Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Geldikakoak gelditu du

Publizitatea

Kirola

Athletic 1. Real Madril 2

Geldikakoak gelditu du

Athleticen presio eta intentsitateak ez du saririk jaso Real Madrilen aurka. Korner baten zaintzan egindako hutsarengatik galdu du
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Golak. 0-1: Benzemak (24. min); 1-1: Adurizek (65. min); 1-2 Casemirok (68. min). Epailea. Santiago Jaime Latre. Txartel horiak erakutsi dizkie Athleticeko Adurizi eta Real Madrileko Carvajali, Casemirori, Kroosi eta Keylor Navasi. Bestelakoak. 49.095 ikusle bildu dira San Mamesen, eta ia eserleku guztiak bete dira. Denboraldiko sarrerarik onena izan da.

San Mamesen partida asko irabazi ohi ditu Athleticek geldikako jokaldiei esker. Aurkariak atzean sarrarazteko bidea ere izan ohi dira jokaldi horiek zuri-gorrientzat. Atzo, ordea, korner batean egindako huts batek zapuztu zuen Athleticen lan bikaina, eta, itxura txukuna eman arren, 1-2 galdu zuen Real Madrilen aurka.

Zori-gorriek lehen minututik erakutsi zuten nolako partida nahi zuten. Lehia hasi eta berehala, barneraketa bikaina egin zuen Lekuek, eta Williams gutxigatik ez zen iritsi errematea egitera. Biak ala biak Athleticeko jokalaririk onenak izan ziren atzoko partidan. Aurrean egindako presio on eta indartsuari esker, Athletic jaun eta jabe izan zen jokoan aurreneko minutuetan. Real Madrilek apenas igaro zuen zelai erdiko arrastoa. Kroos eta Modric desagertuta zeuden. Lekuek, Raul Garciak eta Yeraik, berriz, gol aukera oso onak izan zituzten. Baina ez zuten Navasen ate aurrean asmatu.

Pixkanaka, ordea, Athleticen presioak eraginkortasuna galdu zuen, eta Real Madril lozorrotik esnatzen hasi zen. 16. minutuan izan zuen lehen aukera ona. Benzemak pase ederra eman zion sakonean Ronaldori. Hark ezkerrarekin jaurti, eta gelditu bikaina egin zuen Kepak ezker eskua aterata. Beste bi abisu eman zituen Real Madrilek; abisu gehiegi dira horiek aurrean halako kalitatea duen talde batentzat. Eta hirugarrenean ez zuen barkatu. Casemirok pase sakon neurtua eman zion Ronaldori; hark bizkarra ondo irabazi zion De Marcosi, eta Benzemari area txikian utzi zion baloia. Frantziarrak eskuin hankaren barnealdearekin gozo errematatu zuen sarera.

Lehen golak berotu egin zuen giroa. Halakoak izan ohi dira Athleticen eta Real Madrilen arteko partidak, eta atzo ere ez zen halakorik falta izan. Carvajalek, Adurizek eta Casemirok liskarra izan zuten. Lehen zatiaren amaieran Valerderen taldeak berriro heldu zion presioari, eta, horri esker, baloi jabetza handiagoa izan zuen. Halere, Benzema 0-2koa sartzeko zorian egon zen.

Bigarren zatia berdin hasi zen. Athleticek berdinketa lortzeko aukera paregabe batean huts egin zuen, Navasen eta Ramosen arteko gaizki-ulertu baten ondoren. Iturraspek eta Laportek ere aukera garbiak izan zituzten. Real Madrilek erabat utzi zion jokoaren ekimena Athletici, eta kontraerasoren baten zain geratu zen, bigarren gola egiteko. Hala jokatuta eroso aritzen dira zuriak.

Athletic, berriz, Williamsen abiadura baliatzen hasi zen. Aurrelaria amesgaiztoa izan zen Marcelorentzat. Aukera ederra izan zuen 62. minutuan, baina Navasek gelditu egin zuen. Egin zuen hurrengo barnealdean, ordea, erdiraketa neurtua jarri zuen. Bigarren zutoinean zain zegoen Raul Garcia. Aukerakoa zuen buruz errematea egiteko. Baina nahiago izan zuen Adurizi pasea eman, eta hark, area txikian, buruz ez zuen barkatu.

Athleticek 25 minutu zituen irabazteko. Pozak, ordea, gutxi iraun zion. Izan ere, korner batean, Casemirok 1-2koa sartu zuen. Kroosek atera zuen. Lehen zutoinean Ronaldok buruz loratu, eta bigarrenean bakar-bakarrik zen Casemiro gola sartzeko; Athleticeko atzeko lerroak huts nabarmena egin zuen zaintzan. Rico eta Susaeta zelairatu arren, zuri-gorriak oso nekatuta iritsi ziren amaierara, eta berdintzeko saiakerak antzuak izan ziren. Ondorioz, emaitza ez zen izan emandako itxuraren parekoa.

Publizitatea

Sortu kontua
Ainara Arratibel Gascon Ainara Arratibel Gascon

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak