Manex Agirre.
LARREPETIT

Errelatoa

2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Lan kontuek horretara eramanda, hara non iritsi zitzaidan esku artera pieza arkeologiko bikain bat, joan den udaberrian, eta hor nabil oraindik, burutik ezin kendu. Afixa bat da, tamaina handikoa eta koloretsua, AEKren material didaktikoaren parte, eta 70eko hamarkadaren amaierakoa behar du izan, edo 80koaren hasierakoa. Ikasleek, ikusia hitzez deskriba zezaten, eguneroko eszena bat dago bertan marraztua. Eta, marraztutakoak, bortizki, salto egiten du XXI. mendeko gure begi narkotizatuetara.

«Haurtzaindegia» jartzen du hizki larriz goialdean. Eskolako jolastokia dugu aurrean: ume bat zutik dago, eta amantala altxatu du, pitilina erakusteko. Beste bat du ondoan, makurtuta, eta hankartera zuzentzen dio atzamarra, irriz. Hirugarren bat ere badago, lau hankan, pottotta bistan. Eta izkina batean bi irakasle daude tertulian. Ez umeak, ez irakasleak, ez dira ohartzen, ordea, inspektore (polizia?) itxurako mustatxadun gorbatadun bekainbakar bat datorrela eskolako eskaileretan gora, eta begi aurrean duena ez duela batere gustuko.

Gustura egin nuen, lehen aldiz ikusitakoan, garai hartako AEK-ko ikasleen lekuan jarri eta ikusitakoa hitzez jartzeko ariketa. Baina geroztik hor geratu da durduza. Irudiak ez du kontatzen erakusten duena bakarrik, noski. Haurtzaindegia askatasunaren eremua da, umeak biluzik, euskaraz. Kanpotik dator indar errepresiboa. Garai hartan balio didaktikoa zuen irudi bat zentsuratu egingo dizute sare sozialetan gaur. Eta, are okerrago, ikasleak doktrinatzen ari zarela esango dizute, erabiltzen baduzu. Gustu txarrekoa, manikeoa, ideologikoki lerratua. Ea zer mezu ari garen ematen euskarara dakartzagunei.

Galdera hor doa, «zuen» garaian halakoetan sinetsi zenutenoi, eszena hori zer iruditzen zaizuen gaur egun. Hori erantzun ondoren, hasiko gara pentsatzen gerora jaiotakook, oro har, jaso dugun legatua zein den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.