Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Gureak

2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Guk uste genuen eliza bi zeudela: gurea eta bestea. Ikusi genuen Spotlight zinema aretoetan, baina ez genuen pentsatu nahi izan hemen ere halakoak gertatzen zirenik. Filmak kontatzen du nola 2002an Bostoneko egunkari batek argitaratu egin zituen urte luzeetan zenbait apaizek umeei egindako sexu gehiegikeriak. Guk nahiago izan genuen pentsatu hemengo apaizak jatorrak direla. Jaungoikoak gure herrietara bidalitako ordezkariak maite ere, maite izan ditugu: ez denak, baina asko bai. Federik ez dugunok ere sinetsi egin dugu abade onak daudela hemen. Eta umeen lapurretei buruzko filmetan mojak bakarrik zirenez gaiztoak, fraideen susmorik ez du inork hartu.

Guk sinetsi dugu izatez badiren abade jator horien modukoak direla beste guztiak. Min ematen dit erratuta egon garela onartu beharrak. Badira maite ditudan abadeak, fraideak eta mojak. Errealitatea, ostera, gordina da: gure elizetan ere pederastak egon dira. Eta seguru nago Elizak, instituzioak berak, bazekiela. BERRIAk urtarrilaren 13an argitaratutako gertaeraren arabera, gutxienez, begirale bi eta abade bat baziren Mendizabalek egindakoaren jakitun. Zaila da ulertzea gotzainak ez duela inoiz ezer jakin. Logikak esaten digu gauzak mediatizatu diren arte isilik egon dela Gipuzkoako Eliza: ezer ez zekielako baino gehiago, ezer esateko presiorik sentitu ez duelako.

Beldurra ematen dit gure herrietan gertatu denak edo gertatu zitekeenak, baina, aldi berean, jakin egin nahi dut. Jakin egin nahi dut nor diren, euren dotrina betetzeko gai ez, eta besteen bizitzetan eragiten saiatzen diren horiek. Eta ez nago ados honetan guztian zelibatuaren gaia sartzen dutenekin. Pultsio sexual asegabeak dituenak sexu langileengana jo dezake, edo neska laguna izan dezake ezkutuan, edo mutil laguna izendatu dezake bere idazkari, askok egin izan duten moduan. Umeen babesgabetasuna aprobetxatzea doilorra da, zurkaitza da, gizatxarkeria erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.