LARREPETIT

Antza & Brecht: Presoak I

Hedoi Etxarte -

2014ko abenduak 27
Injustizia bat denboran luzatzen denean ez dira soilik kolpatutakoak enkistatzen. Politika partidista ekoizten dutenak gotortzen dira, gero higatu. Kausa horren alde dauden arte ekoizleek ere, injustizia pentsatu eta estetikoki aurre egin nahi diotenean topiko zaharrak makillatzen dituzte. Logika materialak determinatzen ditu eztabaidak: fusilen jo-puntuan ez dagoenak denbora dauka polemizatzeko, ez ditu muntaia polizialen fidantzak ordaindu behar saloietako disidentea delako, ez du lepoa burukoan jartzen akaso-gaur-gauean-atea-zartatuko-didate posturarekin.

XX. mendeko idazle adierazgarri guztiak bezala, politikoa izan zen Brecht. 1931n Gorki-ren Ama nobela sozialista antzerkira moldatu zuen. Antzezlaneko pasarte batean, ama, Pavel seme presoa bisitatzera doa. Bisita amaitzean Pavelek abesten du: «Kodeak dauzkate eta disposizioak. Presondegiak dauzkate, eta espetxeak. [...] Ondo ordaindutako kartzelariak dauzkate eta epaileak, eta denerako prest daude.

Tira, eta zer? Uste dute horregatik kikilduko garela? Alde egin aurretik —eta laster joango dira— jabetuko dira horrek guztiak ez diela ezertarako balio jada.

Egunkariak dauzkate eta inprentak geure kontra egiteko eta geu isilarazteko. [...] Ondo ordaindutako apaizak dauzkate eta irakasleak, eta denerako prest daude. Tira, eta zer? [...] Tankeak dauzkate eta kanoiak, metrailadoreak eta granadak, [...] Gaizki ordaindutako poliziak dauzkate eta soldaduak, eta denerako prest daude».

Oso triunfalista da Pavel: preso dago. Europa espetxez ereiten ari dira eta jarrera bat dago aldarrikagarria. Mikel Antzak kontatzen du bere semearen zaintzaz arduratu ziren kideak borroka armatuaren aurka zeudela. Eta ordea «elkartasun iraultzailea, baina ez ideologikoa» praktikatzen zutela.

Zazpi preso gehiago daude Europan, honakoan anarkistak dira.