LARREPETIT
1917 mitorik gabe
Historia ez da errepikatzen. Baldin eta ez dugun historiaren ikuspegi fetixista bat. Baldin eta ez dugun historia mito bat bezala ulertzen.
Aurten ere Susan Buck-Morss-en liburuak ezinbesteko tresna intelektual bat izango dira —esango nuke gure garaia hobekien ulertu duen pentsalari bat dela eta, beraz, urtero irakurri beharko dugula, berdin Islama edo China ulertzeko, edo XX. mendeko eta egungo artearen bidegurutzeak ulertzeko—. Epifaniaz epifania, ideien estasian sartuta irakurtzen da The Dialectics of Seeing (gazteleraz Dialéctica de la mirada). Balio digu ulertzeko XX. mendean erdituko zen langile mugimendu antolatuak nola joan ziren ernaltzen XIX. mendean. Ze aldaketa komertzial eta logistiko garrantzitsu gertatu ziren XIX. mendeko Europan. Bai. Walter Benjaminen Igarobideei buruzko liburu bat da. Beraz bokazio oroesplikatzaile bat zuenez harenak ia edonorentzako liburu bat da Buck-Morssena ere.
Buck-Morssek azaltzen du mitoan denbora predeterminatua dagoela. Jainkoek gertakizunak zeintzuk diren erabaki dutela jada. Orakuluek eta testu sakratuetan dena dagoela idatzia. «Zentzu hertsian —Buck-Morssen arabera— mitoa eta historia ez dira bateragarriak. Lehenengoak preskribitzen du gizakiak inpotenteak direla patuan interferitzeko, ezin dela ezer benetan berririk gertatu. Historiaren kontzeptuak, ordea, gertakizunetan izakiak izan dezakeen eragina nabarmentzen du, horrekin batera daukan ardura moral eta politikoa» azpimarratuz.
Beraz bai, esan daiteke, XX. mendearekiko nostalgia dela XXI. mendean izan daitekeen posiziorik anti-iraultzaileena. Afera material eta kronologiko xinple batengatik. 1917ko sobietar urria egin zutenek ez zuten plan itxi bat, ez zuten aurrez sortutako ikonografia bat. Eta XX. mendea ez da itzuliko. Ospa dezagun 1917a, beraz, ikasiz, Nadezhda Krupskaia irakurriz, adibidez. Bereziki 1917 aurreko urteez ari zaigunean. XX. mendeak erakutsi digu maitasuna ez dela elizako zeremonia batekin hasten. Eta iraultza ez dela Neguko Jauregia hartzea. Iraultza direla bost hamarkada aurretik, eta bost ondoren.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.