Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Intimitatea

2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Zer da intimitatea? Pierre-Auguste Renoir-en erakusketa zabaldu berri da Bilboko Arte Ederretako Museoan. Banuen ikusteko asmoa, baina ez hain goiz. Lagun batek azaldu zidan artearen historian aditu zen batek, emakumezkoak, esan ziola erakusketa gizonezko begirada batetik eraikita zegoela, eta horrek nigan interesa piztu zuen. Asteazkenean, Bilboko museo honetan ez da sarrerarik (ber)ordaindu behar, eta hara batu zen mundu bat. Intimitatea, zero. Gozamena, txikia. Berriz diotsut, zer da intimitatea? Emakume batek arropa eranztea, ibai ertzeko dzangaren ostekoa, pentagrama irakurtzen ari den bitartean pianoa jotzen duen emakumearen irudia intimitatea ote dira? Bai eta ez. Ez dugu guk, begiraleok, intimitatearen neurria ezartzen? Ni Renoirrek hautatutako margolanen izenburuei adi-adi izan nintzen. Izan ere, osterantzeko azalpen oro interpretazio soilak iruditu zitzaizkidan. Lorontzi berdea izeneko margolana dut gogoan. Emakume bat ageri da lehen planoan, begirada beregana dihoakizu, eta bazter batean, lorontzi berdea dago. Lorontzia emakumea baino garrantzitsuagoa iruditu zitzaion, nonbait.

Oslon jaiotakoa da Jostein Gaarder idazlea. «Beharbada, irmo eta ausardiaz elkar topo egiten duten begirada bi baino intimitate handiagorik ez da existitzen», esan zuen. Intimitatea, zer da? Marina Abramovic serbiar artistaren performance bat etorri zitzaidan akordura: New Yorkeko Moma museoan egin zuen The artist is present. Egun batzuk eman zituen, aulki batean jesarri, eta aurreko eserlekuan jartzen zen edonorekin, begietara begiratuz, isiltasuna konpartitzen. Bere mutil-laguna izan zen Uwe Laysiepen (Ulay) agertu zenean, unerik hunkigarriena bizi izan zen (sarean ikus dezakezu). Elkarri begietara begiratzea baino gauza intimoagorik bada? Ez zaitez asteazken batean joan Renoirren erakusketa ikustera, ez duzu intimitaterik aurkituko... eta bestela ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.