Albistea entzun

LARREPETIT

Doraemon neska ote den

Miren Amuriza -

2016ko uztailak 7

Zalantzati dator lagun baten bost urteko semea: Pauleolabek esan ei dio Doraemon neska dela. Ahor ba, umezaroko galdera eternoa bueltan: zenbatetan ez ote genuen eztabaida hori izan? Akordatu naiz figura femeninotzat nuela neuk ere (emakume ahotsa zuelako, gogoetatsua, trankila, zaintzailea zelako...). Asko pentsatu barik erantzun diot izatekotan arra edo emea izango dela, animalia baita Doraemon, «neska» eta «mutil» pertsonei deritzela. Baina berehala irakurri dut bere bekoki zimurtuan ez duela lar argi katu kosmikoa animalia, pertsona edo zer beste ote den; zutik ikusten baitu, berbetan, irriz, negarrez... Orduan galdetu diot ea bere ustez zergatik den mutila. Ba neska Dorami delako, diost. Eta konturatu naiz sailkapen mekanismo binarioa, konparatu-kokatu, zeinen zuzen prozesatzen duen (eta zeinen goiz!). Alegia, haren burutxoan, Doramik hertsiki erantzuten dio estereotipo femeninoari (protagonistaren antzekoa da baina masail arrosa, betile luze eta lazo gorriarekin) eta Doraemonek kanpo ezaugarriok ez dituenez, maskulinoa behar du izan.

Marrazki bizidunetako animaliak humanizatzeko pertsona izenak jarri ohi dizkiete, rol jakinak esleitu edota irudiak eurak moldatu (arropak, fakzioak, gorpuzkerak...). Modu horietan generoa hainbeste markatuta, deigarria da zelan sexua ezabatzen dieten; biluzik dabiltzanek ere egundo ez baitute genitalik agerian izaten. Besterik da zentsura horren atzean zer dagoen, baina badira pertsonaiak umeekin genero eraikuntzaz berbetako interesgarri izan litezkeenak, zelan egiten den beti ere...

Azkenean esan diot berdin diola Doraemon zer den, Pauleolabek modu batean ikus dezakeela eta berak bestean. Eta orduantxe, berdin diola esan orduko, mezuaren kontraesanaz ohartu, neu aritu bainatzaio ordu laurdenez neskak eta mutilak bereizten. Ikasi, desikasi, ikasi, desikasi...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.