Julio Soto.
LARREPETIT

Terroristak

2014ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Isilik egotea egozten diogu askotan munduari, injustizien aurrean mutu geratzea. Irekitzen ez diren ahoek, zabalik daudenetan jakirik ez sartzea babesten dutelako; hitzik ateratzen ez duten ahoek, garrasika daudenetan balak sartzen dituztelako.

Beste aldera begiratzea leporatzen diogu askotan munduari, basakerien aurrean burua okertzea. Irekitzen ez diren begiek, ez dituztelako haurrak jantziko ditugun arropak josten ikusten; albora begiratzen duten begiek, ez dituztelako aurrean dagoen emakumearen begi bustiak ikusten, besoetan daraman bonbak hildako alabaren begi odolduak atzematen.

Behatzik ez mugitzea aurpegiratzen diogu askotan munduari, ankerkerien aurrean besoak gurutzatzea. Mugitzen ez diren eskuak, torturatzaileen esku bihurtzen direlako; geldi dauden behatzek, tiro egiten dutelako.

Gutxitan egozten, leporatzen, aurpegiratzen diogu geure buruari isilik egotea, beste aldera begiratzea, behatzik ez mugitzea. Eta isilik ez egotearekin, begiak ireki eta behatzak mugitzen ditugula sinetsita bizi gara, bizi nahiago dugu. «Askotan, gehiegitan, oso maiz».

Ni ere isilik ez gelditzearekin konformatzen naiz askotan, gehiegitan. Gehienera jota, beste aldera ez begiratzearekin. Badakit geldiegi ditudala besook, badakit ankerkeria askoren konplize ttiki bat naizela ni ere. Baina ahoa ireki eta badatozkit hitzak:

Nobel saridun terrorista bat haiz, Barack. Ez haiz isilik egotekoa, Israeldarrek defendatzeko eskubidea omen zeukatek, defendatzekoa? Ongi irekiak dauzkak begiak, ikusi dituk umeen gorpu zatituak lurrean, urteetako begi odolduak, lur lapurtuak. Ez hago beso gurutzatuta, armak prestatzen dizkiok Netanyahuri, Netanyahuri ere. Hi ere, Benjamin, hiltzaile koldar bat besterik ez haiz, nazka ematen didak. Eta hi, Ban Ki-moon, eta hi…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.