Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia «Gero eta gehiago dira eliteen gorpuzkera duten saltzaileak»

Publizitatea

Ekonomia

Arropa denda handiak. Elkarrizketa. Jose Luis Moreno Pestaña. Filosofoa

«Gero eta gehiago dira eliteen gorpuzkera duten saltzaileak»

Mezu apokaliptikorik ez du eman nahi ikerlariak, uste baitu borrokarekin langileek baldintzak hobetu ditzaketela. Dendarientzat muturreko argaltasunak lan arrisku izan behar lukeela dio.
Argazkia: BERRIA

2017-04-30 / Irune Lasa

Gorputza eta gaitza da Jose Luis Morenoren (Linares, Espainia, 1970) ikerketa lerroetako bat. Dendariak, zerbitzariak... hainbat emakumerekin elkarrizketak eta eztabaidak egin ditu kapital erotikoa ikertzeko, eta azterketaren ondorioak bi liburutan ditu jasoak: Moral corporal, trastornos alimentarios y clase social (Gorputzaren morala, elikadura nahasmenak eta klase soziala) eta

iaz argitaratutako La cara oscura del capital erótico. Capitalización del cuerpo y trastornos alimentarios (Kapital erotikoaren alde iluna. Gorputzaren kapitalizazioa eta elikadura nahasmenak).

Logikak dio jantzi denda baterako saltzailea kontratatzean haren kualifikazioa hartu beharko litzatekeela aintzat, zein esperientzia duen, nolako eskua saltzeko... Praktikan hala da?

Arropa saltzaileen eredu desberdinak daude, baina bi eredu nagusiak hartuko ditugu. Bat, salmentaren profesionala da; gustu, estilo eta gorputz askotariko erosleei arropa saltzen dakiena. Halako saltzaileak hartzen ziren probintzietako hiriburuetako moda dendatan. Oso gazterik hasten ziren han lanean, eta denborarekin, esperientziarekin, bezeroak kudeatzeko gaitasuna zuten langile bilakatzen ziren. Egungo merkataritza saltoki handiek eredu hori ezabatu dute? Ez. Baina, haietan, gero eta gehiago agertzen da beste eredua: elitearenak izan ohi diren gorpuzkera eta janzteko estiloaren antzekoa duten saltzaileak; lan hori denboraldi baterako soilik nahi izaten dute; goi klasekoak ere izan daitezke, eta mediku edo abokatu izan bitartean lantxo bat nahi dutenak. Saltzaile eredu horrek enpresari balio dio haragitzeko —zentzu literalenean, euren gorputzarekin haragitzen baitute— emakume, edo gizon, estilo jakin bat, bikain bat, horretara zuzendu nahi dute-eta dendek.

Zein da horren ondorioa? Goi klaseetan eta klase ertainean argaltasuna ia erlijio bihurtu denez, lirain irauteko erritual eta guzti, eta denden helburua, hain zuzen, goi klaseak eta klase ertaina direnez, saltzaile prototipoak azken eredu horretakoak dira, betiere grosso modo hitz eginez. Baina denda guztiak ez dira berdinak. Nire liburuan erakusten dut saltzaile eredu desberdinak daudela, batzuetan denda berean edo baita kate berean ere.

Dendako arropa jantzi beharrak berak ere mugatzen du saltzaile estiloa, ezta?

Ez da denda guztietan gertatzen hori; eta denda guztiek ere ez dituzte halako jantzi neurri erasokorrak erabiltzen. Neurriekin, arazo nagusia da 42 batera joan eta egiaz 38 bat dela, Tokion edo Los Angelesen erabiltzen diren jantzi neurriak direlako. Mairena del Aljarafeko [Sevilla, Espainia] bati Tokio erdiko neurria ematea da arazoa. Edonola ere, lan baldintzak gehiago errespetatzen diren dendetan, soldatekin, hitzarmenekin, sindikatuekin —gutxienez CCOO eta UGTz ari naiz, ez enpresako sindikatu horiez—, saltzaile eredu desberdinak egoten dira, baita lodiak ere.

Eta badaude borrokarekin kate horiek haustea lortu duten langileak ere. Gertatzen da dendariren batek aurrera egitea saltzeko duen abileziagatik, nahiz eta oso gizen egon.

