eskolan integrazio bat egotea bilatzen du, eta neskek motibo horregatik kirola egiteari ez lagatzea. Hautu pertsonal bat da; errespetagarria. Piercing-ak edo tatuajeak egin nahi dituen pertsona baten hautua bezain errespetagarria da, edo hondartzan bularretakorik gabe edo tangan egon nahi duenarena. Ikur erlijioso bat izan daitekeelakoan debekatu? Ez du zentzu handirik. Gainera, bereziki, ohiturekin lotuta dago. Errespetatu egin behar da, norberaren askatasunaren parte den neurrian.

Islamaren aurreko ezagutza faltak eta izuak eraginda ulertu behar dira erabaki horiek?

Bai. Bueno, nik ulertzen dut, baita ere, emakumeek askatasuna galtzeko kezka hor egotea. Emakumeak askatasunean heztea da garrantzitsuena; baina hori ezin da egin era paternalista, autoritario edo protekzionista batean. Hezi egin behar dira emakume horiek, hartzen dituzten erabakien jabe izan daitezen. Ikusten ari garena, gaizki ulertutako paternalismoa da. Janzkera horien atzean askatasunik ez dagoela? Kultura guztietan gertatzen dira halakoak; kuadrillaren ohiturak jarraitzen ditugu usu, taldearenak... Arkume taldea bagina bezala. Eta integratzaileagoa iruditzen zait andrazko horiek gainerakoen aisialdi eremuetan egotea, baztertuta egotea baino. Lehengoan Ondarretako plaian neska talde bat ikusi nuen; bakoitza era ezberdin batean jantzita. Baziren tartean musulmanak. Mila aldiz nahiago dut hondartzan edo kalean egotea etxe zuloan sartuta egotea baino... Denekin batera egotea da garrantzitsua; gero beraiek joango dira egin beharreko urratsak eginez.

Erlijioak oro estaltzen zuen gizarteak ez dira oso urrunekoak Europako gizarteentzat. Laizismoaren aldeko urratsetan atzera egiteko kezka ez al duzu ikusten zenbait jarreratan?

Bai. Egia da, estatu konfesionaletan biziak gara, eta egoera akonfesionaletarako bidea egin da. Nolanahi ere, zenbait kasutan aparteko jarrera beligeranteak izan dira erlijioen aurka. Pertsona erlijiozkoak ikuste hutsak molestatu egiten gaitu zenbaitetan; halako fobia bat sortu da erlijioen inguruan hainbat sektoretan.

Laizismo fundamentalistaren arriskuez ohartarazi izan duenik bada. Zentzu horretan?

Laizismo fundamentalistak ekar dezake ez ulertzea zenbait pertsonarentzat beren identitatearen parte dela kultura, eta kultura, askotan, lotuta dagoela erlijioarekin. Errespetatu egin behar da sinetsi nahi duen hori ere, ezta?

Zapiaren eta antzeko estalkien erabilera usu lotzen da emakumeen zapalketarekin. Nola ulertu behar dira halako jantziak?

Munduan 57 herrialde islamiar daude. Beste kultura askotan ere emakumezkoak tapatuta ibiltzea —sari eta antzekoekin jantzita— oso ohikoa da. Arazoa da janzkera horiek emakumeen askatasunak urratzen ezartzen badira, eta andre horiek hezkuntzatik kanpo geratzen badira. Andreen kanpoko itxurari baino, emakumeen hezkuntza sistemarako duten sarbideari erreparatu behar zaio.

Etorkinekiko politika asimilazionistek ez dute lagunduko...

Hain justu, zenbait emakumek beren kulturaren aldarri moduan janzten dute zapia. Badira behartuta janzten dutenak ere, jakina. Hori etorkinen lehenengo belaunaldietan izaten da, batez ere.

Noiz hasten dira zapia eramaten andreak?

Lehen hilerokoarekin izaten da. Sexu garapenarekin lotuta dago.

Eskolara agertu da neska bat zapia jantzita. Ez asaldatzea onena, ezta?

Gatazkarik ez da sortu behar alferrik, bestela ere aski identitate krisi izaten dituzte etorkinen familietan. Izaten dira zenbait institututan bitartekariak ere, ahal bada, kultura berekoak; horiekin lan egitea ideia ona izan daiteke.

Erruz hitz egiten da Mendebaldean emakume musulmanekiko landu diren aurreiritziez. Haiek, berriz, zer-nola ikusten dituzte Mendebaldeko ereduak?

Haiek usu oso kritikoak dira Europako emakumeen ustezko askapenarekin. Gizonekin rolak gero eta gehiago partekatu arren, emakumeek sarri gizonari plazer emateko rolak hartzen dituztela diote: erabili egiten gaituztela. Oso kritikoak dira, adibidez, emakumeei publizitatean ematen zaien rolarekin. Emakumeen gorputza erakustea, instrumentalizatzea, ez zaie batere gustatzen; hain justu, sarri esaten dute tapatzen direla nahi dutelako beren buruagatik baloratzea. Pornografia eta prostituzioarekin lotutako kritikak ere maiz agertzen dira. Eta gorputz perfektuaren inguruan dauden iritzien inguruan ere kritikak egiten dituzte... Arrazoia dute esaten dituzten gauza askotan. Jakina, konponbidea ez da denok zapi bat ipintzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna