Albistea entzun

LARREPETIT

Nor haiz?

Julio Soto -

2014ko abenduak 31

Hire zain ematen diagu urte erdi, noiz etorriko, noiz iritsiko. Beste erdia, lehen erdia, egindako promesak betetzen ahalegintzen gaituk, ahalegintzen edo, zerura begira igarotzen diagu. Noiz irekiko zirrikitu bat, noiz zabalduko lainoak eta jaitsiko eskatu diagun hori. Iruditzen baitzaiguk hik ekarriko diguala, hiri dagokiala behar diagun hori ematea. Ez zaukaagu guk denborarik alferrik galtzeko. Nahikoa galtzen diagu hiri eskariak egiten. Hik ere zerbait egin beharko duk, ala?

Ez zakinat arra ala emea haizen. Badaezpada bietan egingo dinat. Urtero-urtero hator, baina beti desberdina haiz. Hala ere, gure errua dun hi ez ezagutzea. Hatorren orduko, hurrengo urtean datorrenari begira hasten baikaitun, hi ezagutu, hi gozatu gabean. Etsi egiten dinagu lehen erdian, desesperatu egiten gaitun. Gure amets, gure promesak putzu antzuetan itotzen dizkigun. Eta gorrotatu egiten haugu. Agian, gehiegi eskatzen dinagu, hiri gehiegi edo geure buruei gutxiegi. Ez zakinat. Baina hirekin haserre bukatzen dinagun orduko, jartzen gaitun etorriko duan hari begira, hark bai, hark emango zigun hik nahi izan ez dunana. Irekiko dun zerua eta jausiko dun amets, promesa, gogo hori.

Badakik? Azken aldian ondorioztatu diat gugan bizi haizen fantasia bat besterik ez haizela. Ez haizela ez ar, ez eme. Ez haizela ezer. Behar haugulako sortu haugula, behar diagulako sinetsi gaurtik biharrera aldatuko duala zerbait gure bizitzetan. Esnatuko gaituala, eta izango diagula barruan zerbait berri.

Oraina bizitzen ikasten ez dinagun artean beharko dizkinagu mugarriak, data bereziak. Beharko dizkinagu hire zerbitzuak. Unea dastatzeko kapaz ez gaitunan bitartean jarraituko dinagu hiri erregutzen, jarraituko dinagu hire zain. Atzera eta aurrera begira. Bihar ere zabalduko dizkinagu begiak eta...

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...