OSASUNA. 2. LAS PALMAS. 2
Modurik mingarrienean

Golak. 1-0: Roberto Torresek, penaltiz (7. min.). 2-0: Sergio Leonek (45. min.). 2-1: Vicentek (57. min.). 2-2: David Garciak (91. min.). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Osasunako Unai Garciari, Faustori eta Nauzeti; eta Las Palmaseko Aythamiri, Livajari, Micheli eta Tanari. Bestelakoak. 15.415 ikusle Sadarren.
Asteak zeramatzan Osasunak sasoiko lehen garaipenaren peskizan. Lehen sei partidetan ez zen irabazteko gai izan; beraz, jada egoera nahiko makurrean zegoen. Lehenbailehen zeukan suspertu beharra. Testuinguru horretan iritsi zen atzo Las Palmasen kontrako partidara. Sadarko berdegunera irten eta berehala, premia nabaritu zitzaion gorritxoei: garaipen gose handia zuten. Hainbeste amestutako saria lortzear izan ziren, baina zorteak, atzera ere, bizkarra eman zien. Futbolaren alderdirik ankerrena ezagutu zuen atzo, garaipenak norgehiagokaren azken hatsean egin baitzien ihes. Modurik mingarrienean agur esan zioten hainbeste behar eta desiratzen zuten garaipenari.
Neurketari kementsu ekin zioten gorritxoek, beldurrik gabe, azken asteetako emaitzak ahaztu izan balituzte bezala. Ausardiak saria izan zuen, partida hasi eta berehala sartu baitzuten lehen gola. Kevin Prince Boatengek baloia eskuarekin ukitu zuen area barruan, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Ez zuen barkatu Roberto Torresek, Vila-realen egin bezala. Hortik aurrera, gorritxoek ideiak oso garbi zituztela erakutsi zuten. Atzean sartu ziren, eta zirrikitu guztiak itxi zizkioten Las Palmasi, zelai erdiko lerroaren lan bikainaren laguntzaz. Baloia bisitariek zuten nabarmen, baina ez zeuden batere eroso, ez baitziren gai taxuzko jokaldiak egiteko.
Halako egoeran, Osasuna zen eroso zegoena. Une oro bere zelaian sartuta, bai, baina bere arean gehiegi sufritu gabe. Erasoko jokoari zerbaiterako egin zion muzin. Las Palmasi min egiteko zuen aukera bakarra Sergio Leon aurrelariak jokaldiren bat asmatzea zen. Eta lehen zatia amaitzear zela, jokaldia ez, maisulana asmatu zuen aurrelari espainiarrak. Roberto Torresen pase luze bat jaso, arean sartu, eta David Garciari hirutan izkin egin ostean, baloia hanka azpitik sartu zion Lizoain atezainari. Horrenbestez, 2-0ekoarekin joan ziren gorritxoak atsedenaldira.
Eskarmentu falta
Zaleak nahiz jokalariak gozatu galanta ari ziren hartzen. Aski izan ziren 45 minutu taldearen inguruan sortutako kezka guztiak ahazteko. Alabaina, oraindik norgehiagokaren erdia falta zen. Las Palmas gozakaitz zebilen, baina nafarrak ezin ziren lokartu. Izan ere, Espainiako taldeak goi mailako jokalariak ditu, eta gutxien espero den momentuan, min egiteko gaitasuna dute. Horrela iritsi zen 2-1ekoa: Osasuna ondo zegoen paraturik zelaian, kontrolpean zuen partida, baina area ertzetik egindako erdiraketa batean baloia sareetara bidali zuen Vicente Gomezek. Berenguerrek hegalean ez zuen behar bezala presio egin, eta area barruko zaintzan ere gorritxoak ez ziren fin ibili.
Hortik aurrera, artega aritu zen Osasuna, esku artean zuen saria galtzeko beldurrez. Las Palmas itsu-itsuan joan zen erasora, baloia behin eta berriro erdiratuz gorrien areara. Etengabea zen bisitarien jazarpena. Gorriei partidaren kontrola mantentzeko eskarmentua falta izan zitzaien, eta, hala, 91. minutuan, Las Palmasek, gola sartu, eta berdindu egin zuen, korner bateko aldaratzea baliatuta. Kolpeak hotz utzi zuen Sadar. Enrique Martin Monrealek, ordea, ezin izan zuen bertatik bertara ikusi amaiera mingarria. Osasunaren lehen golaren ostean ondoezik sentitu zen, eta aldagelara eraman zuten. Hobera egin zuen, baina Nafarroako Unibertsitateko Klinikara eraman zuten, badaezpada, iaz ere bihotzeko arazoak izan baitzituen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.