Julio Soto.
LARREPETIT

Bizitza

2015eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Guztia ematen dizu bizitzak sortzean. Guztia ematen zaizu bizitza sortzean. Opari berdingabe. Opari eder.

Zabaltzen dituzu begiak han, zabaltzen hemen. Urrezko teilapean edo teilarik gabean. Gorputz oso, gorputz eri. Gurasodun, umezurtz. Bakearen bandera zuriko herrian, gerraren erdian. Baina guztia ematen dizu bizitzak sortzean. Ederrak badira hemengo egunsentiak, ez baitira ilunagoak hangoak.

Margotzen dizkizu elur malutak zeruan behera jolasean. Elkarri sekretutxoak esanez. Atera ditzazun txanopetik belarriak eta entzun ditzazun kontutxoak. Erakusten dizkizu euri tantak lurra besarkatzen, kristalean behera irristatzen, zu musukatu nahian. Zintzilikatzen dizu egunero eguzki irribarretsu bat, egin dezazun zuk ere irribarre hari begira. Itxi ditzakezu begiak eta sentitu dezakezu bizitza sudurretik sartzen, azalean itsasten, belarrietan sortzen. Bizirik zaude.

Beti da udaberri sortzean. Loratzen baita zelai ederrenetan maitasuna. Kolore morez, kolore berdez. Eta ez zaitu sekula abandonatuko. Ez duzu maitasunari maitasun pixka bat itzultzea baino. Eta maitatuko zaitu, maitatuko zaituzte. Beti egongo da besoak zabalduko dizkizun norbait, goizetan kantuz esnatuko zaituen txoritxo bat.

Lur amaigabe bat ematen dizu, lur infinitu bat. Egin dezazun bidea eta ikusi ditzazun lur berriak, ezagut ditzazun jende anitz. Jaiotzen zara pauso berri aldiro. Zu zara, baino ez zara atzoko zu. Bizirik zaude.

Eta maitemintzen zara bizitzarekin, bizitzearekin. Gero eta argiago ikusten duzu oparia, gero eta opariago. Saiatzen zara lazoa pixkanaka-pixkanaka askatzen, papera ahalik eta gutxien behartzen, gutxien askatzen. Ez dadila amai, ez dadila buka. Ederra baita.

Baina bizitzak guztia kenduko dizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.