Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Catalin

2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Erriberako arkupeetako kartelei esker dakit, jakin, zer egoten den Bilboko Arriaga antzokian. Pasaeran irakurtzen ditut iragarpenak. Azken boladaotan «Catalin» zioen kartela zegoen. Kartel zuri bat okupatzen zuen egurrezko aulki batek. Odol tantak zituen aulkipean, eta liburuxka zaharrak inguruan. Ikusi ostean nolabaiteko pentsamendu-hondarra utzi zidan kartelak, baina besterik ez. Egunak joan egunak etorri, gorriz ezabatua zuen izenarekin geratu nintzen egunetako batean: Rita de Barrenechea. Bera da egilea. Ez nuen ezagutzen. Hasieran, asmatutako zerbait zela pentsatu nuen; eraikitako istorioa, antzezlana janzteko sortutako zerbait, amu bat. Googlek, baina, (ia) dena daki, eta bere izena sartu ondoren benetakoa zela jakin nuen. 1783an kaleratu ei zuten Catalin antzezlana Jaen-en (Andaluzia). Antzezlanak ez dauka xarma handirik; emakumeak, berriz, jakin-min itzela eragin zidan.

1750ean Portugaleten jaio omen zen, aristokratikoa zen familia batean. Aita Portuko markesa zen (Bilboko kalea bera zor ote zaio?), eta ama ere, markesa. Izango ote zen markesaren alaba, marineruarekin enamoratuta zegoen hura? Batek badaki. Kontuak kontu, Carpioko kondearekin ezkondu zen eta berarekin ibili zen Espainiatik hara eta hona. Francisco de Goyak egin zion margolana ezaguna da. Jovellanos eta Albako dukesaren laguna izan zen. Espainiako ilustrazio sasoiko lekuko eta parte hartzailea. Feminista. Idazlea. Ezezaguna. Haren gaineko gauzak irakurrita, badirudi emakume ospetsua izan zela bere garaian, baina guk ez dugu ezagutu izan oraintsu arte. Nik behintzat, ez. Ez naiz kalera ezelango inkesta egitera joango. Evaristo Bustintza Kirikiñoren jaiotzaren 150. urteurrena izango da bihar, eta hura ere, seguruen, inor gutxik ezagutuko du. Emakumea hautsa batzen egon da luzaroan. Irakurle maitea, pentsatu al duzu hauts horien artean zenbat emakume gehiago ez ote den egongo? Nik bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.