Eredu desberdinak egon badaude, hori egia da, eta, gainera, oso kontuz ibili behar da gaiaz ikuspegi apokaliptikoegia ez emateko, batez ere langileen borrokarako gaitasuna bultzatu nahi bada. Badaude beste moduak-eta. Adibidez, H&M ez da horren basatia. Izan ere, Suediako konpainia bat da, eta Suediako kapitalismoa ez da Ortegaren herrialdeko kapitalismoa. Sindikatuen presentzia handiagoa da H&Mn, eta kontsumitzaile gisa ere H&Mn neurri gehiagotako jantziak topa ditzakezu.

Dendetako saltzaileen kasuan, Muturreko argaltasuna laneko arriskuen barnean sartu beharko litzatekeela esana duzu. Argal egoteko eskatu, baina ez zaie erraztasunik ematen, kontrara.

Erabat. Edo sekulako zorte biologikoa duzu —gorputz lirain, argala jaiotzetik, 14 urteko batena dirudiena 35 urte eta bi haur izanda gero—, edo, bestela, zure morfologia zaintzeko eta neurriari eusteko dirua eta denbora librea dituzu, gimnasio batera joan zaitezke egunero eta astia duzu gutxi gizentzen duten otorduak prestatzeko. Baina, jakina, 10-11 ordu egin behar baldin badituzu lan egunero, asko jota mileurista bazara... Are gehiago, komisioka lan egiten baduzu, eta jatorduari denbora kenduta gehixeago irabaz badezakezu... Gainera, arropa denda batzuetako langileek lan fisiko handiagoa egiten dute gizonezkoenak izan ohi diren hainbat lanbide proletariotan baino.

Eta, maiz, sorgin gurpil bat abiatzen da. Ez duzu jaten, ez duzulako astirik eta daukazun otorduak gizendu egiten duelako, eta zuk argal egon nahi duzu, eta, gainera, esfortzu fisikoa duzu... Niretzat, lotura argia dago zenbait enpresatan saltzaileek gora egiteko egin behar duten bidean eta nozitzen dituzten elikadura nahasmenen artean. Zenbaterainokoa den? Ez dakit, ez baitut azterketa horretarako baliabiderik izan. Nik ikerketa kualitatiboak egin ditut, jendearekin hitz eginez. Baina uste dut arazoa nahiko orokortua dagoela. Deigarria da, esaterako, elkar ezagutzen ez zuten saltzaileen arteko hiru eztabaida talde egin, eta, guztietan, lanarekin lotutako anorexia edo bulimia zuten lankideak ezagutzea saltzaile horiek.

Arazoa gordinean agerrarazteko xedez bi alternatiba filosofiko-moral aipatzen dituzu. Bata: debeka dezatela gorputz neurriagatik diskriminatzea, arrazarekin-eta egiten den moduan. Zergatik ez da debekatzen?

Hasteko, gizartearen gehiengoak halako lan praktiken aldeko botoa ematen duelako denda horietara erostera joatean; eta arropa hori jantzi nahi izatean. Sevilla erdialdeko arropa denda horietatik oso hurbil bizi naiz, eta badirudi Macarenako Ama Birjina aterako dela, jendea eta turista guztiak haiek zabaldu zain egoten dira! Bestalde, sindikatuei ez zaie alor hau interesatzen. Sindikatuen ekintza sindikala ez dago emakumeentzat egokitua, eta paradoxa da hori, langile klasearen gehiengoa zerbitzuen sektorean jarduten delako, eta sektore horretan emakumeak direlako gehiengoa. Eta, bestalde, gai hau ez dago feminismoaren agendan. Badaude boikot ekintzak, baina agenda nagusian ez dago.

Beste alternatiba filosofiko morala: utz ditzagun hipokrisiak, idatz dezagun idatzi gabeko legea eta aintzat har dezagun gorputzaren kapitala, kapital erotikoa.

Eta horrela, saltokiek euren saltzaileen kualifikazioa aitortu beharko lukete, eliteko gorputz bati eusteak lan asko eskatzen du eta. Azkenean, suhiltzaileei gorputz neurri eta estilo jakin bat eskatzen zaien moduan, arropa saltzaileek aukera izan beharko lukete ariketa fisikoak egin eta otordu egokiak izateko, horren araberako ordain eta baldintzekin. Hori bai, ni ez nago ados bide horrekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak